Medikuek lan baldintzak arautzeko estatutu propio bat izateko aukera onartu du, lehen aldiz, Monica Garcia Espainiako Osasun ministroak. Hori bai, lehenik osasun langile publiko guztientzako esparru estatutua onartu behar dela esan du. «Medikuen estatutuak lekua izan dezake, osasun langile guztien estatutua egin eta gero», erantzun dio EAJko Joseba Agirretxea diputatuari Espainiako Kongresuan. Osasun ministroa medikuen estatutu propioa onartzeko prest dago, «baina ez esparru estatutuaren errautsen gainean eta ez gainerako langileen lan baldintzen gainean, oinarri horien gainean baizik».
Agirretxeak Garciari galdetu dio ea arduratsua iruditzen zaion esparru estatutua onartzea. Izan ere, Espainiako Osasun Ministerioak CCOO, UGT, SATSE —erizainak— eta CSIF —funtzionarioak— sindikatuekin hitzartu zuen osasun langile publikoen esparru estatutua; baina medikuak esparru estatutu horren kontra daude, uste dutelako ez dituela jasotzen haien lanaren ezaugarriak eta berezitasunak. Hala, grebak eta mobilizazioak egin dituzte estatutu propioa eskatzeko. Autonomia erkidego gehienetako osasun arduradunak ere proiektu horren kontra daude, medikuekin hitzartu gabea delako eta medikuen mobilizazioen ondorioak jasan behar dituztelako. Hain zuzen, Agirretxeak Garciari aurpegiratu dio ez diela jaramonik egin autonomia erkidegoek plazaratutako eragozpenei, eta medikuek greba mugagabea hasiko dutela urritik aurrera.
Zuzenketa eske
Garciak Agirretxeari erantzun dio esparru estatutuak prozedura parlamentarioa bete behar duela —lege aurreproiektua da— eta zuzenketak aurkez daitezkeela: «Legeak hemen [Kongresuan] eztabaidatzen, zuzentzen, onartzen eta atzera botatzen dira, ez dira onartzen edo atzera botatzen bulego batean». Garciak zuzenketak aurkezteko eskatu die Kongresuko taldeei. Nabarmendu du esparru estatutua onartzeko akordioa lortu zutela zenbait sindikaturekin, eta onartuko ez balitz akordio horri «zilegitasuna kenduko» litzaiokeela. Agirretxeak ohartarazi du aukera asko daudela esparru estatutua ez onartzeko.
Osakidetzako eta Osasunbideko medikuek greba mugagabea hasiko dute, ziurrenik urritik aurrera. Oraindik ez dute zehaztu noiztik aurrera. Greba bultzatzen duten sindikatuek bilera egingo dute bihar 17:00etan, Madrilen. Ez da izango osasun langileen greba bakarra Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: SATSE erizainen sindikatuak, ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk agerraldia egingo dute bihar, Bilbon, udazkenean egingo dituzten grebak aurkezteko. Sindikatu horiek Eusko Jaurlaritzak SME Euskadiko Sendagileen Sindikatuarekin lortutako akordioaren kontra daude, uste baitute langile guztien lan baldintzak hobetu behar direla eta beharrezkoa dela osasun sistema publikoaren egiturazko arazoak konpontzea.