Bizkaiko hainbat gizarte taldek prozesio bat irudikatu zuten atzo, eskubide sozialetan eta ongizate estatuan izandako murrizketak salatzeko. «Egungo krisi egoeran are eta beharrezkoagoak dira gizarte laguntzak. Baina Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak laguntza horiek nabarmen gutxitu dituzte, eta milaka herritar babes sozialik gabe utzi dituzte», salatu du Aitor Baldak, protesta antolatu duten elkarteen izenean.
Hauek izan dira protestan, besteak beste: Berri Otxoak, Elkartzen, Danok Lan, Barakaldoko Langabetuek Asanbladak eta Euskadiko Gazteriaren Kontseilua. «Herritar asko amildegi ertzean daude laguntzak gutxituta».
Duela urtebete hasi ziren protestekin, eta egoera ez dela batere aldatu gogorarazi du Baldak. «Alderantziz, buruan dutena are diru gutxiago ematea da. Horrek ia erabat suntsituko luke ongizate estatua».
Gogorarazi dute diru sarrerak bermatzeko errenta kendu dietela martxoan EAEko 1.064 familiari, eta horietatik 661 bizkaitarrak direla.
Laguntza horiek banatzeaz arduratzen den Bazterketaren Kontrako Zerbitzuaren egoera ere salatu dute. «Gainezka daude, eta ezin diete eskariei erantzun; ezta aurretik dauden dosierrak berritu ere. Dosierrak berritzeko lanean bederatzi hilabeteko atzerapena daramate». Horren ondorioz, familia ugari «beharrezkoa» duten laguntza hori jaso gabe daude.
Milaka lagun babes sozialik gabe daudela salatu dute
Protesta egin dute Bizkaiko hainbat gizarte taldek, erakundeek gutxitu egin dituztelako laguntzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu