Mugarri izateko baldintzak

Ipar Euskal Herriko ia eremu politiko osoak proposamen garrantzitsu bat plazaratu du.Gatazkaren ondorioetan Frantziari ETArekin ados jartzeko eskatu diote.«Esparru instituzional berezia» nahi dute

Baionako adierazpenaren izenpetzaileetako bat agiria sinatzen, atzo, Lapurdiko hiriburuko hotel batean. BOB EDME.
enekoitz esnaola
2014ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Deigarria izan zen herenegunDonostian, Foro Sozialaren agerraldian, Raymond Kendall Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kideak esandakoa, Christiane Taubira Frantziako Justizia ministroaren adierazpen batzuk gogora ekarrita: «Frantzia ez da beti Espainiaren atzetik ibiliko». Ipar Euskal Herriko ia klase politiko osoak Baionan adierazpen garrantzitsu bat aurkeztu bezperan mintzatu zen hala Kendall.

Iparraldeko PS, UMP, zentro, abertzale, Berde eta CFDTren ordezkariak bildu ditu Baionako agiriak, HNT eta Lokarrirekin lanean batera aritu ostean. Duela 3 urteko Aieteko konferentziaz geroztik jardun dute elkarlanean. Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako lurralde elkargoaren eta euskal presoen eskubideen aldeko eskaerak eta mobilizazioak egin dituzte, mami politiko handiko adierazpena aurkezteraino: Frantziako Gobernuari «euskal gatazkaren» ondorioak konpontzeko ETArekin akordio bat lortzeko, «marko juridikoaren barnean eta giza eskubideak errespetatuz» presoen eskubideak betetzeko neurriak hartzeko eta gerora amnistiaren lege bat lantzeko, eta Ipar Euskal Herrirako «esparru instituzional berezi bat» emateko eskatu dizkiote.

Ikusi egin beharko da zein izango den Frantziaren erantzuna: orain arte bezala Espainiako Estatuaren bide itxiari men egiten dion ala gatazkaren konponbiderako eta Ipar Euskal Herriarenaitortza instituzionalerako urratsak egiten dituen. «Bake iraunkorrabermatzeko» pausoak emateko galdegin diote Baionako sinatzaileek. Atzokoa mugarri izateko baldintzak erein dituzte, bederen. Frantziak du ardura.

Preso, iheslari eta atxilotuen kasuan, eskaera zehatzen artean dira, besteak beste, presoen hurbilketa eta haien elkartzea, gaixorik dauden presoak eta zigorra bukatzear direnak askatzea,euroagindua ez betetzea; «adostasun politikoa eta esparru juridiko berria» izanda, «prozedura polizial eta juridikoen gelditzea» edota iheslariek bizitokia aukeratzea; eta, azkenik, «epe luzean amnistia lege baten sortzea».Eskaera zehatzak eta ausartak.

ETAren jarduera armatua bukatzeko proposamenak ere plazaratu dituzte: «nazioartearen kontrolpean» Frantziako Gobernuak eta ETAk «akordioa» lortu beharko lukete, erakunde armatuak Frantziako Estatuan dituen azpiegiturak nola desegin etadesarmatu zehazteko.

«Egia eta adiskidetzerako» neurriak ere eskatu dituzte, eta uste dute «nahitaezkoa» dela gobernuen engaiamendua.

Ipar Euskal Herriko lurralde kolektibitateari buruzkoa da Baionako adierazpeneko azken puntua. Balioan jarri dute hiru herrialdeetan egindako lan askotarikoa, eta, ondorioz, Frantziako Gobernuari eskatu diote «Euskal Herriari esparru instituzionalberezi baten emateko».

Urteetako lan baten eta kultura politiko baten ondorioa da atzokoa. Sinatzaileek diote 2011n Aieteko testuari babesa eman ziotela, «bakerako trantsiziozko bide orri gisa balio zuelako». Elkarlanean aritzera bultzatu zituen, eta ETAk jarduera armatua utzi ostean «hasitako bake prozesuari» ekarpen bat egin nahi izan diote. Loreak hotelean jakinarazi zuten adierazpena. Bukaera-bukaera arte aritu ziren testua adosten.

Presoak

Ekintzen bidez frogatuko da Frantziaren aldetik jarrera aldaketarik baden. Datorren ostegunean, adibidez, Parisko Auzitegiak Ibon Fernandez Iradiren kartzela zigorra eten ala ez erabakiko du. Esklerosi anizkoitza du, eta hura da gaixotasun larriren bat duten hamar presoen artean Frantziako Estatuan dagoen bakarra —Lannemezanen daukate, Euskal Herritik 233 kilometrora—.

Abuztu bukaeran lau euskal presok txosten bat eman zioten Taubira Justizia ministroari, Saint Martin de Re espetxera bisita egin zuenean. Presoen egoera azaldu zioten, gaixorik daudenei aipamen berezia eginda. Aurretik —uztailean—, Frantziak bi preso Euskal Herriko kartzeletara gerturatu zituen. Maritxu Paulus EPPK-ko kideen abokatua pozik agertu zen horregatik, eta «legea bada irizpidea, preso denak gerturatu beharko dituzte», adierazi zuen. EPPK-k abenduan iragarritakoa betez, Frantziako Estatuan diren euskal preso guztiek hango Espetxeetarako Administrazioan eskaerak eginak dituzte, Baionako kartzelara edo handik hurbilenekora eramateko.

Taubirak dio ez dutela aldatu espetxe politika, baina bi preso haien gerturatzeak izan zirenean Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroa hedabideen aurrera atera zen, eta «zorrotz» ukatu nahi izan zuen Frantziaaldatu dela: «Frantzia Espainiarekin lerrokatuta dago terrorismoaren aurkako borrokan eta espetxe politikan». Kendallek uste du hori ez dela betiko izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.