Muga meatokiaren tramitazioan irregulartasunak daudela salatu dute proiektuaren aurkako taldeek

Nafarroako Parlamentuan egitasmoa gehiago ikertzeko eskaera erregistratu dute Sustrai Erakuntzak, Muga Meatokiaren Aurkako Plataformak eta Ekologistan Martxan taldeak. Zangozerriko udalei emandako diru laguntzak legez kanpokoak izan daitezkeela diote.

Erreniegako meatokiaren aurkako plataformak, Ekologistak Martxan eta Sustrai Erakuntzako kideak, gaur, Nafarroako Parlamentuaren aurrean. AITOR KARASATORRE / FOKU
Erreniegako meatokiaren aurkako plataformak, Ekologistak Martxan eta Sustrai Erakuntzako kideak, gaur, Nafarroako Parlamentuaren aurrean. AITOR KARASATORRE / FOKU
joxerra senar
2025eko abuztuaren 4a
14:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Cerdan auziaren abiapuntua Muga meatokiaren proiektua izan zela egiaztatu zuten Guardia Zibilaren txostenean. Horregatik, Muga Meatokiaren Aurkako Plataformak, Ekologistak Martxan taldeak eta Sustrai Erakuntzak eskaera bat erregistratu dute gaur goizean Nafarroako Parlamentuan. Susmoa dute irregulartasunak daudela meatokia ustiatzeko espedienteen tramitazioan, eta gehiago ikertzeko eskatu diete parlamentu taldeei. «Uste dugu Muga meatokiaren espedientearen tramitazioa kutsatuta egon daitekeela bitartekarien interesak eta mugimenduak direla eta».

Hain zuzen ere, bihar bigarren aldiz bilduko da ikerketa batzordea, eta taldeek iragan astean aurkeztutako agerraldi eta informazio eskaerak aztertuko ditu. Besteak beste, datozen hilabeteetan ehun pertsona inguru joatea proposatu dute —hala nola, Cerdan auziko ikertuak, Nafarroako Gobernuko kargudunak, Muga meatokiaren gerente izandakoak eta Accionako buruzagiak—. Informazio eskaeratan ageri da taldeen arretaguneetako bat Muga meatokia bera dela. 

Guardia Zibilaren txostenean agertu zenez, Servinabar enpresaren, Accionaren, Koldo Garciaren eta Santos Cerdanen arteko harremana Muga meatokia sustatzeko orduan sortu zen. 2014 amaieran, Geoalcali enpresak meatokirako baimenak eskatu zituen Esa urtegitik hegoaldera potasa ustiatzeko, Nafarroa eta Aragoi arteko mugan, eta hura eraikitzeko kontratua eman zien Accionari eta Servinabarri. Hala, bitartekari gisa ari zirela ageri da Pedro Rodriguez Geoalcaliko orduko gerenteak Cerdani eta Garciari idatziriko mezu elektroniko batean: «Gure begi-belarriak izango zarete».

Gaur, Enrique Miranda meatokiaren aurkako plataformako kideak esaldi horri erreparatu dio kazetarien aurrean egindako agerraldian: «Noren aurrean ziren Geoalcaliren begi-belarriak? Guk susmatzen dugu administrazioaren aurrean zirela, eta, horregatik, gehiago ikertzea nahi dugu». Mirandak susmatzen du 2015etik 2023ra arte Servinabarrek eta Geoalcalik «zuzeneko harremana» izan zutela Nafarroako Gobernuko agintariekin.

Horren adierazgarri, Antxon Alonso Egurrola Servinabarreko burua Maria Txibite lehendakariarekin eta Jose Mari Aierdi kontseilariarekin bildu zen 2023an; bilera haietan, «Geoalcaliko ordezkari gisa» aurkeztu zen. Berriki, Geoalcalik ukatu egin du ordezkari gisa bidali izana, eta esan du 2020tik ez duela harremanik harekin. «Arraroa da Servinabarreko burua Nafarroako Gobernuko agintariekin biltzea jakiteko nola doan Muga meatokiaren proiektua. Arraroa da Geoalcaliren izenean biltzea eta hori gezurra izatea ere. Geoalcalik onartu du lobbylanak egiteko kontratatu zuela».

Udalei laguntzak

Meatokiaren proiektua gauzatzeko bidean, Geoalcalik hainbat administrazioren atea jo behar izan zuen. Meatokia ustiatzeko baimenak Nafarroako Gobernuari, Aragoiko Gobernuari eta Espainiako Gobernuari eskatu zizkien, eta, behin hori lortuta, haren asmoa zen meatokiak hartutako lurretako udaletan eraikitzeko baimenak erdiestea. Hala, gaur salatu dute Geoalcalik, bere fundazioaren bidez, diru laguntzak eman zizkiela Zangozerriko eta Aragoiko Cinco Villas eskualdeko hainbat udali —Nafarroan, Esa, Zangoza, Xabier, Ledea, Rocaforte—.

Fundazioak «diru asko» eman die kultur eta kirol ekitaldiak babesteko, museoak zaharberritzeko, udal azpiegiturak laguntzeko... Donazio horiek irabazi asmorik gabekoak direla zabaldu arren, Geoalcalik inguruko herriekin lankidetzan ari zela eta ondorioz proiektuaren babesa zuela islatzen zuen webgunean argitaratutako albisteen bidez. Meatoki enpresak Australiako burtsan kotizatzen du, eta «informazio horiek propaganda gisa erabiltzen zituen inbertitzaileei begira», Mirandaren arabera.

Horregatik, Sustrai Erakuntzak, Ekologistak Martxan-ek eta Muga Meatokiaren Aurkako Plataformak Kontuen Ganberari eskatu diote udalen kontuak aztertzeko jasotako laguntza horiek «legearen arabera egin diren ebazteko». Susmoa dute dohaintza horiek legez kanpokoak izan ote ziren. «Erakunde pribatuekin hitzartutako lankidetza kontratuak argitaratu egin behar dira, eta ez dute egin».

Tramitazioan dudak

Meatokiaren tramitazioan ere irregulartasunak antzeman dituzte. Alde batetik, 2012an, UPNren agintaldian, Zangozerrian potasa ustiatzeko aukera aztertzeko lana «nahieran» adjudikatu zitzaion Geolcaliri. «Meatokien legearen arabera, ikerketa lan hori lehiaketa bidez banatu behar da, eta hori ez zen horrela egin», azaldu du Mirandak. 

Bestetik, egiaztatu dute tramitazioan gauzak «presaka eta oker» egin zirela. Kasurako, gobernuen eta enpresaren lankidetza hitzarmena egin zen, eta horren barnean tramitatu zen ingurumen eraginaren txostena. Dena den, lankidetza hitzarmen hori ez zen argitaratu Nafarroako Aldizkari Ofizialean. «Hortaz, hitzarmenak ez du legezko baliorik», azaldu du Mirandak. Ezta, hortaz, haren barneko baimenak ere.

Nafarroako Gobernuko Hirigintza eta Industria zerbitzuek irizpidea aldatu zuten 2022an. Ordura arte, hainbat txostenetan —2015ean eta 2017an— zioten meatokia ezin zela inguru horretan egin «baso lurrak» zirelako. «Baina 2022an esan zuten ez zegoela arazorik eta eraikitzeko baimena eman zezakeela Zangozako Udalak. Irizpide aldaketa horrek harrituta utzi gaitu». 

Kontuan hartu behar da Geoalcalik hiru gobernuren tramitazio baimenak lortu zituela, baina salaketa egin duten taldeek auzitara jo zutela. Nafarroako Auzitegi Nagusiak 2023an bertan behera utzi zuen Nafarroako Gobernuak emandako baimena, eta ordutik proiektua geldirik dago, Espainiako Auzitegi Gorenak epaia eman arte. Auzitegi Nagusiak egiaztatu zuen, besteak beste, tramitazioa oker egin zela. Orain, informazio berria edukita, Mirandak galdera egin die parlamentariei: «Irizpide aldaketa horiek funtzionario baten kontua izan ziren, ala norbaitek bide bat markatu zuen, eta horri esker eman zion baimena Nafarroako Gobernuak? Parlamentuak hori ikertzea nahiko genuke». 

(ID_15200721) (aitor Karasatorre/@FOKU) 2025-08-04, Iruñea. Sustrai Erakuntzaren agerraldia Muga meatokiaren inguruan bildutako da...
Enrique MIranda, gaur, Nafarroako Parlamentu aurrean. AITOR KARASATORRE / FOKU

Muga Meatokia

Zein da enpresa sustatzailea?
Geoalcali duela hamalau urte sortu zen, Nafarroako potasa meatokiak ustiatzeko asmoz —bata Erreniegan eta bestea aipatutako Muga meatokia, Zangoza aldean—. 

Zein zen helburua?
Behin baimen guztiak lortuta, nekazaritzako ongarrietarako potasa ustiatzea. 800 enplegu sortu nahi zituztela zioten. Proiektua geldirik dago orain, auzitegiek gerarazi dutelako. 

Zer harreman du Australiarekin?
Geoalcali Australiako Highfield Resources enpresari saldu zioten. Hala, Nafarroan Geoalcali izena hartzen du, eta hemen bertako hainbat administratzaile izan ditu; Australian, berriz, Highfield Resources da.

Burtsan kotizatzen du?
Bai, eta gorabehera handiak izan ditu: 20 dolar australiar zentimorekin hasi zen kotizatzen, eta, Muga meatokiaren proiektua ongi zihoala zabaldu zuenean, akzioa bi dolarrera heldu zen. Orain, proiektua geldirik dagoenez, kotizazioa ere oso apal dago.

Zein da talde ekologisten susmoa?
Susmatzen dutenez, udalei emandako dohaintzez baliatzen zen gero adierazteko eskualdeko eragileen babesa zuela eta gauzak ongi zihoazela. Albiste horiek kotizazioan islatzen zirela diote.

Zer gertatu da Txinako inbertitzaileekin?
Iaz Txinako hiru funtsek 150 milioi euro inbertitzeko hitzarmena sinatu zuten, baina argi utzi zuten baimenak lortzen zirenean emango zutela babesa. Ez dago argi finantzatzeko konpromisoa hor ote den orain ere. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.