Memoria historikoa

Mola eta Sanjurjo militar kolpisten gorpuzkiak Erorien Monumentuko hobitik aterako ditu Iruñeko Udalak

Iruñeko alkate Joseba Asironek jakinarazi du albistea, Paco Etxeberria auzitegi medikuarekin batera. Azaroaren 16an aterako dituzte Askatasunaren plazatik.

Mola jeneralaren aldeko meza bat Iruñean Erorien Monumentuan, 'Gara'-k argitaratu zuen erreportaje baterako bi argazkirekin egindako irudian. IñIGO URIZ, ARGAZKI PRESS
arantxa iraola
2016ko abuztuaren 31
07:39
Entzun

Francoren altxamendu militarrarekin estuki lotutako izenak dira Emilio Mola eta Jose Sanjurjo, eta aspaldiko eskaria izan da horiek Iruñeko hobitik mugitzea. Gaur jakinarazi dute azaroaren 16an egingo dutela.

Erorien Monumentuaren kriptan daude bi militar frankisten hilotzak, beste sei pertsonaren gorpuzkiekin batera. Asironek jakinarazi du denbora dezente zeramatela gorpuzkiak toki horretatik atera eta, hartara, toki hori behin betiko ixteko urratsak egiten. "Legea betetzea da asmoa, eta gure historiaren parte batekin justizia egitea". 

Bi militar kolpisten gorpuzkiak Askatasunaren plazatik —lehen Rodezno kondearen plaza zen— ateratzeko eskaera ez da oraingoa. 2014an jada egin zuen Memoriaren Aldeko Herrien Koordinakundeak. Emilio Mola eta Jose Sanjurjoren gorpuak leku pribatu batera eraman zitzatela eskatu zuen. Halaber, Elizari galdegin zion legea betetzea, eta 1936ko estatu kolpea goratzeko egiten diren mezak bertan behera uztea.

Gaur, gogora ekarri dute bi buruzagi militar frankistekin batera hobiratutako gainerakoak zein izan ziren: denak nafarrak ziren, Francoren aldeko bandoan aritutakoak. Hobitik ateratakoan guztien gorpuzkiak senitartekoei emango zaizkiela esan du Asironek. Hobitik ateratzeko administrazio prozesu formala bihar hasiko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.