«Badaukagu hauteskundeetarako data, futbola itzultzeko, lurraldeen artean mugitzeko... Langileak zabortegitik ateratzeko data noizko?», adierazi du Helena Alberdik, sare sozialetan. Izan ere, gaur lau hilabete bete dira Verter Recycling 2002 SM enpresaren Zaldibarko zabortegia (Bizkaia) amildu zenetik. Ordutik, hondakinen azpian harrapatuta daude Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran langileak. Gaur, data kontuan izanik, mobilizazioak egin dituzte inguruko herrietan, Langileak, osasuna, erantzukizunak lelopean. Zaldibar Argitu plataformak bultzatu ditu horiek: «Zabortegiarekin gertatutakoa eta honek azaleratu duen ustelkeria, inoiz, beste inon errepika ez dadin».
Zaldibar Argitu plataformak behin eta berriz eskatu die instituzioei otsailaren 6an gertatutakoaren inguruko informazio «zuzena, zehatza eta fidagarria» emateko, baina salatu dute ez dutela halakorik jaso. Era berean, plataformak adierazi du inork ez duela gertatutakoaren ardura bere gain hartu. «Kasuaren larritasuna ikusita», zabortegiaren amiltzea aztertuko duela iragarri zuen Europako Batzordeak, joan den maiatzaren 13an. Jaurlaritzako Ingurumen sailburu Iñaki Arriolak adierazi zuen, ordea, ez daudela ikerketagatik kezkatuta.
Langileak bilatzeko lanetan eginiko azken aurkikuntza duela bi hilabete egin zuten. Sololuzeren ibilgailua aurkitu zuten beharginek, baina ez gorpuzkirik. Luiziak Solozabal eta Beltran desagerrarazi zituen, baina hark eragindako suteek eta isuriek inguruko herritarrengan ere eragina izan zuen. Besteak beste, etxetik ez ateratzeko gomendioa egin zitzaien inguruko biztanleei, dioxina eta furano maila handiengatik, eta barazkirik ez saltzeko agindu Eitzaga (Zaldibar) auzoko laborariei.
Gaurko mobilizazioei dagokionez, Zaldibarren egin dute lehena, eguerdian, baina gehiago egin dituzte arratsaldean zehar: Eibarren (Gipuzkoa) 18:00etan; eta Elgetan (Gipuzkoa), Zallan, Ermuan eta Markinan (Bizkaia) 20:00etan.
Joaquin eta Alberto gogoan. Osasuna eta ingurugiroaren defentsan.
— ZALDIBAR ARGITU (@ZaldibarArgitu) June 6, 2020
Erantzukizunak guztiak argitu arte!
Herriak ozen esan du#ZaldibarArgitupic.twitter.com/es9dbk8HjF