EAJren eleduna Eusko Legebiltzarrean

Joseba Diez Antxustegi: «Mugitu nahi ez duenak apurtzen ditu kontsentsuak»

EAJren bozeramaileak dio «ausart» jokatu zutela euskara eskakizunen proposamena PSE-EE gabe aurkeztuta. EH Bildurekin ituna egiteko lan egingo dutela esan du, baina arduraz jokatzeko eskatu dio.

Joseba Diez Antxustegi, EAJk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramailea. RAUL BOGAJO / FOKU
Joseba Diez Antxustegi, EAJk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramailea. RAUL BOGAJO / FOKU
aitor biain
2026ko maiatzaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez dira berriak EAJren eta PSE-EEren arteko desadostasunak, baina azken asteetan gaiztotu egin da elkarren arteko harremana, hizkuntza eskakizunen aferari eta estatus berriaren negoziazioei lotuta. Horrek ez ditu jeltzaleen eta sozialisten arteko zubiak hautsi, hala ere, eta koalizio gobernuan ere ez duela eragingo ziurtatu du Joseba Diez Antxustegik (Gasteiz, 1992), EAJk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak. Adierazi du ez daudela arduratuta Enplegu Publikoaren Legearen erreforma EH Bildurekin eta gobernu bazkidearen bizkar negoziatzeagatik. Jeltzaleentzat euskara «gai zentrala» dela azpimarratu du.

Lagundu du astebeteko eten honek EAJren eta PSE-EEren artean urak baretzeko?

Garaikoetxea lehendakaria joan den honetan, haren agurrean eta haren figuraren aitortzan jarri dugu arreta. Eta garrantzitsua da hori. Baina, gainontzean, Alderdi Sozialistarekin dugun harremana normala da. Erantzukizunez jokatu behar dugu politikan gauden guztiok. Eta, horretarako, egunero hitz egitea tokatzen zaigu, negoziatzea, ados jartzea. Horretan ari gara.

Aitor Estebanek esan zuen gobernu koalizioa ez dagoela arriskuan. Nola ulertzen da, ordea, gai askotan elkarri mokoka aritzea eta gero ezer gertatuko ez balitz bezala jardutea?

Tira, desadostasunak ditugun gaiak ez dira hainbeste. Orain, nagusia euskararena da, enplegu publikoaren legearena. Baina elkarrekin onartu ditugu etxebizitza gehiago eta azkarrago eraikitzeko lege bat, aurrekontuak, euskal finantzen aliantza, industriaren defentsarako taldea eratzea. Osasun ituna ere adostu dugu. Esan nahi dut: gai askotan, gehienetan, ados jarri gara. Agerian dago euskararen gaian desadostasunak ditugula, baina beste gai askotan erakutsi dugu ados jartzeko gaitasuna. Hori da politika egitea.

Orduan, zergatik aurrez aurreko hauek? Bozei begira ari da PSE-EE?

Jendea ez da inozoa; badaki nork egiten duen zer eta nork hasten duen zer. Agerikoa da hori. Zein den PSE-EEren helburua? Hari galdetu beharko zaio. Guk argi daukagu: jendeak ez du nahi EAJ liskarretan eta sesioan aritzerik. Nahi dute guk autogobernua defendatzea, euskara defendatzea, herri hau aurrera ateratzea. Hori espero dute gugandik, eta ezin diegu hutsik egin.

«Alderdi Sozialistarekin dugun harremana normala da. Argi dago euskararekin desadostasunak ditugula, baina beste gai askotan erakutsi dugu ados jartzeko gaitasuna»

Euskara da azken krisi honen iturburuetako bat. PSE-EEk orain arteko kontsentsuak haustea egotzi dizue, Enplegu Publikoaren Legea erreformatzeko proposamena bakarrik aurkeztuta. Zein ari da zer hausten?

Argi dago desadostasunak ditugula gai honetan. Baina azpimarratu nahi dut EAJk erabaki ausarta hartu zuela: koalizioan gobernatzen ari garen azken hamar urteetan lege proposamen bat gure kabuz, bakarrik, aurkezten dugun lehen aldia baita. Eta hori egin dugu guretzat euskara gai zentrala delako. Garrantzi handia ematen diogu, pentsatzen dugulako hurrengo belaunaldientzat ere hala izango dela. Beraz, balioa eman nahi diot horri. Edonola ere, mugitu nahi ez duenak apurtzen ditu kontsentsuak. Hori baita PSE-EEren proposamena: ezer ez egitea. EH Bilduk goitik behera aldatu nahi du eredua; eta guk oraingo ereduan elementu konkretu bat identifikatu eta aldatzea proposatu dugu, hura indartzeko.

