Mikel Zabalzaz galdezka: «Hemen ez dago gidaria. Non dago?»

Guardia Zibilak atxilotu, torturatu eta hil zuen autobus gidariaren heriotzaren 40. urteurrena gogoratzeko erakusketa ibiltari bat egingo dute autobus batean, azaroaren 26tik abenduaren 14ra.

Mikel Zabalzaren 40. urteurreneko ekitaldia plazaratzen gaur, Donostian. BERRIA
Mikel Zabalzaren 40. urteurreneko ekitaldia plazaratzen gaur, Donostian. BERRIA
xabier martin
Donostia
2025eko urriaren 28a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Hemen ez dago gidaria, non dago?» zioen pankarta batek, Donostiako autobus batetik zintzilik, duela 40 urteko protesta batean, abenduaren 14an. Mikel Zabalzaren lankideek Donostiako udaletxeraino eraman zuten udal autobus hori, Zabalzarekin gertatutakoa salatzeko. Bada, gertaera hori gaurkotuko dute aurtengo abenduaren 14an. Hala, autobus horri harrera egiteko deia egin dute gaur, Donostian, betiere Zabalza omentzeko eta justizia eskatzeko. Hemeretzi eguneko iraupena izango duen autobus bira baten ekitaldi nagusia izango da hori.

Mikel Zabalza 1985eko azaroaren 26an atxilotu zuten Donostian guardia zibilek, beste hiru lagunekin batera —Idoia Aierbe bikotekidea, Manuel Bizkai lehengusua eta Ion Arretxe errenteriarra—; Orbaizeta jaioterrian (Nafarroan), berriz, haren beste bi anaia atxilotu zituzten. Guztiek salatu zuten bortizki torturatu zituztela Intxaurrondoko kuartelean. Handik zortzi egunera, aske utzi zituzten, baina Zabalza ez zen agertu. Guardia Zibilak azaldu zuen Zabalzak ihes egin ziela Bidasoa ibaian, Endarlatsa aldean. Gurutze Gorriak goitik behera miatu zuen ingurua, eta ez zuen topatu. Alta, hogei egun geroago, Guardia Zibilak aurkitu zuen hilotza, eskuburdinak zituela.

Bada, aurten berrogei urte beteko dira Guardia Zibilak Mikel Zabalza Garate atxilotu, torturatu eta hil zuenetik. Hari gertatutakoaren memoria oso presente izan da ordutik, eta, urteurrena probesturik, zerbait berezia egingo dutela iragarri zuten Iruñean, irailaren hondarrean: Aezkoatik Donostiaraino, autobus batek Euskal Herriaren zati bat zeharkatuko du, eta kasuaren mugarri diren tokiak bisitatuko ditu, hala nola Bortziriak eta Bidasoa ibaia, Altza auzoa, Iruñea... Abenduaren 14an egingo dute ekitaldi nagusia, Donostian, eta horrek emango dio amaiera Mikel Zabalza 40 urte gogoan egitasmoari.

Aezkoa-Donostia

Gaur, berriz, bira horren inguruko informazio gehiago eman dute. Autobus horrek barrualdean jasoko duen erakusketa ibiltaria azaroaren 26an abiatuko da. Zabalza atxilotu zutenetik 40 urte beteko diren egunean, alegia. Hemeretzi eguneko ekinaldi bat izango da: Zabalza desagerrarazi zutenetik Bidasoa ibaian azaldu zen arteko egunetan, autobus hori Aezkoan, Erriobarren, Auritzen, Agoitzen, Iruñean, Bortzirietan eta Donostian ibiliko da, Altzan aurrena —Zabalza bizi izan zen tokian— eta erdigunean gero.

Altzako, Aezkoako eta Bortzirietako herri egitasmoek, DBuseko langileek, Torturatuen Sareak eta Egiari Zor-ek antolatu dute Mikel Zabalzaren heriotzaren 40. urteurreneko ekitaldia. «Mikel desagertua egon zen 20 egun horiek gogora ekarri nahi izan ditugu, bai eta 40 urte hauetako borroka eta herri memoria nabarmendu ere», azaldu dute egitasmoko eledunek. Autobus biraren «lehen hanka» da hori, azaldu dutenez. «Bigarren hanka zera da, egia osoaren eta erantzukizunaren aldarria egitea».

Erantsi dute Hegoaldeko administrazioek estatuaren biktima gisa aitortu dutela Zabalza, baina 40 urteren ondoren «kontakizun osoa azaleratzeko galdera asko erantzunik gabe» daudela. «Egia, justizia eta erreparazioa lortzeko bidea oztoporik gabe igaro ahal izateko oinarrizko galderei erantzuteko konpromisoak hartzea premiazkoa da, bai Zabalzaren auzian, bai Euskal Herrian tortura pairatu duten milaka herritarren auzietan ere».

Egutegia

  1. Azaroak 26-28: Donostia: Intxaurrondo eta Bulebarra.

  2. Azaroak 30-abenduak 3: Orbaizetako Ola, Auñamendi, Agoitz.

  3. Abenduak 4-7: Iruñea (Takonerako basotxoa).

  4. Abenduak 8-10: Bortziriak.

  5. Abenduak 11: Donostia (Altza).

  6. Abenduak 12-13: Donostia (DBuseko garajeak).

  7. Abenduak 14: Donostia (Bulebarra).

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.