Murgak dio ezin direla errepikatu hondartzetan ikusi diren irudiak

Jendea ez pilatzeko eta hondartzak modu «dinamikoan» erabiltzeko eskatu du Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak. Era berean, galdegin du aisialdirako bada ez erabiltzea garraio publikoa «jende asko dagoenean».

Donostiako Zurriola hondartza, atzo. GORKA RUBIO / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
2020ko maiatzaren 30a
12:39
Entzun

«Ezin ditugu errepikatu azken egunotan ikusi diren irudiak». Halaxe erran du Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, gaur goizean egindako agerraldi batean. Hondartzei egin die erreferentzia, baita garraio publikoari ere. Ohartarazi du datu epidemiologikoak onak direla Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta norbere konpromisoaren gain utzi du datuek okerrera ez egitearen ardura: «Norbere esku dago egindako bidea ez desegitea».

Azaldu du ez dituela hondartzak «deabrutu» nahi: jende asko biltzen den lekuak izan daitezkeela kaltegarriak, oro har. Eguraldi onaren ondorioz, halere, hor jarri du arreta. «Ulertu behar da uda hau ezberdina izango dela. Sozializatzeko modu ezberdinak bilatu behar dira, oreka bat». Azaldu du ez zaiela «debekatzea gustatzen»: «Ez genuke bukatu nahi hondartzetako sarbidea debekatzen». Eskatu du hondartzetako paseoetan ere maskara jantzita joateko, bi metroko distantzia hartzea ezinezkoa denean.

Osasuna, «normaltzen»

Murgak azaldu duenez, Osakidetzaren jarduna normaltasunera itzultzen ari da pixkanaka. Goizetako jarduera kirurgikoari berrekin diote  jada, ohiko jardueraren %80-100, eta kanpo kontsulta eta proba osagarrietan %40-70 da jada jarduera presentziala, Murgaren hitzetan. Jakinarazi duenez, heldu den astetik aitzina arratsaldetako jarduera kirurgikoarekin hasiko dira.

Kutsatze eta heriotzen datuak onak direla nabarmendu du Murgak: bertze bortz hildako izan dira azken orduotan Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta PCRz detektatutako kasuak zazpi baino ez dira, gehienak Bizkaikoak. ZIUetan 27 lagun daude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.