«Euskal zaintza sistema publiko-komunitarioa» eskatu dute manifestazio jendetsuetan

Euskal Herriko Mugimendu Feministak deitu du greba orokorrera, eta gehiengo sindikalaren babesa izan du; goizean goizetik izan du eragin nabaria. Arratsaldean manifestazio handiak egin dituzte hiriburuetan eta eskualdeetan.

Arratsaldeko manifestazioa Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
gurutze izagirre intxauspe
2023ko azaroaren 30a
20:50
Entzun

Mugimendu feministak milaka pertsona elkartu ditu Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, gaurko greba orokor feministaren harira arratsaldean eginiko manifestazioetan. Manifestazioen amaieran irakurri duten oharrean, salatu dute Euskal Herriko «zaintza erregimena erabat asistentzialista eta familista» dela. «Sinetsarazi digute familiak eta zehazki emakumeak direla zaintza lan horiek egin behar dituztenak». Esan dutenez, zaintza beharrak asetzeko gizarte zerbitzu publikoak «oso murritzak» dira, eta zerbitzu gutxi horiek pribatizatzen ari dira. «Zaintza negozio bilakatu dute; azpikontratazioen bidez merkatu pribatuaren esku utzi dute, eta zerbitzuen langileon lan baldintzak prekarizatu dituzte».

Gaurko greba orokorra «ezeren amaiera ez» dela gaineratu dute, eta lanean jarraituko dutela hitzeman dute «euskal zaintza sistema publiko-komunitarioa» lortu arte.

Euskal Herriko lehenengo greba feminista orokorrak oihartzun handia izan du hainbat sektoretan, antolatzaileek adierazi dutenez. Euria ez da oztopo izan, eta aterkipean ehunka mobilizazio egin dituzte egun osoan, greba batzordeek antolatuta. Goizaldeko piketeetako deialdiak jendetsuak eta askotarikoak izan dira. Eguna argitzerako, lapiko jotzeak eta txapliguak entzun dira lantoki handi eta hiriguneetako sarrera orokorretan. Hainbat errepide itxi dituzte, eta garraio publikoan ere nabaria izan da eragina goizean goizetik. Piketeetan hainbat oldarraldi izan dira, eta Gasteizko Michelinekoan bi pertsona atxilotu ditu Ertzaintzak. Askatu egin dituzte gero.

Eusko Jaurlaritzak bidalitako datuen arabera, administrazio orokorrean %13,28k egin dute greba; hezkuntzan, %39k; osasunean, %5,6k; segurtasunean, %2k; eta justizian, %11k.

Greba feminista orokorraren helburua da zaintza lanen esparru osoa problematizatzea eta berrantolatzea, Euskal Herriko Mugimendu Feministaren hitzetan: «Zaintza lanetan ari direlako, greba eskubiderik ez dutelako edo gehiegizko zerbitzuak inposatu zaizkielako greba egin ezin duten emakume horiek ez dira kontabilizatuko greba egin dutenen datuetan».

«Eztabaida saihetsezina» eta «urrats erraldoia»

Gehiengo sindikalak egin du bat grebarekin: ELA, LAB, Etxalde, CGT, ESK, EHNE eta Steilasek. ELAko Amaia Muñoak esan du gaurko grebak erakutsi duela «zaintzaren eztabaida politikoa saihetsezina dela». Milaka pertsonek kalean egindako aldarriari entzuteko eskatu die Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari. «Emakume eta gizonentzat, gizartearentzat, funtsezkoa da beste zaintza sistema bat eraikitzea: alde batetik, pertsona erdigunean jarriko duen zaintza sistema parekidea behar da; eta bestetik, publikoa, doakoa, unibertsala eta kalitatezkoa izango dena».

«Zaintzaren iraultza jada martxan da», baloratu du Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak. Uste du «zaintza iraultzeko urrats erraldoia» dela gaurkoa. Gogoan izan ditu zaintzarengatik gaur greba egin ezin dutenak, eta zaintzaren krisia eta zaintza eraldatzearen beharra mahai gainean jartzen segitu beharko dela ohartarazi du: «Grebak erakutsi du gaur egun nagusiki emakumeen gain dauden ardura horiek jendarte osora zabaltzeko beharra, datozen urteetako erronkarik handienetakoa izango da eta. Gaia politizatzen eta kontzientziak astintzen lagundu du». Zaintzarekin negozioa egiten dutenak interpelatu ditu, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, aldundia eta patronalei zuzenduz, eta euren politikak beste bide batean jar dezaten eskatzeko. «Zaintza eredua eraldatu gabe emakume eta gizonen arteko berdintasunaz hitz egitea erretorika hutsa da»

«Gaurko grebak erakutsi du zaintzaren eztabaida politikoa saihetsezina dela».

