Minaren atala behin betiko ixteko

Urtarrilaren 10ean Bilbon presoen alde egingo den manifestazioari begirako bideoan parte hartu dute Karla Ruizek eta Jose Angel Aramendik. Bi belaunaldi eta bi ikuspegi bildu nahi izan ditu Sarek, mezu bat emateko: sufrimendua amaitzeko ordua da.

Karla Ruiz eta Jose Angel Aramendi. IÑIGO URIZ / FOKU
Karla Ruiz eta Jose Angel Aramendi. IÑIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
Iruñea
2025eko abenduaren 27a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bi belaunaldi eta bi begirada, aurrez aurre. Jose Angel Aramendik (Orozko, Bizkaia, 1950) 75 urte ditu, eta bertatik bertara bizi izan ditu euskal gatazkaren ondorio gordinak; Karla Ruizek (Larrion, Nafarroa, 1995), berriz, ia 15 urte zituen ETAk indarkeria behin betiko amaitzeko iragarpen historikoa egin zuenean, eta bere inguruan gatazkaren ondorio zuzenik ez du bizi. Batak zein besteak beharrezkotzat jotzen dute sufrimenduaren atala behin betiko itxi eta euskal presoen aurkako salbuespen egoera amaitzea. «Nahikoa sufritu dugu jada», esan du Aramendik. «Gazteriak ere behar du atal hori ixtea, bide berriak eraikitzen hasteko», gehitu du Ruizek.

Ezin da gehiago luzatu lelopean, urtarrilaren 10ean, Sare Herritarrak Bilbon manifestazioa egingo du, eta hari begirako spot bat grabatu dute Ruizek eta Aramendik. Hiru minutuko solasaldi laburrean, bien ikuspegiak batu nahi izan dituzte, eta, aitzakia hori bera baliaturik, berriro ere Ruiz eta Aramendi elkartu ditu BERRIAk, euren bizipenei eta manifestazioari buruz hitz egin dezaten.

 

Sarek egindako bideoa ikusgai dago Youtuben, eta bere burua ikustea arraro egin zaio Aramendiri: «Begiak zabalagoak ditut, eta naturaltasuna faltan sumatu dut. Konpromisoagatik egin dut. Salbuespena aspaldikoa da, eta indarrean dago». Ruizek, berriz, ez dauka bere burua gazteriaren ordezkaritzat, baina, aldi berean, uste du profil jakin bat ordezkatzen duela. «Nafarroako herri txiki batekoa naiz; ez naiz gatazkatik hurbil egon».

«Gerra galdu zuen belaunaldi baten seme-alabak gara, guk ere hori jasan dugu, eta orain ere alaba dugu preso. Eta, bat-batean, bizi izandako hori guztia, gogorra, gainera datorkizu» 

JOSE ANGEL ARAMENDI Sareren bideoan parte hartu du

Abiapuntu desberdin horietatik harilkatu dute solasaldia. Aramendik bere bizitzaren errepasoa egitean nabarmendu du bere baitan biltzen duela belaunaldien arteko lotura hori. «Gerra galdu zuen belaunaldi baten seme-alabak gara, guk ere hori jasan dugu, eta orain ere alaba dugu preso. Eta, bat-batean, bizi izandako hori guztia, gogorra, gainera datorkizu». Hamabost urte iragan dira ETAk bere borondatez indarkeria uzteko urratsa egin zuenetik, eta Aramendik beharrezkotzat jo du beste aldeak ere pausoak ematea: «Beste aldetik zerbait egin beharra ikusten dugu. Ez du zirkinik mugitu. Nahikoa da».

Aramendi 16 urterekin hasi zen lanean, eta handik gutxira, frankismoaren garairik gordinenean, 1966an, Basauriko (Bizkaia) Las Bandaseko greba historikoa hasi zen. 173 eguneko greba haren aldeko borrokan izan zen Aramendi, panfletoak banatzen. Jarduera arriskutsua zen, baina. «Ez zara guztiz kontziente, eta apurka sartzen zara ibilbide horretan; Poliziatik ihes egiten nahiko bizkorrak ginen», gogoan du. Polizien eta guardia zibilen jazarpena oso bortitza zen, eta atxilotzen azkenetarikoa izan zen bera. «Gogorrena hori zen, noiz atxilotuko gintuzten». Azkenean, preso hartu, eta torturatu egin zuten. Hiru urte eman zituen espetxean.  

(ID_15628724) (Iñigo Uriz/@FOKU) 2025-12-23, Iruñea. Karla Ruiz Armendariz eta Jose Angel Aramendi Bilbao, Sare-ren manifestazioa...

Jose Angel Aramendi eta Karla Ruiz, asteon, Iruñeko Alde Zaharrean. IÑIGO URIZ / FOKU

Ruizek ia 15 urte zituen ETAren iragarpena heldu zenean. Ez zuen gatazka zuzenean bizi izan. «Nabari nuen bazegoela zerbait, baina ez ninduen zuzenean zeharkatzen». Nerabe izanik, hutsune hura estaltzen ere ez zion laguntzen inguruneak. «Isiltasun handia zegoen. Ez zuen inork askorik hitz egiten, eta esaten zena isilarazi egiten zen». Garai hartan gazteriaren aurkako polizia operazio bat izan zen, eta 28 lagun auzipetu zituzten Segiko kide izatea egotzita. 28ak libre kanpainak elkartasun oldea piztu zuen Euskal Herrian. «Hura izan zen kontzienteki bizi izan nuen lehen aldia. Hurbileko jendea zegoen tartean». Auzi hark piztu zion jakin-mina, bai eta militantzia politikorako grina ere. 

Espetxe politika

Aramendik zuzen-zuzenean bizi du espetxe politikak eragindako sufrimendua. Haren alaba 2007ko irailean atxilotu zuten, eta 40 urteko espetxe zigorra duten hamalau presoetako bat da. «Espainiako Estatuan mendekurako politika izan da espetxe politika». Egoera horrek preso arruntei ere eragiten die. Aramendik gogoan du Estremeran (Madril, Espainia) Malagako preso baten aitarekin hitz egin zuenekoa. «'Zer egiten du hemen nire semeak?', galdetzen zidan. Ez zuen dirurik. Preso sozialen artean, familiak deseginda egoten dira maiz, drogaren eraginez». Euskal presoak tartean direnean, haien aurkako mendeku grina handiagoa da, irmo esan duenez. «Babesa izan dutelako areagotu da mendeku gose hori».

Sakabanaketaren ondorioak ere gertutik bizi izan ditu. Frantzian barrena ibili behar izan du kartzelaz kartzela. «Frantzia zeharkatu dugu pila bat: Belgikaren mugaren ondotik, Lyon, Bretainia, Poitiers, Paris-Fleury...». Horrek guztiak lorratza utzi dio. «Nekea, dirutza, milioika kilometro...». Horregatik, bideoan dio ez duela irudikatu nahi noiz askatuko ote duten alaba; aldiz, hori guztia amaiarazteko ordua dela dio. «Nahikoa sufritu dugu».

«Beharrezkoa da sarea sendotzea. Ematen du ez dela beharrezkoa, baina sareak sendoa izan behar du erdian daudenei indarra emateko, presoei eta senideei»

KARLA RUIZ Sareren bideoan parte hartu du

Ruizek ez du hori bizi izan, baina haren ustez beharrezkoa da egoera horretan daudenei babesa ematea. «Beharrezkoa da sarea sendotzea. Ematen du ez dela beharrezkoa, baina sareak sendoa izan behar du erdian daudenei indarra emateko, presoei eta senideei. Ez da ahaztu behar». 

Bere belaunaldiarentzat ere beharrezkoa da sufrimenduaren atala ixtea, Ruizen esanetan. «Behar dugu amaitzea eta garbitzea, beste bide bat irekitzeko eta beste prozesu batzuei bide emateko. Erronka gisa ikusten dut, memoriaren zaindari izatea eta ez ahaztea zein izan den historia. Gaur egungo jokalekua ez da berdina. Oinordetza hori izanda, ikusi zer egin dezakegun gaurko jokalekuan, gure erremintekin, baina, aldi berean, memoria hori gordetzen». 

Urtarrilaren 10ean Bilbon egingo den manifestazioari begira mezu bat bidali diote euskal gizarteari. Ruiz: «Gizartearen erantzukizuna ere bada gaia, eta konpromiso horren inguruko deia egiten dugu». Aramendi: «Eskubideak eskubideak dira, eta ezin dira zatikatu. Eskubideak betebehar bat sortzen du, eta betebehar hori bere gain hartzeko kapaz den estatu bat behar da. Hor egongo litzateke konponbidearen norabidea markatuta».

Bertsotan, Oiartzunen

Sare Herritarrak antolatuta, bertso saioa egingo dute urtarrilaren 4an Oiartzungo Madalensoro pilotalekuan (Gipuzkoa). Euskal presoen eskubideen aldeko plataformak urtero antolatu ohi duen ekitaldia da hori, eta aurtengoan bertsolari hauek hartuko dute parte: Andoni Egaña, Jon Maia, Igor Elortza, Miren Artetxe, Xabat Galletebeitia, Xabat Illarregi, Josu Ibarguren eta Haira Aizpurua. Gai jartzaile, berriz, Amaia Agirre arituko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.