Mixel Oronoz euskaltzalea zendu da

Euskal Konfederazioko lehendakari eta bozeramaile izan zen urteetan. 88 urte zituen.

jarraia233301.jpg
Ekhi Erremundegi Beloki.
2023ko irailaren 27a
17:39
Entzun

«Euskararen aldeko militante akiezina joan zaigu». Horrela jakinarazi du Euskal Konfederazioak Mixel Oronoz euskaltzalearen heriotza. Izan ere, Ipar Euskal Herriko euskalgintzaren buru izan zen urteetan, eta hark eraman zuen euskararen aldeko aldarrikapenen ahotsa. Pizkunde mugimenduaren ondotik agertu zen Euskal Konfederazioa, eta haren sorreran parte hartu zuen Oronozek. Lehendakari bilakatu zen 2000. urtetik 2002ra, eta kargu hori atxiki zuen 2009tik 2015era ere.«Lehendakari gisa edo bulegoko kide gisa, 1995etik Mixel beti hor izan dugu Euskal Konfederazioan gogoetak elikatzeko, bilkuretan parte hartzeko eta, nola ez, Euskal Konfederazioa ekitaldi eta manifestaldi desberdinetan ordezkatzeko».

Urteetan egin duen lana aitortu eta doluminak helarazi dizkie Konfederazioak Oronozen familiari eta hurbilekoei. EH Baik ere omendu du Oronoz X –lehengo Twitter– sare sozialean emandako mezu batean. «Zure eredua oroituz, Euskal Herri euskalduna eraikitzeko lanean segituko dugu». Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak Euskal Konfederazioarekin egindako agerraldi baten argazki zabaldu du, Oronoz eledun zela: «Hi gabe segituko dugu abiatutako bidea».

Sebastien Castet Euskal Konfederazioko kideak «beti prest» zen kide baten gisa oroitu du Oronoz. Duela hamasei urte sartu zen bera Konfederazioan, eta, orduko, jadanik bigarren lehendakaritza aldia zuen Oronozek.«Beti hor genuen zuzendaritza guzietan, osasun aldetik ahultzen hasi zelarik ere hor segitzen zuen, eta gauzak hurbiletik segitzen zituen». Gogoan izan ditu haren ekarpenak: Euskal Konfederazioa hastapenean «ahul» zenean, «atxiki» zuela, eta «gorantza tiratzeko jendea bere inguruan eta Euskal Konfederazioaren proiektuen inguruan» biltzeko gai izan zela.

Oronoz 1935ean sortu zen, Baigorrin, eta 1960an apaiztu zen, Baionan. Ondoren, sei urtez aritu zen apaiz, Boli Kostan. Baionara itzultzean, Baionako apezpikuaren zerbitzuko egon zen, Baionako katedralean. Afrikara itzultzea eskatu zuen, baina Belgikara igorri zuen Elizak, 1969tik 1971ra. Teologia ikasketekin segitu zuen han. Geroztik, irakasle gisa aritu izan zen, Istanbulen, Bordelen eta abarretan. Ez zituen Elizarekiko loturak atxiki. Alderantziz, kritika zorrotzak plazaratu zituen, eta elizaren baitan euskararen edota zenbait joeraren zokoratzea kritikatu. Marc Aillet Baionako apezpikuari buruz ere gogor mintzatu zen behin baino gehiagotan.

Euskal Herrian euskal kulturaren munduari atxiki zitzaion nagusiki. Lauburu elkartean eta Euskal Konfederazioan aritu zen, eta Herria aldizkariko Administrazio Kontseiluko kidea ere izan zen. Ipar Euskal Herrirako egitura politiko baten aldeko lanean aritzen den Batera plataformaren partaidea ere izan zen.

S kalonjearen testamentua, Bazterketa eliza katolikoan (1954-2008) izeneko liburuaren harira elkarrizketa egin zion BERRIAk 2009. urtean. Erretreta hartua zuen ordurako, eta Baionan bizi zen. Organoa jotzen zuen Baigorriko elian. «Hori da Elizaren hierarkiarekin atxikitzen dudan harreman bakarra, organoa jotzea otoitz egiteko molde bat baita niretzako», zioen, ironiaz. Elkarrizketan, honela zioen, besteak beste, homosexualitateari buruz: «Homosexualak ez dira Vatikanoaren gustukoak. Haren iritziz, ez omen dira gizonak, ez emazteak. Samin handia eragiten du Elizaren jarrera horrek nigan. Hierarkiaren itsukeriaren edo jarrera hertsiaren adibide mingarria da. Gero eta kontserbatzaileagoa da, eta erauzi du pentsatzeko askatasuna. Molde hertsi horiek hautsi behar dira zerbait berri kausitzeko».

2020an, arrangura agertu zuen Eliza hartzen ari zen eskuin muturrerako norabideari buruz. «Iraultza behar da apezeria osoan. Apezen kasta leherrarazi behar da», adierazi zuen BERRIAn.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.