Zaintzaz hitz egiteko mahai bat osatzeko eskatu diete feministek gobernuei

Atzoko greba «historikotzat» jo du Denon Bizitzak Erdigunean plataformak, baina aurrera begirako lanetan jarri du arreta. Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari sektoreen arteko mahai bat eratzea galdegin die.

(ID_13394708) (/EZEZAGUNA) ab1-4
Mugimendu feministako kideek grebaren balorazioa egin dute lehendakaritzaren aurrean, Gasteizen. DENON BIZITZAK ERDIGUNEAN
Maixa Utrera Puelles.
Gasteiz
2023ko abenduaren 1a
15:35
Entzun

Mobilizazio eta aldarri eguna izan zen atzokoa Hego Euskal Herrian: lehen aldiz greba feminista orokorra egin zuten, zaintza eskubide kolektiboaren alde, eta milaka lagun batu ziren protestetara hiri eta herri guztietan. Denon Bizitzak Erdigunean plataforma feministak agerraldia egin du gaur Gasteizen eta Iruñean, lehen balorazioa egiteko, eta berretsi du atzokoa «historikoa» izan zela: itxaropena dute mugarri bat izango dela zaintzaren aldeko aldarriak agenda politikoaren lehen lerrora eramateko. Horregatik, taldeak etorkizunean jarri nahi izan du arreta orain, eta atzoko manifestazioetako ekitaldi politikoetan egindako eskaera berretsi dute gaur: «Askotariko sektoreak ordezkatuko dituen eztabaida mahai bat eratzea» galdegin diete Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari, «herri akordioaz eta aurrera begirako urratsei buruz hitz egiteko».

Zorion eta esker on mezuekin abiatu dituzte agerraldiak, bai talde feministentzat, bai grebara batutako eragile sozial eta sindikalentzat: «Beste behin ere, kaleak hartzeko, proposamen integralak egiteko eta antolatzeko dugun gaitasuna erakutsi dugu». Halere, mugimenduko kideek argi dute atzokoa hasiera baino ez dela izan: «Orain, herriz herri sortutako su txikiak piztuta mantentzea dagokigu». Adierazi dute atzo bezala hemendik aurrera ere lanean jarraituko dutela zaintza eskubide kolektiboaren eta zaintza sistema publikoaren alde. Horretarako, mobilizazio berriak antolatzen jarraituko dute: «Badugu zer asmatu, zer irabazi, zer sortu eta zer mantendu».

Eta etorkizunera begirako lanaren lehen pausoetako bat segituan egin dute: agiri bana helaraziko diete Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko lehendakariei, sektore arteko mahai bat sustatzea galdegiteko, eta horren nondik norakoez hitz egiteko bilera bat eskatzeko. Hain justu, bi gobernuen egoitzen aurrean egin dituzte gaurko agerraldiak, eskaerok erregistratzeko; prozesuan eragileen batera landutako herri akordioa ere helarazi diete.

Erantzun handia

Mobilizazio oso jendetsuak izan ziren atzokoak, baina mugimendu feministako kideek greba egunaren aurreko asteetan eta hilabeteetan ibilitako bidea ere nabarmendu dute. Izan ere, eguna ez ezik, prozesua ere «historikotzat» jo dute. «Askotariko lanek elkartu gaituzte: asanbladak sortu, aliantza berriak josi, zaintza eskubide kolektiboa sozializatu...», adierazi dute. «Amaigabea da zerrenda».

Baina antolaketa moduetan ez ezik, egiteko moduetan ere izan du berritasunik. Izan ere, duela gutxi arte ezezaguna zen greba orokor feministaren kontzeptua gizarteratzea eta «borroka molde berriak» plazaratzea lortu dute, eta, hala, grebaren «betiko iruditegia» iraultzea: «Greba egiteko bestelako moduak bilatzeko bideak asmatu ditugu. Zaintza eta etxeko langileen elkarteek forma berriak proposatu dituzte, egoteko moduak politizatuz».

