Euskarazko murgiltze eredua dute bereizgarri agerikoenetako bat Ikastolen Elkarteko zentroek, baina egungo egoera soziolinguistikoak ikasgeletara errealitate berriak ekarri ditu, bideratzen zailak dira sarri askotan, eta hor fin ibiltzen asmatze aldera, «indartu» egin nahi dute orain eredu hori ikastoletan. Hori nola egin daitekeen aztertzeko, Jardunaldi Pedagogikoa egingo dute azaroaren 18an Donostian, Kursaalen. Izen-ematea ireki dute: ikastolak.eus atarian egin daiteke.
Murgiltze eredua defendatu ez ezik «birpentsatu eta indartu» egin behar dela esana dute Ikastolen Elkarteko buruek eta espero dute jardunaldia baliagarria izatea hor aurrerabideak egiten joateko oinarriak jartzeko. Azaldu dutenez, besteak beste, hezkuntza formalaz kanpo ere irudikatu nahi dute eredu berria: «eremu ez-formalarekin» ere loturak izatea bilatuko dute, ikasgeletatik kanpo ere haur eta nerabeek euskaraz jarduteko modua izateko, eta euskara bizirik dagoela sentitzeko.
Ikastolen Elkarteko kideek ikasturte honen amaierarako egituratuta nahi dute eredu berria. Buru-belarri ari dira lanketan. Gogora ekarri dute, bidea ondo egite aldera, orain arteko jardunaren «indargune eta ahulguneak» aztertu behar dituztela, estrategia berriak soilik horiei erreparatuta landu ahal izango direlako.
Jardunaldian solastatuko dira bertako adituak eta atzerrikoak. Inaugurazio hitzaldia eskainiko du UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko ikerketa arduradun Iñaki Iurrebasok. Demolinguistikaren arloan ekarpen handia egin du urteotan, ikerketa soziolinguistikoetan ikuskera berri bat zuztartzen joateko oinarriak ere ejarri ditu, eta jardunaldi honetarako ondu ditu propio hezkuntza sistemara begira egindako hainbat gogoeta: Gizarteak eskola baldintzatzen du, eskolak gizartea eraldatzen du. Hezkuntzaren ekarpenak, mugak eta erronkak euskararen indarberritzean hitzaldian jaso ditu.
Kike Amonarriz soziolinguistak ikasgeletatik eta ikastetxetik «harago» euskararen erabilera sustatzeko bideak aztertuko ditu. MU Mondragon Unibertsitateko irakasle Letizia Garciak, berriz, gaitasunaren, atxikimenduaren eta erabileraren arteko «elkareraginaz» jardungo du.
Gainerako hizlariak kanpotik helduko dira. Kataluniatik Anna Fores eta Vicent Climent-Ferrando. Galesetik, berriz, Siwan Jones. Jardunaldi hau BERRIA Taldearekin elkarlanean egingo du Ikastolen Elkarteak.