Minbizia da heriotza kausa nagusietako bat Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi duenez, urtean 14.000 kasu baino gehiago diagnostikatzen dituzte; behera doa kopuru hori. «Minbizia duten pertsonen biziraupen tasa hobetzeko eta gaixotasun horretatik bizirik irtendako pazienteen bizi kalitatea hobetzeko» helburuarekin 2025-2030 aldirako Plan Onkologikoa aurkeztu du Jaurlaritzak. Besteak beste, lehentasuntzat ezarri dute baheketen bidez minbizia goiz detektatzea. Izan ere, diagnostiko kopuruak behera egin du, koloneko minbizia detektatzeko baheketetan gaiztoak izango liratekeen lesioak antzematen dituztelako eta, hortaz, ez direlako minbizi izatera iritsi.
Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak aurkeztu du plana gaur Bilbon, Gontzal Tamayo Osasun sailburuordearekin eta Lore Bilbao Osakidetzako zuzendari nagusiarekin batera. Planaren helburuak aletu dituzte: minbiziari etapa guztietan modu integralean eta integratuan heldu nahi diote; prebentzioan eta goiz detektatzeko orduan aurrera egin; baliabideetarako sarbide unibertsala, ekitatiboa eta humanizatua bermatu; arreta pertsonalizatua eskaini; eta tratamendu aurreratu eta berritzaileak ezarri.Â
Osakidetzako profesionalek, hainbat eragilek eta minbizia duten pertsonek hartu dute parte dokumentua sortzeko garaian. Zazpi lehentasun ezarri dituzte, eta horiek lortzeko 142 ekintza. Ezinbestekotzat jo dute minbizia goiz detektatzea. «Minbizia detektatzeko programak funtsezkoak izan dira minbiziak eragindako heriotzak prebenitzeko eta murrizteko», azpimarratu du Martinezek. Horregatik, programa horien parte hartzea handitu nahi dute, eta arrisku handieneko herritarren zaintza eta jarraipen programak sendotu.
Aurrerapenak baheketetan
Bilbaok gogoratu duenez, datorren urtean 48 urtera aurreratuko dute bularreko minbizia atzemateko baheketa programa. Egun, 50 eta 69 urte arteko emakumeei egiten diete. Koloneko minbizia detektatzeko programan ere zabaldu egin dute adin tartea: 50 eta 74 urte artekoek har dezakete parte. Horrez gain, umetoki lepoko minbizia goiz detektatzeko programan lanean ari dira, eta azaldu dute laster jarriko dutela martxan norberak bere etxean proba egiteko aukera.
«Baheketa programek bi elementu izan behar dituzte: batetik, ahalik eta pertsona gehienek parte hartu behar dute, eta, bestetik, proba horiek eraginkorrak izan behar dute, positibo edo negatibo faltsu askorik ez sortzeko», zehaztu du Martinezek. Prostatako minbizia detektatzeari dagokionez, Tamayok azaldu du entsegu pilotu bat garatzen ari direla Bilbo-Basurtu ESIan. Horrez gain, biriketako minbiziaren baheketari buruzko nazioarteko azterlan batean parte hartzen ari dira. Osasun sailburuaren hitzetan, «Euskadin minbiziak eragindako heriotza kausa nagusia biriketako minbizia da».
Pertsona eta humanizazioa lehenetsi nahi dituzte, hau da, «pertsonak beren osasunaren eta gaixotasunen protagonista eta eragile aktibo izatea». Eta arreta eredu integrala, jarraitua eta pertsonalizatuta sustatu nahi dute: osasun laguntzatik harago jo, eta sektore arteko lankidetza sustatu, minbizia izateko arriskua duten eta minbizia duten pazienteen bizi kalitatea hobetzeko.
Terapia pertsonalizatua bermatu nahi duten arren, planaren helburu nagusietako bat ere bada ekitatea areagotzea. Horretarako, besteak beste, lanean jaso dute aztertu beharra dagoela populazioaren baheketa programetan parte hartzea sustatzen eta eragozten duten faktoreak, eta arreta berezia ipini osasun zerbitzuak eskuratzeko arazoak dituzten herritarrei, batez ere zaurgarriei.
«Minbizia detektatzeko programak funtsezkoak izan dira minbiziak eragindako heriotzak prebenitzeko eta murrizteko»
ALBERTO MARTINEZÂ Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua
Bestalde, herritar orok entsegu klinikoetan parte hartzeko aukera izan dezan nahi dute. «Ez dadila izan egokitu zaien ESIaren arabera», argitu du Martinezek. Izan ere, adierazi dute profesional eta paziente guztiek ez dutela beti entseguen berri izaten, eta hori litzatekeela egokiena.
Osasunaren sustapena eta minbiziaren prebentzioa ere funtsezkotzat jo dituzte. Lanean ondorioztatu dute horiek direla neurririk eraginkorrenak minbiziaren intzidentzia eta hilgarritasun tasa apaltzeko. Lehentasun gisa, ingurune osasungarriak sortzen dituzten politikak aplikatzea ezarri dute, langileen osasuna babestea eta bizi ohitura osasungarriak sustatzea. Hain justu, minbizia izateko arriskua murrizteko hamabi modu jaso dituzte: hala nola ez erretzea, ariketa fisikoa egitea, alkohola neurriz kontsumitzea eta modu osasungarrian elikatzea.
PLAN ONKOLOGIKO BERRIAREN ZAZPI LEHENTASUNAKÂ
Pertsonak ardatz nagusi. Planaren arabera, gizabanako bakoitzak izan behar du «sistemaren jarduera guztien ardatz egituratzailea». Hortaz, arlo klinikotik harago jotzea ezinbestekoa da, arlo «emozionala, soziala, kulturala eta espirituala» integratuz.
Asistentzia eredua. Arreta eredu ekitatibo, eraginkor eta kalitatezkoa bermatzea dute helburu.Â
Osasunaren sustapena eta minbiziaren prebentzioa. Dokumentuan jaso dutenez, euren asmoa da herritarrak ahalduntzea eta inguruneak eraldatzea, arrisku faktoreen esposizioa murrizteko eta bizimodu osasungarriak sustatzeko.Â
Minbizia goiz detektatzea. Populazioaren baheketen parte hartzea areagotu nahi dute, eta arrisku genetiko handia duten pertsonen zaintza programak sendotu.
Arreta integrala. «Diagnostikotik hasi eta bizitzaren amaierako jarraipenera edo zaintzara arte». Alderdi sanitarioak eta gainerakoak hartuko dituzte kontuan.
Osasun emaitzak, erregistro, informazio eta zaintza sistemak. Osasun emaitzak dira pertsona batek, edo populazio batek osasun egoeran dituen aldaketak, esku hartze batek edo esku hartzeen serie batek eraginak. Emaitza horiek hobetu nahi dituzte, informazio eta erregistro sistemak indartuz, eta datuen gobernantza argia eta eraginkorra sustatuz.Â
Ikerketa eta berrikuntza. Ikerketak bultzatuko dituzte pazientearen beharrak asetzeko. Eta aurrerapen zientifikoak praktika klinikora eraman nahi dituzte, «gaitzaren prebentzioa, diagnostikoa, tratamendua eta minbizia duten pertsonen bizi kalitatea» hobetzeko.