Zenbakiei begiratuta ere, adierazi dute ukaezina dela grebak erantzun eta babes zabala izan zuela. «Aipatzekoa da Euskal Herriko lan zentro gehien-gehienetara iritsi dela zaintza eredu hau eraldatzeko beharra», azpimarratu dute. Eta zenbakiak dira horren adibide: «1.500 langile batzorde baino gehiago batu dira, piketeak egin ziren eremu eta sektore askotan, eta industrialde ugari kolapsatuta egon ziren».

Hezkuntzan ere erantzun «handia» izan zuen grebak. Mugimendu feministaren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eskola publikoetan, haur eskoletan eta ikastoletan, %70-75 ingurukoa; eta Nafarroako ikastoletan, %90etik gorakoa. Garraio publikoak emandako babesa ere nabarmendu dute, Euskotrenek eta Bilboko Metroak zerbitzu minimoak baino ez baitzituzten eskaini. Komunikabideei dagokienez, EITB taldean zabala izan da grebaren erantzuna. Horretaz gain, BERRIA, Argiaastekaria, Gara, Hamaika telebista, Hala Bedi Irratia, Pikara Magazineeta eskualdeetako Hitza-k ere grebari batu zitzaizkien.

Hutsuneak eta salaketak

Izan ziren «hutsuneak», baina mugimendu feministak bazuen horien berri. Greba prestatzen hasi zirenetik bai baitzekiten zailtasunak izango zituztela sektore jakin batzuetako langileak deialdira batzeko. «Jakitun geunden zaintza langile askok ezin izango zutela egun osoko lanuzterik egin, greba egiteko eskubidea urratzen zaielako», gaitzetsi dute. Bereziki deitoratu dute zahar etxeetan eta eguneko zentroetan gutxieneko zerbitzu «neurrigabeek» eguna «baldintzatu» izana, baina, hala ere, beharginen erantzuna txalotu zuten: «Greba egin zezaketenen %90ek baino gehiagok egin zuten».

Atzoko protestetan antzeman zen hori; Iruñeko Erruki Etxea zahar etxean, adibidez, hala mintzatu ziren bertako langileak: «Erruki Etxea ez da zahar etxe normal bat, makroegoitza bat baizik, Nafarroako handiena. 480 egoiliar ditu, eta 272 langile ari gara hor lanean. Badakizue zenbatek egin ahal izan dugun greba? Zazpik». Osakidetzako eta Osasunbideko langileak ere ez dituzte ahaztu: haiei ere lanuzterako eskubidea «ukatu» zieten, eta greba babesteko bestelako moduak bilatu behar izan zituzten: pankartak, sare sozialen bidezko zabalpena eta babes adierazpenak, besoko laranja...

Bestalde, feministek gogora ekarri dute gizonak interpelatzea eta haien parte hartzea sustatzea zela grebaren «beste erronketako bat». «Gizon batzuek gaiaren gaineko ardura hartu dute, eta asanbladetan eta kalean zegokien posizioan aritu dira», nabarmendu dute. Hala ere, beste askok ez zuten hala egin, eta atzo zabaldutako mezu bera helarazi nahi izan diete: «Hartu dagokizuen ardura!».

Urkullu: «Denok izan behar dugu zaintzaile»

Bestalde, «lidergo publikoan oinarritutako zaintza eredu publiko eta komunitarioa» defendatu du gaur Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Eusko Legebiltzarrean. Grebaren biharamunean gaiaz galdetu dio Isa Gonzalez Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkideak, kontrol saioan; erakundeek «pribatizazioan sakontzea» deitoratu du, eta gobernuari eskatu dio «kalearen aldarriari» erreparatzeko. Urkulluk erantzun dio «kezka» dutela zaintzaileen baldintzekin, eta ikusten dutela egungo eredua gainditzeko premia: «Denok ikasi behar dugu zaintzaile izaten, ez bakarrik instituzioek».

ELA sindikatuak ere gogora ekarri du grebaren «inpaktua»: «Albiste ona izan zen milaka lagun mobilizatzea». Gobernuak interpelatu izana ere txalotu du: «Gobernuek eta patronalek negozio gisa ulertzen dute zaintza».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.