Mugimendu hori bateragarria da PSE-EErekin sinatu zenuten gobernu itunean jasota dagoenarekin?

Akordio horretan jasota dagoen puntu batek zera dio: koalizioak bermatu egingo duela herritarrek administrazioarekin bi hizkuntza ofizialetan harremana izateko eskubidea. Hori idatzita dago. Euskal hiztunok ere eskubideak ditugu, baina uste dugu epai batzuek zalantzan jartzen dutela hori. Eta eskubide hori bermatzeko proposamena aurkeztu genuen. Eta Alderdi Sozialistari esan genion proposamena aurkeztuko genuela, gobernu akordioan ezarrita dagoen hori bermatzeko modu bakarra delakoan.

Saiatu zineten zuzenketak aurkeztu aurretik ituna egiten, baina ez zenuten lortu. Badago akordiorako aukerarik orain? Uste duzu lortu daitekeela akordio bat epai horien ondorioei aurre egiteko?

Sozialistekin saiatu ginen akordioa egiten zuzenketak aurkeztu aurretik, eta lege proposamena aurkeztu aurretik ere bai, baina haiek ez zuten nahi izan. Orain ikusten dugun aukera da EH Bilduri proposatu dioguna, prozesu gradual bat egitearena. EH Bilduren proposamenak asmo onak ditu, baina uste dugu gure ereduak hobeto beteko duela helburua. Eta, gainera, gure proposamena onartuz gero, EH Bildurena ere aztertu dezakegu ondoren. Baina, haiena onartuz gero, ezin dugu atzera egin.

EAJ zer emateko prest dago akordioa lortzeko?

Guk eskatu diegu pauso arduratsu bat emateko eta ahalbidetzeko momentu honetan gure proposamenak aurrera egitea. Eta eskaini diegu gero azterketa bateratu bat egitea, neurri gehiago beharko balira horiek adostu ahal izateko.

Baina berme bat behar du horrek.

Bai, eta egingo ditugun bileretan zehaztuko genuke zer prozedurari jarraitu eta zer bermerekin egin hori.

«EH Bilduren proposamenak asmo onak ditu, baina uste dugu gureak hobeto beteko duela helburua»

EAJren eta EH Bilduren arteko akordio batek sinbolismo handia izango luke. Bertigoa ematen dizue horrek, gobernu koalizioan izan dezakeen eraginagatik?

Guk ez daukagu bertigorik. Guk ardura daukagu. Eta, orain, euskal hiztunen eskubideak daude jokoan. Denok izan beharko genuke arduratsuak euskal hiztunen eskubideak defendatzeko orduan.

Gehiengo abertzale bat baitago legebiltzarrean, nahiz eta legealdi honetan oraindik ez den baliatu. EH Bildu akordioetatik kanpo utzi nahi da?

Ez da horrela. Gaurko osoko bilkuran [ostegunean], EH Bildurekin adostu dugu proposamen bat. Beraz, akordioak egon badaude. Baina EH Bilduk ez du jarrera bera Madrilen eta Euskadin. Madrilen denari bai, hemen denari ez. Lehendakariak argi utzi zuen akordio zabalak lortzen saiatu behar dugula. Baina ezin gara besteen zain egon; helburu batzuk ditugu, eta bete egin behar ditugu, herritarrek hori eskatu digutelako.

Akordio zabalak lortu nahi badira, arrabola pasatu baino gehiago egin beharko da, ala?

Eta hitz egiten da, baina joko arauak zeintzuk diren jakin nahiko nuke. Ez du balio esateak etxebizitzari buruz ez dugula akordiorik lortuko eta aurrekontuen negoziazioan bakarrik etxebizitzari buruzko akordioak planteatzeak. Gustatuko litzaidake euskararen inguruan akordio bat lortzea, ez hainbeste sinbolismoagatik baizik eta errealitateagatik. Helburu bera daukagulako biok. Bi bide ditugu, eta biak uztartzea arrakastatsua litzateke. Horretarako lan egingo dugu. Ikusiko dugu bakoitzak zer erantzukizun duen.

PPrekin zer harreman duzue? Elkarrengandik urruti zaudetela ematen du, baina arartekoa haiekin adostu zenuten.

