Aldiriko trenean txor-txor dabil neska nerabea, mutila ondoan duela. «Gure aitona-amonek bi pisu dituzte Donostian. Ahizpak eta biok jadanik banatu ditugu geure artean», esan du. 16 urte eskas, eta etxebizitzaren arazoa konponduta. Aitona-amonak bizirik ditu oraindik. Berdin dio. Testamentua aldez aurretik idatzi diete bilobek zaharrei. «Kontuz! Bi pisu horiek guretzat dira». Eta amona alarguntzen bada, seniorrentzako webguneak miatuko dituzte ahizpa sorginek andre zaharrak adin horrekin gangar losintxari diru-gose batekin sugar amatxo edo sugar amoñi-rena egin ez dezan. Badaezpada. Hala, berak eta ahizpak bi pisu horietan biziko dituzte gero haien abenturak eta kalenturak.
Hobe dugu geure burua ez engainatu: etxebizitza egiturazko arazoa da. Denbora luzea beharko du konpontzeko, inoiz konponduko bada —belaunaldi bat?—. «Ikasten ala lanean ari zara?», esaten zen gure denboran. Gazteek «pisurik duzu ala ez?» edo «herentzia izan duzu ala eskale zarpail batekin maitemindu naiz?» galdetuko dute laster. Horietako askok boomer-ak noiz hilko zain egon beharko dute etxe bat izateko. Ondorengo bakarra badira, ondo. Bi edo hiru neba-arreba izanez gero eta jokoan pisu bat baizik ez badago... Larraitzen entzun nien Tolosa aldeko herri txiki bateko bi anaiari, bazkalondo ederrean: «Gu biok ederki moldatzen gaituk gurasoek xentimorik ez zutelako».
Arazo korapilatsua da etxebizitzarena. Hego Europan jabetza tradizio handia dugu. Behin adin batera helduta, zure txokoa ez baduzu, frakasatua edo ganorabakoa zara. Oraintsu arte bederen. Ipar Europan, aldiz, alokairua da nagusi, normalean maizterraren soldata edo diru-sarreren herena edo gehixeago eskatzen duena. Hori dute muga. Hemen halakorik ez. Azken hamarkadotan hainbat herritarren eskubideak babesteko legeak onetsi dituzte Espainian. Bikain. Etxebizitzaren arloan, ordea, adabakiak. Inork imajinatuko zuen lege horiek guztiak soilik 2030era arte indarrean egotea eta gero gerokoak? Hain zaila da herritar batek alokairuan soldataren %30-35 baino gehiago ez ordaintzea ahalbidetuko duten legezko arauak ezartzea, Europako zenbait tokitan praktikan izaten den bezala? «Han txertoak jartzen dituzte, hemen tiritak», adierazi du Pablo Feu jurista eta etxebizitzan adituak.
Penizilina metatzea debekatua bada, zergatik ezin da pisuekin Monopoly-an bezala jokatzea eragotzi?
Xavier Melero abokatu katalanak, boltxebike odol tanta bat bera ere ez duenak, koska non dagoen adierazi du: «Etxebizitza finantza produktutzat jotzea da arazoa, industria farmazeutikoarekin gertatzen ez dena, adibidez, non oso erregularizazio argia duten. Ez dut ulertzen zergatik penizilinarekin ezin den espekulatu eta etxebizitzarekin bai». Penizilina metatzea debekatua bada, zergatik ezin da pisuekin Monopoly-an bezala jokatzea eragotzi? Kontzientzia falta dugu, baina. Inor hondakinak ibaira botatzen ikusten badugu, lotsarazteko modukoak esango dizkiogu. Bost edo sei etxebizitza izan eta diru polita biltzen duenari, ostera, ezer ez, nahiz premiazkoa den zerbaitekin negozioa egiten ari den.
Noiz zara jabe txikia? Noiz handia? Horixe eztabaidatzen ari dira gure politikariak. Lagun bat hemengo alderdi bateko buruzagi baten alabarekin irteten hasi zela kontatu zidan ikasle batek, aspaldi. Gutxienez bi pisu izan ziren haien amodio kartsuaren entzule isilak. Neskak esan zionez, aita-amek etxebizitza gehiago zituzten euskal kostaldean. Guraso horiek bi ume izan dituzte, jadanik nagusiak direnak. Etxea eta pisu bana izango dute. Eta hortik aurrera? Zertarako hiru edo lau pisu zure seme-alabak bi baino ez badira? Hori ere jabe txikia izatea da? Mucho lirili y poco lerele.
Bi gazteen arteko erlazioak ez zuen luze iraun. Luxuzko topaketa bero haietan desfilerik egon ote zen modako azpiko arropan, Joaquin Sabinak, antzinako kantari jator askoak, azaltzen zuen legez? Victoria’s Secret? Women’secret? Zer izan zen ez jakin! Euskaldunok oso lotsatiak omen gara halakorik xehatzeko. Ez dio inporta. Primark’s Secret, ez. Horretaz seguru egon.