Mikel Arregiren hilketaren zigorgabetasuna salatu du herri ekimenak

Mikel Arregi Gogoan taldea sortu berri da, eta Lakuntzako zinegotziaren memoria gordetzea du helburu. 1979ko azaroaren 11n, Etxarri Aranazko kontrol batean Guardia Zibilak tiroz erail zuen HBko hautetsia.

Iruñeko agerraldia. @FM983IRRATIA
joxerra senar
2019ko urriaren 30a
16:06
Entzun

Berrogei urte iragan dira, baina Mikel Arregi ez da indarkeria polizialaren biktima gisa aitortua izan. Horregatik, Mikel Arregi Gogoan plataforma osatu berri da, eta gaur goizean jakinarazi du hurrengo asterako hainbat jarduera antolatu dituztela. Taldearen helburua da zigorgabetasuna salatu eta haren memoria gordetzea. "Jarraitzen dugu aldarrikatzen polizia indarrek erail zutela Mikel eta egia azaleratu behar dela".

Lehenik eta behin, azaroaren 9rako, mahai inguru bat antolatu dute Lakuntzako kultur etxean. Han parte hartuko dute polizia indarkeria jasan duten hainbat biktimaren senideek: Fermin Rodriguezek (German Rodriguezen anaiak), Txaro Arregik (Mikel Arregiren arrebak), Eneko Etxeberriak (Jose Miguel Etxeberria Naparra-ren anaiak), Nerea Zabalak (Josu Zabalaren arrebak) eta Idoia Zabalzak  (Mikel Zabalzaren arrebak).

Horrez gain, azaroaren 11n, urteurrenaren egunean, Etxarri Aranazko eta Lakuntzako udalek erakusketa bat inauguratuko dute. Egun berean, 19:30ean, lore eskaintza egingo zaio Arregiri, haren izena duen plazan.

Agerraldian gogoratu dutenez, zigorgabetasunak bere hartan jarraitzen du. 1979ko azaroaren 11n, beste hiru lagunekin autoan zihoala, Guardia Zibilak metrailetaz tiro egin zion ibilgailuari, eta, ondorioz, Arregi hil egin zen. Hiltzaileak ez ziren zigortuak izan. 1980an, oroitarria jarri zitzaion Arregiri, baina urteotan erasoak jasan ditu. "Azkena irailean bertan", salatu dute.

Gainera, 2015ean, polizia indarkeriaren biktimen legea onartu zen Parlamentuan, baina Konstituzionalak indargabetu egin zuen haren eduki nagusia. Mikel Arregi Gogoan taldearen arabera, horrek guztiak erakusten du zigorgabetasunak indarrean jarraitzen duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.