Naziometroak euskal nazioaren kontzientziari buruzko jardunaldi bat egingo du datorren ostegunean, EHUn. Nazionalismoaren eta identitate nazionalaren gaurko eta etorkizuneko erronka berriak izango dituzte eztabaidagai, eta Daniel Cetra Bernardo politologoa izango da hizlarietako bat (Bartzelona, 1988). Iruditzen zaio nazioa sortzeko ezinbesteko tresna dela autogobernua, gizarte zibil oso trinko batekin uztartuta.
Euskal Herriko eta Herrialde Katalanetako kontzientzia nazionala areagotzen ari da, ala lausotzen?
Haien jarduera apaldu egin da, baina hor daude oraindik. Katalunian, nazioaren auzia bereziki bizirik egon zen hango prozesuak iraun bitartean. Gaur egun, hori ez da horrela, nabarmena da, baina horrek ez du esan nahi Kataluniako kontzientzia nazionala desagertu denik, ez noski. Baina ikusgaitzagoa da. Iruditzen zait Euskal Herrian auzi subiranistak are denbora gehiago daramala jarduera apalduta. Euskadin, zehazki, euskal nazionalismoak indar elektoral eta instituzional handia du oraindik; are, identitate nazionalaren gaiak ikuspegi konparatuaren arabera ikertzen ditugunean, Euskadiko euskal identitatea da identitate nazionaletan indartsuenetakoa, Eskoziakoarekin batera. Baina iruditzen zait gaur egun autogobernuaren instituzionalizazioaren bidez adierazten dela gehiago, eta horregatik ematen du jarduera apalagoa duela.
«Estaturik gabeko nazioetan, ezinbesteko tresna da autogobernua. Nazio bat instituzioen bidez erreproduzitzen da, eta Euskal Herrian tradizio instituzional oso indartsua dago»
Zein izango da joera datozen urteetan?
Nire uste apalean, kontzientzia nazionalista erresilientea izango da. Hamarkadetan, Kataluniako eta Euskadiko herritarren erdiek —horietako datuak ditugu— beren lurraldea nazio gisa definitu dute, beste hainbat aukera aurrean izanda ere. Gizaki guztiok dugu zerbaiten parte izateko beharra, eta sentimendu hori are gehiago indartzen da oraingoa bezalako ziurgabetasun egoeretan. Kontua da ea proiektu nazionalek lortzen duten komunitate esanguratsu bat eskaintzea nazioko herritar gehienentzat, ahalik eta zabalena izango dena.
Zein dira Euskal Herrian nazioa osatzeko elementuak?
Euskal Herriko elementuak estaturik gabeko gainerako nazioen elementuen antzekoak dira: Eskozia, Flandria, Quebec, Katalunia... Horrelako gizarteetan, ezinbesteko tresna da, batetik, autogobernua, goitik beherako harremanetan. Nazio bat instituzioen bidez erreproduzitzen da, eta Euskal Herrian tradizio instituzional oso indartsua dago. Eta, Europako mendebaldeko kasu konparatu gehienetan gertatzen den bezala, nazioa eratzeko elementua hizkuntza partekatu bat edukitzea da: euskara. Gainera, sozialki hizkuntza ahul bat zen, baina parte izateko adierazgarri bilakatu da, eta osasun hobea du. Bestetik, behetik gorako harremanean, gizarte zibil oso trinko batek ere funtzionatzen du: kultur elkarteak, kooperatiben tradizioa, ikastolak, baliabide propioak... halakoek nazioa sortzen laguntzen dute behealdetik.
«Funtsezkoa da pertsona ezberdinak elkarrekin jarduteko eremuak sortzea eta estaturik gabeko nazioen elementu kulturalak eta sinbolo propioak uztartzea»
Zein da mundu globalizatu eta digitalizatu batean nazioak erreproduzitzen jarraitzeko interesa?