Ez dakit adostu den hitza. Arartekoa izendatzeko, haiek aldeko botoa eman zuten, hori egia da. Baina guk ez genien ezer eman trukean. Edonola ere, akordioak lortu nahi direnean, jarrera jakin bat izan behar da, eta, jarrera hori gezurretan oinarritzen denean, ez da erraza izaten. Esan zuten arartekoa ez zela euskalduna, eta bere lehen agerraldi publikoa euskaraz egin zuen. Ez da euskaldun zaharra, baina euskalduna da. Ahalegin handia egin du euskara ikasteko, eta horri balioa eman behar zaio.

Giro honek baldintzatu dezake estatus berriaren negoziazioa?

Erantzuna jakingo duzula pentsatzen dut. Hitz egiten ari gara. Nolanahi ere, akordio bat lortzea da garrantzitsuena. Nik ez nuen aurrekoa bozkatzeko aukerarik izan, baina nire gurasoek ere ez. Beraz, uste dut belaunaldi batek merezi duela estatutu berri bat izatea. Ari gara hitz egiten, pixkanaka aurrera egiten, baina negoziazioek diskrezioa eskatzen dute.

Politika orokorreko bileran, lehendakariak ekainera arteko epea eman zuen ituna egiteko. Gain-gainean dago epea.

Lehendakariak esan zuen ekainean talde politikoekin bilduko zela gai honi buruz hitz egiteko; ez zuen eperik jarri. Hala ere, lehenik alderdien artean negoziatzea adostu genuen. Akordioa itxitakoan sartuko da prozesuan, herri honen liderra den heinean.

Antonio Hernando zen Estebanekin elkartzekoa. Hura da Moncloako mintzakidea estatus berriaren negoziazioan?

Diskrezioagatik, ezin dut izenik esan.

«Uste dut belaunaldi batek merezi duela estatutu berri bat izatea. Ari gara hitz egiten, baina akordio bat lortzea da garrantzitsuena»

Legealdiaren erdia igaro dugu jada, eta udal eta foru bozak gertu daude. Orain da Pradalesen agintaldiaren uzta biltzeko garaia?

Ez gara ari horretan pentsatzen; lanean ari gara. Legealdi hasieran gai jakin batzuk jarri genituen mahai gainean, osasuna, etxebizitza, euskara, segurtasuna... eta horiei erantzunak eta konponbideak ematen ari gara.

Osasun ituna adostu zen, baina ez ote den urardotuta geratu orduz gero: medikuen greba, txerto iraungien auzia...

Egia da, eta aitortu behar dugu arazoak egon badaudela, eta ez ditugula egun batetik bestera konponduko. Esan behar da, eta horrela egin genuen hasieratik. Baina oposizioak ere onartu behar du erantzukizuna ez dela soilik gobernu honena. Eta badakigu, adibidez, medikuen greba ez dela bakarrik Euskadiko kontu bat. Estatu osoan du eragina, eta Espainiako Osasun ministro Monica Garciarena da erantzukizuna. Egoera hau sortu da berak uko egin diolako negoziatzeari. Legealdi honetan lortu dugu itxaron zerrendak asko txikitzea, baina orain berriro ere handitu dira grebaren ondorioz. Horregatik, behin eta berriz eskatu diogu borondatea erakusteko eta gatazka konpontzeko.

Baina arazo batzuk ez dira oraingoak, lehendik datoz: Osakidetza, etxebizitza...

Tira, etxebizitzaren inguruan testuingurua ere ondo azaldu behar da. Orain arte bi lege genituen: 2015ekoa, legebiltzar honetakoa, eta 2023koa, Madrilgoa. Guk ez genuen ez bata ez bestea babestu. Ez dut esango lege horiek direla gaurko egoeraren errudun bakarrak, baina agian baldintzatu dute. Eta horri aurre egiteko proiektu sendo bat eskaini behar dugu. EH Bilduk alokairura kondenatu nahi du gazteria. Guk, berriz, pentsatzen dugu aukera eman behar zaiela nola bizi nahi duten aukeratzeko. Horize erakutsi dute herri inkesta guztiek.

Kalitate demokratikorako lantaldea martxan dago, baina bi herri ekimen legegile atzera bota dira legealdi honetan. Ez al du horrek helburua urruntzen?

Bi ekimenek aukera izan zuten sinadurak biltzeko eta beren proposamena legebiltzarrean azaltzeko. Eta gero alderdien artean eztabaidatzeko aukera egon zen. Zilegitasun demokratikoa hona etortzea da, ez edukiari bide ematea. Berme guztiak izan dituzte proposamena legebiltzarrera ekartzeko eta beren jarrera plazaratzeko. Alderdien erantzuna jaso zuten gero, eta ezezkoa izan zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA