ELEN Europako Hizkuntzen Berdintasunerako Sareko kideak Bartzelonan dira, urteko biltzarra egiten. Teknologia berrien inguruan ardaztu dute, bereziki, aurtengo egitaraua, hizkuntza gutxituen «aktibismorako» espazio arrunt garrantzitsua ireki dutela iritzita. «Denok ulertzen dugu aktibismoaren garrantzia», gogoratu du bilkuraren hasierako ekitaldian erakundeko lehendakari Elin Haf Gruffydd Jonesek. Alde horretatik, gogoratu du zeinen garrantzitsua den biltzarra elkarren berri izateko eta elkarren ondoan hazteko. «Batera jartzen gaituzte, gai oso garrantzitsuen gainean hizketan», azaldu du. «Gure esperientziak nazioartekotzea oso garrantzitsua da». Eta elkarri abaroa ematea; izan ere, esperientzia asko «komunak» dira. Hiztun komunitate minorizatuen artean maiz aski izaten dira hitz bakanak, minorizazioarekin eta txikitasunarekin lotutako pasadizoak, elkarren berri izateko.
Kataluniako Generalitatean Hizkuntza Politikako Teknologiaren eta Ikus-entzunezkoen arloko zuzendaria da Roger Serra. Biltzarraren ataria, Fosterlang sarearen lan mahai batean, hitzaldi nagusietako bat eman du. Interneten aroan «eleaniztasuna» behar bezala txertatu ez bazen ere, hizkuntza txikiek «pairatu» behar izan zuten dinamika bat izan bazen ere, orain, adimen artifizialak ireki duen aro berri honetan itxaropena izan behar da, hark adierazi duenez. «Adimen artifiziala eleaniztuna da, eta aukera handi bat izango da». Aro berri honetan algoritmoek hartu duten garrantzia nabarmendu du, eta askotan leku egin nahi izaten zaiela «esperientzia pertsonalizatuei». Horri dagokionez, zentzu handia du hizkuntza gutxituak ere aintzat hartzeak.Â
Arlo horretan eragina izateak zer garrantzi duen gogoratu du. «Bizitzaren heren bat lotan egiten dugu, bestea mundu digitalean, eta bestea, pentsatu nahi dut, eremu ez-digitalean». Eta mundu digitalean «akordatu ere egin gabe» egiten dute hizkuntza batetik besterako «aldaketa» hiztunek. Hizkuntza handiago batera, gehienetan. «Normala iruditzen zaigu sare sozial batzuk soilik gaztelaniaz egotea, edo web orri batzuk ingelesez». Horregatik, «klikaktibismora» bultzatu behar dira hiztunak. «Mundu digitalean egiten dugun denak, onerako edo txarrerako, arrastoa uzten du. Horrek modua ematen digu geure burua ikusarazteko». Eta esparru horretan ere hizkuntzaren aldeko aktibista izateko.Â
«Mundu digitalean egiten dugun denak, onerako edo txarrerako, arrastoa uzten du. Horrek modua ematen digu geure burua ikusarazteko»
ROGER SERRA Hizkuntza Politikako arduraduna Kataluniako Generalitatean
Nola egin? Lehen-lehenik, kontzientzia hartu behar da, Serraren ustez «Zure bikotekideari katalanez hitz egiten badiozu, Googlen bilaketa bat egitean ere, hitz egin katalanez». Gero, nabigatzaileak-eta norbere hizkuntzan «konfiguratu» behar dira. Eta beste urrats garrantzitsu bat da sare sozialetan ere hizkuntza gutxituetan jardutea, «natural». Uste du urrats horiei dagokienez ahalegina egin dutela katalanak bidea egin dezan: «Katalanez edukia sortzen duten mila sortzaile baino gehiago ditugu, eta handitzen ari da kopuru hori». Erremintak erraztu ere egin behar dira: eskura jarri behar dira. «Erabiltzaileentzako aplikazio errealak behar ditugu. Erabiltzeko errazak izan behar dute».
Beste ikerkuntza bat
Bide horretan taxuz aurrera egingo bada, ikerketa soziolinguistikoak ere eremu digitalera ekarri behar dira. «Oso azkar doa dena, eta ahalegin berezia egin behar dugu ikerkuntzan, metodologietan. Benetako erronka da hori», esan du Serrak. Izan ere, badago zer aztertu. «Erreinu berri bat dugu aurrean; abantailak ditu, baita desabantailak ere». Hor murgildu egin behar da orain, eta batera nahi ditu ingeniariak, informatikariak eta soziolinguistak, lankidetzan. «Gainerakoan, daturik ez badugu, nola jakin ondo ari garen? Ezin dugu diagnostiko onik egin».Â
Bide hori egingo dela uste du. «Baikorra naiz, aukerak badaude oraindik, baina ez dira bere kabuz etorriko: aktibatzen eta presionatzen jarraitu behar da». Bidea egingarria dela frogatzeko, bide horretan egindako esperientzia askotarikoak entzun ahal izan dira biltzarrean: Katalunian, Frisian eta Euskal Herrian egindakoak, besteak beste. Gazteak mundu digital horretan ahalduntzeko gakoak eman dituzte. Â
Hasierako ekitaldi ofiziala ilunabarrean izan da. Bertan izan dira, besteak beste, Kataluniako Generalitateko Hizkuntza Politikako kontseilari Xavier Vila i Moreno eta Kataluniako Parlamentuko presidente Josep Rull.Â