Nazioa zuk eratzen ez baduzu, besteek eratuko dute zure ordez; ez dago gune neutralik. Estaturik gabeko nazio batek erreproduzitzeari uzten dionean, lehian dauden beste proiektu nazionalek aurrea hartzeko arriskua dago: esaterako, estatuarenak. Oraingo munduak ez du kentzen zerbaiten parte izateko beharra, ez elkartasun beharra, ezta erabakiak hartzeko gai diren instituzio burujabeak edukitzeko beharra ere. Esanguratsuak diren kolektiboen parte izaten segitu nahi dugu.
Nazioek beren funtzioa galduko dute?
Gaur egungo munduak zenbait arrisku ditu, hain zuzen nazioak erreproduzitzeko baldintzak aldatzen ari direlako, eta horrek ataka zailean jartzen ditu gureen gisako komunitate txikiak, nazio eta hizkuntza indartsuagoen aldean. Nazioa eratzen ari direnek aldaketei bereziki adi egon behar dute, eta ez dakit hala ote dauden, Katalunian behintzat. Ez globalizazioak eta ez digitalizazioak ez dituzte nazioak amaituko, eta ez dituzte ordezkatuko.
Estaturik gabeko nazioek konpetentzia kultural gehiago, mugimendu gehiago, gizarte aniztasun handiagoa kontuan hartzea eskatzen dute. Digitalizazioak, adibidez, posible egiten du nazioa lurraldetik at eraikitzea. Mundu global eta digitalean errazago zabaltzen dira diskurtsoak, kultura, informazioa… bitartekaririk gabe. Eragile berriak azal daitezke, diasporako komunitate transnazionalak aktibatu... Mundu digitalak lotura linguistiko nazionalak egiten ditu posible. Eta, horretarako, ezinbestekoa da behetik aktibazioa egotea, bertatik sortzen baitira jende oso ezberdina elkartzeko eremuak. Funtsezkoa da hizkuntzak elkarrekin bizitzea baina, aldi berean, hizkuntza gutxituak ikastea oztopatzen duen egitura batean, pertsona ezberdinak elkarrekin jarduteko eremuak sortzea, eta estaturik gabeko nazioen elementu kulturalak eta sinbolo propioak uztartzea.
«EH Bildu, ERC, BNG eta halako alderdiek arriskua dute Espainiako blokeek xurgatuak izateko [Gorteetako hauteskundeetan], baina ezinbestekoa da esparru politikoa ez galtzea»
Zer politika linguistiko jarri beharko lirateke martxan hizkuntza gutxituak sustatzeko?
Gai konplexua da, baina garrantzitsuena da hizkuntza erabilgarria izatea, edo hala hautematea. Hori lortzeko, posizio oso ezberdina duten hizkuntzak berdin tratatzeak ez du berdintasuna bermatzen. Euskara sustatzeko politika aktiboak egin behar dira, erabat justuak direlako; neurri horiek justifikatzeko teoria asko dago atzean. Eta, bestalde, ez da nahikoa jendeak hizkuntza jakitea; baldintzak sortu behar dira jendeak lanean, aisialdian, instituzioetan eta mundu digitalean erabili ahal izan eta nahi izan dezan. Hori berdin gertatzen da Herrialde Katalanetan eta Euskal Herrian. Hor dute jokoan hizkuntza gutxituek etorkizuna.
Nola ikusten dituzu ezkerreko nazionalistak Espainiako Estatuko polarizazio giroan?
EH Bildu, ERC, BNG eta halako alderdiek arriskua dute Espainiako blokeek xurgatuak izateko; hau da, jaitsi egingo direla uste dut. Katalunian, behintzat, hala gertatu zen 2023ko Espainiako Gorteetako hauteskundeetan: PSOEren aldeko boto baliagarriak, eskuinaren eta eskuin muturraren aurkakoak, kalte egin zion Esquerra Republicanari. Noski, ulertzekoa da alderdi kataluniar eta euskaldunek Espainiako eskuin muturrak gobernua bereganatzeko arriskua frenatu nahi izatea. Baina ezinbestekoa da esparru politikoa ez galtzea: kataluniar eta euskal nazioa, agenda berezitu batekin. Giltza da bi horiek uztartzea. Iruditzen zait EH Bilduk hori argiago daukala, ERCk baino.