Ikastetxeek, erietxeek, lantegiek eta aisialdi guneek mugikortasun planak izatea nahi du Eusko Jaurlaritzak. Ibilgailuak partekatzea, taldeentzako garraioak ezartzea eta etxetik lan egiteko aukera bermatzea jaso beharko dute plan horiek. Jarduera zentroen planak deitu dio Jaurlaritzak egitasmoari. Atzoko gobernu kontseiluan onartu zuen mugikortasun iraunkorreko lege proiektua, eta egitasmo horretako puntuetako bat da jarduera zentroetakoa. Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako eledunak eta Iñaki Arriola Garraio sailburuak eman zuten erabakiaren berri. Eusko Legebiltzarrera eramango dute orain lege proposamena, han eztabaida dezaten.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dauden mugikortasun plan eta ekintza guztiak bateratu nahi ditu Jaurlaritzak, eta horiek «xede komun batera» begira jarri. Garraioen eta azpiegituren «iraunkortasun ekonomikoa eta soziala» lortu nahi dute, Arriolaren hitzetan. Alor ekonomikoan, bi helburu ezarri ditu Jaurlaritzak: bata, ekonomia lehiakorragoa egiteko mugikortasuna «behar bezala» bideratzea; eta bestea, azpiegitura eta garraio zerbitzu berrietan egin beharreko inbertsioak ekonomikoki bideragarriak diren jakiteko analisi bat egin behar izatea. Garraioen plangintza «arrazionalizazio irizpideak» kontuan izanda egin behar dela uste du Arriolak, ekonomikoki eta sozialki abantaila gehien duten egitasmoak lehenesteko.
Iraunkortasun sozialari dagokionez, herritarrek garraio publikoa gertu izatea «bermatu ez ezik bultzatu» egin nahi duela nabarmendu du Arriolak: «Iristeko erraztasuna sustatuz, lortu nahi dugu garraiobideek oztoporik ez eragitea mugikortasun txikia duten pertsonei». Arriolaren esanetan, iristeko erraztasunak ere esan nahi du garraio publikoek herritar guztiek ordaintzeko moduko prezioak izan behar dituztela.
Etxegintzako proiektuei eragingo die Eusko Jaurlaritzaren asmoak, aurrera eginez gero. Alor horretako egitasmoek plan bat aurkeztu beharko dute, etxebizitza berriak herriko garraio sarearekin nola lotu azalduz. Arriolak adierazi du azpiegituren eta garraioen kalitatea hobetzeaz gain herritarrek eta enpresariek mugikortasun iraunkorraren garrantziaz kontzientzia hartzea nahi duela.
Erakundeek ere zeregina
Administrazio publikoek ere izango lukete zereginik: azpiegitura edo garraio zerbitzu bat sortu edo moldatu ahal izateko, hori egitearen kostua eta eragina aztertu beharko lukete aurrena. Azterlan horrek erakutsi beharko luke errentagarritasun ekonomikoaren eta sozialen irizpideak betetzen direla. Hala ere, ate bat zabalik utzi dio Arriolak baldintza horiek ez betetzeari: «Salbuespen gisa, gerta liteke interes orokorreko arrazoiek inbertsioa justifikatzea, nahiz eta irizpide horiek ez bete».
Gainera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako mugikortasun plan bat eratzea proposatzen du Jaurlaritzak lege proiektuan. Hamar urterako plana izango litzateke, eta bi urtetik behin berrikusiko lukete. Dena den, Arriolak aitortu du Jaurlaritzak errespetatu egingo dituela aldundiek eta udalek mugikortasunean dituzten eskumenak.
Mugikortasun planak egitea galdegingo die Jaurlaritzak eskola, erietxe eta lantegiei
«Iraunkortasun soziala eta ekonomikoa» xede duen mugikortasuneko lege proiektua onartu du gobernu kontseiluak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu