Mugen Aurkako Europako Agentzia sortu dute zenbait kolektibok, migrazio politiken «joera autoritarioa» salatzeko

Europako zenbait gizarte eragile batu dira egitasmora, tartean Euskal Herriko bi talde: Negu Gorriak elkartea eta Artea Sarea. Iragarri dute protesta eginen dutela ostiralean indarrean sartuko den Migrazioari eta Asiloari buruzko Europako Itunaren aurka.

Europako Mugen Aurkako Agentziaren aurkezpena, gaur, Iruñeko Katakrak liburu dendan. IÑIGO URIZ / FOKU
Europako Mugen Aurkako Agentziaren aurkezpena, gaur, Iruñeko Katakrak liburu dendan. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
IRUÑEA
2026ko ekainaren 9a
15:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Europa Minneapolisera hurbiltzen ari da; Frontex agentziak ICEren antz gero eta handiagoa du». Europako Batasunaren migrazio politikak gogortzen ari direla uste dute Euskal Herriko eta atzerriko zenbait gizarte eragilek, eta horren erakusgarritzat jo dute ostiral honetan indarrean sartuko den Migrazioari eta Asiloari buruzko Europako Ituna. Sinetsita daude migrazio politiken «joera autoritarioak, arrazistak eta bortitzak» indartuko dituela, eta Europa bera are gehiago gotortu. Horri aurre egite aldera, elkarlanaren bideari ekin diote: Mugen Aurkako Europako Agentzia sortu dute, eta iragarri protesta ekintzak eginen dituztela datozen egunetan.

Europako zenbait gizarte eragileren artean sortu dute egitasmoa. Tartean dira No Name Kitchen, L'Aurora Grup de Suport, Solidary Wheels, Rescue Life eta Euskal Herriko bi ordezkari: Iruñeko Negu Gorriak elkartea eta Arratiako Artea Sarea (Bizkaia). Iruñeko Katakrak liburu dendan aurkeztu dute egitasmoa.

Mugen Aurkako Europako Agentzia «desobedientzia zibileko sare bat» dela esan du Negu Gorriak elkarteko kide Samira Calvo Canillasek: «Mugen abolizioaren aldeko konpromisoa duten kolektibo eta erakundeek sortu dute egitasmo hau. Lankidetzarako espazio askotarikoa da, eta hainbat arlotan eskarmentua duten taldeak batzen ditu». Zehazki, «kontrabotere eraginkor bat» eratu nahi dute, «Europako gotorlekuari aurre eginen diona».

Lau helburu eta ekintza bat

Lau ardatzetan laburbildu dute agentzia berriaren egitekoa: eragileen arteko loturak indartzea, egungo ordena etetea, mugak abolitzea eta botere instituzionaletik emantzipatzea. Lehen helburuari buruz, zera esan du agentziako ordezkari Amaya Tapia Abregok: «Agentziaren lehen helburua da erakundeak konektatzea, lankidetza dinamikak proposatzea eta eztabaidak sustatzea». Izan ere, ezinbestekotzat jo du komunikatzeko esparruak eta deliberazio politikoa hauspotzea, «nazioarteko mugen aurkako borroka egituratze aldera». Horiek horrela, sarera batzeko gonbita egin diete migrazio politikak irauli eta desobedientziaren bidea urratu nahi duten kolektibo guztiei.

«Arazoa ez da mugak kanpora ateratzea, ezta Frontex agentziaren militarizazioa ere. Arazoa muga bera da, arazoa Frontex da. Jarrera abolizionista dugu, eta hori hedatu nahi dugu sareetan, gure komunikazio jardunaren bitartez», esplikatu du Calvok.

Helburu horiek betetzeko bidean, ostiral honetan eginen du lehen urratsa Mugen Aurkako Europako Agentzia sortu berriak. Protesta ekintza bat antolatu dute zenbait herri eta hiriburutan ekainaren 12rako, Migrazioari eta Asiloari buruzko Europako Ituna indarrean sartuko den egunerako, hain zuzen: «mugen aurkako kontrolak» paratuko dituzte Europako Batasunaren bulegoetan eta, oro har, migrazio politikez arduratzen diren erakundeen egoitzetan. Horretarako, idazkiak, eskuorriak, pegatinak eta bestelako materiala eskuragai jarri dute agentziaren webgunean, jendeak protestarekin bat egin dezan.

Edonola ere, gogorarazi dute Espainiako Estatuaren menpeko herrialdeetan abian dela ezohiko erregularizazio prozesu bat, eta, hori aintzat hartuta, gomendioa egin dute haren parte diren bulegoetan ekintzarik ez egiteko, paperak tramitatzen ari diren migratzaileen egoera are gehiago ez zailtzeko.

Dena den, ostiralekoa ez da izanen Mugen Aurkako Europako Agentziaren ekintza bakarra. Iragarri dute beste ekintza batzuk, parodiak eta aurkezpen publikoak izanen direla datozen aste eta hilabeteetan, eta horrez gain, ikasgela bat ere sortu asmo dute, «dokumentazioa, prestakuntza eta ikerketa lanak» garatzeko xedez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE