Muñoz: «Zergatik Kontseiluarekin bakarrik, besteoi bizkarra emanda?»

Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak kritika irmoa egin du hizkuntz aniztasunaz Kontseiluak eta DSS2016k sustatu duten goi bileraz.Donostiako alkateari egotzi dio jarrera itxia izatea

Joxean Muñoz, atzo Donostian egin zuen agerraldian, mintzatzen hasi aurretik. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
arantxa iraola
Donostia
2015eko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuorde Joxean Muñoz ahotsa ozenduta azaldu zen atzo hedabideen aurrean, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak DSS-2016 egitasmoaren barruan hizkuntza aniztasunaren inguruan sustatuko duen goi bilerari buruz —asteartean aurkeztu zuten, Donostiako Miramar jauregian— iritzi kritikoa emateko. Oso kritikoa. Lehendik adierazia zuen Jaurlaritzak ez zuela begi onez ikusten DSS2016ren fundazioaren patronatuak Kontseiluarekin goi bilera hori antolatzeko egindako hitzarmena —Espainiako Kultura Ministerioa ere kontra dago, eta auzitara eraman zuen erabakia—, eta atzo argudiatu zuen, bereziki, ez dutela egokitzat Kontseiluari prozesuan eman zaion rol nagusia. «Zergatik Kontseiluarekin bakarrik, besteoi bizkarra emanda?». Behin eta berriz paratu zuen itauna ia ordubeteko solasean, eta egitasmoaren inguruan artegatasuna eta dudak eragiteko moduko adjektiboz hornitu zuen bere jarduna: «Larria da», salatu zuen. «Penagarria».

Astearteko agerraldian, goi bilera aurkeztean, Kontseiluko ordezkarien alboan azaldu zen DSS2016ko zuzendari Pablo Berastegi, eta itunaren defentsa argia egin zuen; zalantzarako tarterik lagatzen ez zuena. Muñozen arabera, ordea, Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek —bera da fundazioko patronatuko lehendakaria— egitasmoaren gainean egiten duten «presioarekin» ulertu behar da Berastegiren jarrera. Eta hitz gogorrak izan zituen, bereziki, Donostiako alkatearentzat. «Egitasmoaren zerbitzura jarri behar du, egitasmoa bere zerbitzura erabiltzeari utzita». Kontseiluarekin hitzarturiko akordioa egokia ez zela iritzita zuzenketa proposamen bat aurkeztu zutela gogorarazi zuen Jaurlaritzako ordezkariak, baina Izagirrek ez duela inoiz «hurbiltze keinurik» egin jarrerak bateratu eta akordioak lortze aldera. «Inposizioren bidea hautatu da».

DSS2016ren inguruan «desberdinen arteko elkarlana» sustatzeko xedea lehenetsi bada ere, kasu honetan —«hizkuntzaren gaia oso garrantzitsua izan arren»— guztiz bestelako jokamoldea aukeratu dela pentsatzen du Muñozek. «Oso larria da». Halaber, Jaurlaritza hizkuntz politiken eragile nagusia dela nabarmendu du, Europako hizkuntza aniztasunaren inguruko sareetan lan arras handia egiten ari dela, eta harekin «koordinatuta» egin behar dela, ezinbestean, goi bilera. «Gauzak egin diren moduan, ordea, eskubiderik ere ez dugu izan Kontseiluak zer egin nahi duen jakiteko; gainerako denak kanpoan utzi gaituzte», deitoratu du. Lan egiteko era «zaharkitua» deritzo abian jarritakoari.

Hasieratik egon nahi dute

Euskalgintzak inoiz izan duen bilgunerik handiena eta pluralena da Kontseilua; 40 erakunde batzen ditu, handiak batzuk, eta guztiak garrantzitsuak Euskal Herrian hizkuntza normalizazioaren bidean egiten den lanean: Euskal Herriko Ikastolak, AEK, UEU, Topagunea, Sortzen-Ikasbatuaz, BERRIA... Beste edozein erakunderekin parekatzeko erakoa da, ordea, Muñozentzat. «'Zergatik Kontseilua?' Hori izan da gure galdera. Kontseilua bezala, beste hainbat erakunde eta enpresa daude hizkuntz kudeaketaren inguruan gaitasuna izango luketenak horrelako zerbait antolatzeko». Horri lotuta, berriz ere, mezua: «Kontseilua bai, baina Kontseilua bakarrik ez. Egin dezala lankidetzan, eta denok parte har dezagula hasieratik». Gainerakoan, DSS2016 egitasmoari «babesa» ematen diotela nabarmendu du. «Erabatekoa».

Juan Karlos Izagirrek, berriz, erantzun du Eusko Jaurlaritzaeuskarari «kalte» egiten ari dela jokamolde horrekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.