AMAIA MUÑOA ELA

«Zaintza eredua eraldatu gabe emakume eta gizonen arteko berdintasunaz hitz egitea erretorika hutsa da».

GARBIÑE ARANBURULAB

EH Bildu ere batu zaio greba deialdiari: jakinarazi du gidatzen dituzten udaletan geratu egin direla, eta gainerakoetan geratzeko deia egin dute. Nafarroako Parlamentuan eta Eusko Legebiltzarrean osoko bilkurak zituzten, eta EH Bilduko ordezkariek aulkiak hustu dituzte; Gasteizko ganberan bi ordezkari utzi dituzte soilik. Elkarrekin Podemosek ere bat egin du feministek eskariekin.

EAJren Bizkai Buru Batzarreko buru Itxaso Atutxak, berriz, azaldu du ari direla lanean «zaintza jardunaren erdigunean jarriko duen zerbitzu publikoak duintzeko», baina hori lortzeko greba egitea ez du egokitzat jo. Atutxaren esanetan, EAJk bultzatzen du zaintza lana aitortuko duen eredua, soldata duina barne, erakundeek ematen duten zaintza eta familiaren zaintza uztartuz, kasu bakoitzaren beharren arabera, erantzukizun publikotik ematen diren zerbitzu eta prestazioak areagotuz, zaintza-esparru inklusibo eta hurbilak sortuz, zaintza lanak gizonen eta emakumeen artean banatuz: «Erakundeetatik egiten dugu hori; gure politika publikoetan egiten dugu, baina baita alderdi gisa, zaintzaren alorrean parte hartze are parekatuagorako bidea egin behar dugula aldarrikatuz, eta ez soilik ordainpeko zaintza lanetan, baizik eta gure etxe barruan egiten ditugunetan ere». Zaintzaren alorrean zeresana duten eragileekin elkarrizketarako foroa irekita dutela gehitu du.

Hiriburuak

Hiriburuetan nabaritu da gehien eragina. Gasteizen, auto pilaketak nabaritu dira goizean goiz, errepideak itxi baitituzte, eta gauza bera gertatu da Bilbon eta Donostian. Iruñean, autobus zerbitzuak ere etenaldiak izan ditu lehen orduan, piketeengatik.

Antolatzaileen datuen arabera, komunikabideei dagokienez, EITB taldean zabala izan da grebaren erantzuna, eta irrati eta telebista publikoan gutxieneko zerbitzuak ezarri dituzte; albistegiak bakarrik ari dira ematen. ETBn ez da programarik grabatuko, eta soilik albistegiak eta grabatutako programazioa ematen ari dira. Horretaz gain, BERRIA, Argia asteakaria, Gara, Hamaika telebista, Hala Bedi Irratia, Pikara Magazine eta eskualdeetako Hitza-k ere grebari batu zaizkio.

Euskotrenen eta Bilboko Metroan, grebaren oihartzuna oso handia izaten ari da, eta gutxieneko zerbitzuekin ari dira lanean. Iruñean, billabesen zerbitzuak geratu dituzte goizean piketeek.

Greba feminista
Iruñean, billabesen zerbitzuak geratu dituzte piketeek. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Hezkuntza publikoko 600 ikastetxeetan izan du eragina lanuzteak. Unibertsitatean, Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako campusetan ia geratuta egongo da jarduera. Itundutako ikastetxeetan ere oihartzun handia izan du, ikastola gehienek ateak itxi dituzte, eta gainerako zentroetan ere nabarmena izan da erantzuna.

Ikamak ohar batean jakinarazi duenez, ikasleak zaintza eskubide kolektiboaren aldeko borrokara batu dira: «Ikasleak zaintza eskubide kolektiboaren aldeko borrokara batu dira, eta argi utzi dute egungo hezkuntza sistema, sistema zisheteropatriarkal kapitalista eta zaintzaren antolamendu soziala erreproduzitzeko oinarrizko tresna dela». Hilabete luze daramate Ikasle Komiteetan antolatzen, zaintzaren auzia hezkuntza eremuan landu eta ikasleen artean sozializatzeko asmoz. Unibertsitateetan, campuska sortu dituzte komiteak, eta bigarren hezkuntzako heziguneetan, berriz, ikastetxez ikastetxe. Hainbat batzar egin eta egitasmo bultzatu ostean, jardun akademikoa geldiaraztea lortu dute gaur, eta mobilizazioak egin dituzte.

