Milaka herritar euskararen alde urratsean, Parisek entzun dezan

7.500 pertsona bildu ditu euskalgintzak Baionan. Euskararen koofizialtasuna eta Ipar Euskal Herria berreuskalduntzeko plan integrala eskatu dituzte. Akordio politikoa landuko du Euskal Konfederazioak ondoko hilabeteetan.

Euskalgintzaren mobilizazioa, larunbat honetan, Baionan. PATXI BELTZAIZ
Euskalgintzaren mobilizazioa, larunbat honetan, Baionan. PATXI BELTZAIZ
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2026ko azaroaren 21a
19:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Denon artean lortuko dugu Euskal Herri euskaldunago eta justuago bat eraikitzen». Esperantza mezu hori zabaldu du Sebasten Castet Euskal Konfederazioko koordinatzaileak gaur Baionan, milaka herritarren artean. Manifestazio jendetsua egin dute Ipar Euskal Herriko euskalgintzak deituta, euskararen koofizialtasuna eta Ipar Euskal Herria berreuskalduntzeko plan integral bat eskatzeko. Konfederazioak dei egin die herritarrei, hautetsi eta erakundeei, euskararen aldeko jarrera irmoarekin jardun dezaten. Akordio politikoa landuko dute ondoko hilabeteetan Ipar Euskal Herriko eragle politiko, sozial eta sindikalekin: «Eman gaitezen ados euskararen biziberritzea lortzeko gutxieneko baldintzetan. Bil dezagun euskararen aldeko komunitatea aniztasunetik, eta bilaka dezagun euskararen aldeko indar. Parisen aitzinean denak elkarturik, indar hori garaipen bilakatuko dugu. Euskararen aldeko garaipena!».

7.500 pertsona elkartu dira Euskararen garaia da. Euskara, gure hautua lelopean egin duten manifestaldian. Euskalgintzako eragileetako ordezkariek eraman dute lehen pankarta, Euskararen koofizialtasuna orain mezuarekin; ondoren, Ipar Euskal Herriko hautetsien ordezkaritza bat joan da. Bertan izan dira, besteak beste, Peio Dufau, Colette Capdevielle eta Iñaki Etxaniz diputatuak, Alain Iriart Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria, eta Jean Rene Etxegarai Baionako auzapeza, eta Ipar Euskal Herriko auzapez eta hautetsi andana. Hirugarren pankarta baxoa euskaraz lortzeko borrokan ari diren lizeoetako ikasleek eraman dute. Mobilizazioan zehar ozen entzun dira Euskal Herri euskaldunaren aldeko oihuak. 

«Hizkuntza politikarako bide orri argia finkatu behar duzue: borondate politikoa baldin baduzue, posible da 2050ean biztanleriaren %30a euskalduna izatea» 

EUSKAL KONFEDERAZIOA

Bukaeran, Euskal kulturgintzako hainbat kidek parte hartu dute ekitaldian, hala nola, Ximun Fusch antzerkilariak, Amets Arzallus bertsolariak eta Peio eta Pantxoa kantariek. Castetek eta Ihintz Olidenek hartu dute hitza Euskal Konfederazioaren izenean. Dei egin diete egunerokoan euskararen hautua egiten duten guztiei. «Euskaraz bizitzeko egiten duzuen indarraz gain jarrera proaktiboa izan dezazuen, ingurukoak ere euskara ikastera eta erabiltzera gomita ditzazuen, eta administrazio guzietan euskaraz aritzeko duzuen eskubidea aldarrikatu dezazuen». Dei egin diete herrietako hautetsiei, euskararen aldeko neurriak har ditzaten: «Mehatxu eta intimidazio saiakeren aitzinean kikildu gabe, herritarrentzat zerbitzuak euskaraz ere proposa ditzazuen». Dei egin diete EEP Euskararen Erakunde Publikoa osatzen duten partaide instituzionalei: «Hizkuntza politikarako bide orri argia finkatu behar duzue : Borondate politikoa baldin baduzue, posible da 2050ean biztanleriaren %30a euskalduna izatea». Eta dei egin diete eragileei eta arduradun politikoei: «Euskararen koofizialtasunaren alde borroka zaitezte! Euskaldunen hizkuntza eskubideen alde borroka zaitezte! Garaia da Parisen legeak erabakitzen dituztenek herri honen nahia kontuan har dezaten.  Frantziako Estatuak abiatu zuen linguizidioa bukatu behar da, eta plantan ezarri behar da euskararen biziberritzea ahalbidetuko duen lege esparrua».

