Lurraren Altxamenduak sare ekologistak eman du zeresana azken urteetan. Hainbat ekintza ikusgarrik Frantziako mugak gainditu dituzte, eta munduko hedabide askotako lerroburuak bete. Hainbat urtetako bizipenak, hausnarketak eta beste hainbat kontu jaso dituzte sareko hainbat kidek, taldearen beraren izenean sinatutako Lehen astinduak: Iraultza ekologista bat liburuan. 2021ean argitaratu zuten, eta orain, Katakrak-ekin batera, euskaratu egin du Eider Beobide itzultzaileak.
Donostiako Plaza Berriko liburutegian aurkeztu dute liburua, Beobidek eta Hedoi Etxartek, argitaletxeko editoreak. Azken horrek azaldu duenez, azkenaldian lantzen ari diren ildoko liburuen estilokoa da euskaratu berri dutena, eta datozen urteetan ildo horri berari eusteko asmoa berretsi du editoreak. Esaterako, gogorarazi du 2020. urtean Gure historia da etorkizuna liburua euskaratu zutela, besteak beste; Nick Estesena da, eta Etxartek nabarmendu du azken 200 urteetan Ipar Amerikako indigenek izan dituzten erresistentzia eredu batzuk jasotzen dituela. Are, datorren urtean ekologiarekin lotutako beste hainbat liburu argitaratuko dituztela nabarmendu du.
Ikusi gehiago
Etxartek nabarmendu du Lurraren Altxamenduak sarea «ziurrenik» kapitalismoaren kontrako Europako erresistentzia mugimendurik handiena izango dela, borroka ekologistetatik at dauden mugimenduak bilduta. Izan ere, taldeak 150.000 pertsona inguru saretzen zituen 2023an. Horrez gain, eraginkorrena dela ere uste du, hainbat lorpen izan baitituzte.
Beobidek azaldu duenez, «oso liburu sakona eta pertinentea» da, mugimenduaren hiru urteko bilakaera plazaratzea helburu duena: «Azpimarragarria iruditzen zait mugimendu oso batek eta jende askok idatzitako liburu bat dela; jende asko ibili dela batzordeetan eta ekintzetan parte hartzen, eta baita eztabaidak egiten ere liburu hau idazteko, eta hori nabaritzen da liburuan».
Ikusi gehiago
Etxartek bost atal identifikatu ditu liburuan, baina bi talde handitan bildu daitezkeela gehitu du: egoeraren diagnostikoa, eta horren kontra zer egin. «Jauzi baten beharra identifikatzen dute», esan du editoreak. Gainerakoan, idazleek azaltzen dute mugimenduak zer iturritatik hartu duen inspirazioa; aipu mordoa omen ditu, era askotako pertsonenak, eta irakurketa laguntzeko mapak eta eskemak ere baditu. Beobiderentzat, «lan zaila baina aberasgarria» izan da itzulpena egitea, eta uste du ondo etorriko dela auzi ekologistako hainbat termino euskaraz naturalizatzea. Gainera, hainbat pertsonak idatzi dutela ere nabaritu du Beobidek, tonu ezberdinak baititu kontakizunak.
Errepresioaren markak
Itzultzaileak beste kontu bat ere nabarmendu du: orainaldian dagoela idatzita liburua, «etengabeko erritmoan dagoen mugimendu bat delako». Atxiloketak izan dituzte taldean, baita desegite mehatxuak ere, eta horren aztarna harrapatu du Beobidek: «Liburuaren idazketa etetea eta idazteko zailtasunak izatea eragin du horrek».
Bi ildo nagusi ditu liburuak, itzultzailearen arabera: bata, artifizializazioaren kontrako borroken kontaketa, eta bestea, «lurren eta uren metaketarena»: «Haien jarduteko era nagusia da ekintza zuzen masiboak egitea, eta horri ematen diote indarrik handiena. Ekintzak egun argiz egiten dituzte, milaka pertsonak aldi berean, eta horiek mota ezberdinetako jendea dira: ekologistak daude, baina batez ere nekazaritzan edo laborantzan aritzen den jendea dago. Jubilatuak, langileak eta langabeak ere badaude, baita adin ezberdineko jendea ere».
Gaur Donostian aurkeztu dute liburua, eta leku gehiagotan ere erakutsiko diote jendeari. Baina Etxartek aurreratu du ez direla izango ohiko aurkezpenak, baizik baita aurkezpena egingo den inguruko esperientziak kontatzeko aukera ere. Ipar Euskal Herrian, Baionan eta Ortzaizen (Nafarroa Beherea) egingo dituzte saioak; Nafarroan, Baztanen; eta Donostian ere ziurrenik egingo dute berriro. Hala ere, Euskal Herriko gainontzeko lurraldeetan ere aurkeztuko dute ziurrenik.