Gipuzkoako zenbait udalek bat egin dute grebarekin: Azpeitiak, Ordiziak, Oñatik, Arrasatek, Oriok, Urretxuk, Tolosak, Bergarak eta Zumaiak, besteak beste.

Gizarte ongizateko zerbitzuetan eta osasungintzan ezarritako gutxieneko zerbitzuek guztiz baldintzatu dute greba. Milaka langileri ukatu diete greba egitea, zerbitzu askotan %100ekoak baitira gutxieneko zerbitzuak. Adibidez, gaueko txandetan, ia langile batek ere ez du grebarekin bat egiteko aukerarik izan. EAG edo larrialdietako langileei ere %100eko gutxieneko zerbitzuak ezarri zaizkie.

Zahar etxeetan eta eguneko zentroetan ere, gutxieneko zerbitzuek baldintzatu dute grebaren eragina. Zahar egoitza gehienetan dauden egoiliarrak dependentzia handikoak direnez, ia ezinezkoa da greba egitea; adibidez, 55 langileko zahar egoitza batean, bostek baino ezingo dute greba egin.

Herrialdez herrialde

Grebak oihartzuna izan du industrian ere, batez ere Gipuzkoan. Erabat gelditu da ekoizpena honako enpresa hauetan: Indar (Beasain), Arcelor Mittal (Bergara), Mondragon Assembly (Arrasate), Natra Zahor (Oñati), Jose Maria Mendiola (Andoain) eta Niessen (Oiartzun), besteak beste. Erantzuna oso handia izan du Beasaingo eta Irungo CAF enpresetan.

Bizkaian, grebak eragin berezia izan du Lea Artibaiko eta Durangaldeko industrian. Microdeco edo AKT Plasticos enpresek, esaterako, jarduera eten dute. Kadaguako Lucart eta Cementos Lemona enpresetan ere nabaritu dute.

Araban, Gasteizko DHL eta Ferrovial enpresetan izandako eragina nabarmentzekoa da, geldialdi handiak izan baitira industrialde osoan. Aiaraldean, Amurrio Ferrocarriles, JEZ Sistemas eta Artiach enpresetan sentitu dute greba.

Nafarroan, industria sektorean askotarikoa izan da erantzuna, eta eragin gehiago izan du Iruñeko industria ingurabideko enpresetan; izan ere, piketeak egin dituzte Arazuri Orkoien industrialdean eta Berrikuntzaren Hirian. Nafarroa iparraldean eta Sakanan arrakasta handiagoa izan du, eta Magotteaux eta Torraspapel enpresetan izan du erantzun nabarmena.

Grebak oihartzuna izan du merkataritzaren sektorean ere, ehungintzan eta oinetakoetan bereziki: Tendamen eta H&M-n, esaterako. Eguerdi partean, Bilboko Kale Nagusian pertsianak jaitsi dituzte kate handietako zenbait ehungintza dendak, piketeengatik. Elikagaien merkataritzaren arloan, Eroskin eragina izan du grebak.

Eguerdiko mobilizazioak

Eguerdian, beste horrenbeste mobilizazio eta egitasmo egingo dira herriz herri. Bilbon, Donostian, Iruñean eta Gasteizen, etxeko langileen eta zaintza langileen kolektiboetatik koordinatutako ekintzak egin dituzte, eta zaintza langileen aldarrikapenetan jarriko da arreta. Donostian Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean kateatu dira bost pertsona. Ertzaintzak bost horiek eta beste bat atxilotu ditu, eta iluntzean askatu dituzte.

Iruñean, Erruki Etxearen aurrean egin dute protesta berezia, zaintza sektoreko langileen sostengua adierazteko. Bilbon, udaletxe aurrean udalaren osoko bilkura antzeratu eta mozioak onartu dituzte herritarrek, Zain eta Tza alkateen esanetara. Gasteizen, berriz, Deriba antolatu zute, zazpi leku jakinetan zazpi eskakizun zehatz plazaratzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIA babestuz, harro herri! Martxoaren 14tik 24ra, ekarpenak saria du.