Erasoei aurre

Euskaraz bizitzeko nahiari jartzen dizkieten «oztopo, zailtasun eta zapalkuntzak» izan ditu gogoan Idurre Eskisabel Euskalgintzako Kontseiluko idazkari nagusiak. «Orain gutxi, Baionako karrika hauetan beretan, euskaraz egite hutsagatik Etxepare Lizeoko ikasle batek Poliziarengandik jasotako zafraldia horren erakusle. Debekuen andana luzea da: ezin azterketak euskaraz egin, ezin herritar gisako arreta euskaraz jaso, ezin euskaraz lan egin...», zerrendatu du. «Euskaraz bizitzeko —eta, beraz, euskara bizi dadin— baldintzak behar ditugu: baldintza errealak; lege baldintzak, baldintza politikoak».

«Garaia da euskara ofiziala izan dadin Euskal Herri osoan, euskararen herrian. Horregatik, argi eta garbi adierazi nahi dugu gaur: euskararen koofizialtasuna nahi dugu Ipar Euskal Herrian»

EUSKAL KONFEDERAZIOA

Castetek eta Olidenek ere jomugan izan dituzte «euskarari buruz inolako axolarik ez duten tokiko hautetsiak», epaitegietako prokuradore eta epaileak, Hezkuntza Ministerioko ordezkariak, eta prefeta eta suprefeta: «Entzun gaitzatela euskararen garapena oztopatzen dutenek, euskaldunak erasotzen gaituzten guziek: Euskaraz bizitzeko hautu kolektiboa egiten dugu, eta ez gaituzue geldituko».  Aldarrikatu dute garaia dela euskaldunen oinarrizko hizkuntza eskubideak errespetatuak izan daitezen. «Garaia da euskara ofiziala izan dadin Euskal Herri osoan, euskararen herrian. Horregatik, argi eta garbi adierazi nahi dugu gaur: euskararen koofizialtasuna nahi dugu Ipar Euskal Herrian».

Euskalduntze masiboa

Izan ere, Euskal Konfederazioak oroitarazi du frantsesa dela Lapurdin, Behe Nafarroan eta Zuberoan izaera ofiziala duen hizkuntza bakarra. «Kasu hoberenetan, euskara itzulpen hizkuntza izatera kondenatua da», deitoratu dute. «Frantziako Estatuak euskara bigarren mailako hizkuntza izatera mugatu nahi du. Eta gisa horretan, pixkanaka desagertzera kondenatu». Adierazi dute «diskriminatzailea dela» euskarari trabak jartzea. «Euskaldunak ez gara bigarren mailako herritarrak izaten ahal gure lurraldean». 

Euskararen koofizialtasuna aldarrikatu dute, baina ameskeriarik saldu gabe. Izan ere, jakitun dira koofizialtasun estatusa ez dela egun batetik bestera lortzen den zerbait; eta jakitun dira ere euskara hizkuntza koofizial izateak ez duela dena konponduko. «Ez du euskara desagertzeko arriskutik aterako, eta ez ditu euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatuko». Horregatik, hizkuntza politika publiko ausartagoak eskatu dituzte: «Euskalduntze plan masibo bat behar dugu». Hemen eta orain ekin behar dela adierazi dute Euskal Konfederazioko kideek: «Garaia da euskal hiztunak errespetatzeko. Garaia da euskarari etorkizun sendoa emango dioten hizkuntza politikak plantan ezartzeko. Garaia da hautu politiko ausartak egiteko: Ipar Euskal Herriko biztanlegoaren herena euskalduna izatea».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA