Milaka lagun kalean, Palestinaren alde eta gerraren aurka: «Nahikoa da»

Ehunka pertsonak abiarazi dute Gernika-Palestinak Donostian antolatutako martxa, bi ilaratan jarrita, beltzez jantzita eta besoetan oihal zuri bat hartuta, haur erailak gogoratzeko. Antolatzaileek esan dute gerrak «mundua amaiarazteko» arriskua dagoela.

Gerraren aurkako manifestazioa, Donostian, gaur. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Gerraren aurkako manifestazioa, Donostian, gaur. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
xabier martin
2026ko apirilaren 25a
19:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Palestinako herria jasaten ari den genozidioa salatzeko eta haren «aurpegirik nabarmenena, hau da, Benjamin Netanyahu» Israelgo lehen ministroa «nazioarteko epaileen aurrera» eraman dezatela eskatzeko, milaka pertsona kalera atera dira gaur Donostian, Gernika-Palestina plataformak deituta. Talde horrek bi urte baino gehiago daramatza Palestinari elkartasuna adierazten eta Israelen sarraskiak salatzen. «Badakigu zer den gerra eta zer den suntsipena; Gernikak bizi izan zuen, eta, horregatik, ezin gara isilik geratu», gogoratu dute beste behin plataformako eledunek. Hain justu, Gernikako bonbardaketaren 89. urteurrenaren bezperan irten dira kalera, «nahikoa» dela esateko.

Bulebarretik hasitako martxa oso jendetsua izan da. Ehunka pertsonak abiatu dute, bi ilaratan jarrita, doluzko jantziekin, besoetan oihal zuri bat saminez hartuta, eta ibili tristean, gogorrean. Oihalen barruan ez zegoen hildako haurtxorik, baina egon zitezkeen, egon dira, badaude. Eztarrian lokarri bat zutela, txalo zaparrada luzea eskaini diete ezker-eskuin martxara batuz zihoazenek, eta, Palestinako ehunka banderaren artean, oihu egin dute, amorru etsiz nolabait: «Palestina askatu»; «Israel hiltzaile, Europa laguntzaile». Bozgorailuan, Mikel Laboaren Gernika-ren garrasi sakonak barrenak mugitu ditu, eta askoren begiak busti.

OSOA1
Kursaaleko terrazan egindako eszenaratzea. GERNIKA-PALESTINA

Gizarte aniztasuna

Manifestazioaren burua Gipuzkoa plaza atzean uzten ari zela, bukaera oraindik Bulebarreko oinezkoen aldean zen, atera ezinik. Donostiako erdigunean, turistek aurrez aurre topatu dute Palestinaren aldeko aldarria, eta askok txaloka hartu dituzte manifestariak. Amaieran, genozidioaren eraginez hildako milaka haurrak gogoratu dituzte berriro, eta horien omenezko eszenifikazio bat egin. Kursaaleko terrazan, zenbait talde aritu dira ekitaldi hunkigarri batean: Astigarragako Aiztondo, Donostiako Kantakidetza, Hernaniko Kantuz eta Orioko Salatxo abesbatzak eta Palestinako Sol Band Gaza taldea.

Kultur arloko ehunka eragilek babestu dute mobilizazioa, esaterako Eñaut Elorrietak, Gorka Urbizuk, Pello Reparazek, Eider Rodriguezek, Esti Urresolak, Asier Altunak, Alaia Martinek, Beñat Gaztelumendik eta Amets Arzallusek. Euskal Herriko sindikatu eta alderdi politiko nagusien zenbait ordezkari ere han izan dira, tartean ELA, LAB, CCOO, UGT, EH Bildu eta PSE-EEkoak. EAJk askatasuna eman die euren ordezkariei martxara joateko.

«Basakeria da nagusi, eta inork ez du erantzukizunik hartzen. Ozen esan behar dugu: ez dugu gerrarik onartzen. Ez gure izenean»

IBON MEÑIKA Gernika-Palestina plataformako eleduna

Ibon Meñika talde antolatzaileko bozeramaileak azaldu du Israelekin adostutako behin-behineko tregoek eta AEBekin erdietsitako itunek ez dutela balio izan Gazako eta Zisjordaniako egoerak hobera egiteko, eta oraindik ere, lurralde horietan «sistematikoki» urratzen dituztela palestinarren eskubideak. Pankarta nagusian mezu zuzen bat jarri dute: «Genozidiorik ez. Gerrarik ez». Hura eraman dutenen artean zeuden Olatz Beobide eta Ramon Agirre aktoreak, Fermin Muguruza musikaria, Mikel Labaka futbolari ohia, Nekane Balluerka EHUko errektore ohia, Mohammad Farajallah aktibista palestinarra, Rahaf Shamali Sol Band Gaza-ko kidea, eta Agus Hernan eta Ibon Meñika Gernika-Palestinako eledunak; Amagoia Mujika BERRIAko zuzendaria eta Martxelo Otamendi zuzendari ohia ere izan dira tartean.

Gernika-Palestina
Palestinaren aldeko martxa. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Basakeria nagusitu da

«Esan ziguten ez zela berriro gertatuko, baina gertatzen ari da. Eta ez hori bakarrik: luzatzen eta normalizatzen ari da. Indarraren politika nagusitu da, eta, geldiarazten ez badugu, ezagutzen dugun mundua errotik aldatuko da». Meñikaren mezua argia izan da: Donald Trumpek eta Benjamin Netanyahuk «mundua hankaz gora» jarri dute, eta «egoera jasanezina» da. Gernika-Palestina plataformako eledunak hitzak jarri dizkie askoren pentsamenduei: «Basakeria da nagusi, eta inork ez du erantzukizunik hartzen». 

Meñikak ez etsitzeko eskatu dio euskal gizarteari. Gerraren aurka antolatzera deitu du. «Ozen esan behar dugu: ez dugu gerrarik onartzen. Ez gure izenean». Izan ere, Gernika-Palestinako ordezkariaren arabera, gerrak «munduaren amaiera» ekartzeko arriskua dago: «Ezin dugu etorkizuna agintari asegaitz eta berekoi gutxi batzuen esku utzi».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA