Forestalia enpresak Nafarroa eta Araba zeharkatuko zituen tentsio handiko linea bat eraikitzeko asmoa zuen, baina azkenean ez du halakorik egingo, Espainiako Gobernuak enpresaren eskaria atzera bota baitu. Arrazoia ez da ingurumen inpaktua izan, baizik eta enpresari pasatu egin zaiola konexioa egiteko baimena lortzeko epea. Hala ere, helegitea aurkezteko aukera du Forestaliak.
Zaragozan zentral eoliko bat egiteko asmoa zuen Forestaliak; zentralak 49,5 megawatteko potentzia izan behar zuen, eta bertan sortutako argindarra Gasteizera garraiatu nahi zuten. Ez da Euskal Herrian eraiki nahi duten tankera horretako lehen proiektua. Esaterako, enpresa berak, Forestaliak, zenbait haize errota instalatu nahi zituen Tausten (Aragoi, Espainia) Jundizko industrialdea (Gasteiz) argindarrez hornitzeko, baina proiektu hori ere bertan behera utzi zuten. Bestalde, ezaguna da Solariak Araban eta Bizkaian zer egin nahi duen: Araban zentral fotovoltaiko batzuk eraiki nahi ditu, argindarra Zierbenara (Bizkaia) garraiatzeko.
Orain, Forestalia enpresa ustezko ustelkeria kasu batean inplikatuta dago. Izan ere, enpresa hori eta Espainiako erakunde publiko batzuk ikertzen ari dira, irregulartasunak antzeman baitituzte Forestaliaren alde egin duten ingurumen ebazpen batzuetan. Ikertuetako bat Espainiako Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioko funtzionario ohi bat da; hori dela eta, Sara Aagasenek, ministerio horren buruak, barne ikerketa bat abiatzeko eskatu du, egoera argitzeko.
Eguzki parke bat, aurrera
Bestalde, Arabako Aldizkari Ofizialean argitaratu dute Erriberabeitian parke fotovoltaiko bat eraikitzeko aurretiazko baimen administratiboa eman diotela Morador Norte enpresari. Beitia izena du zentral fotovoltaikoak, eta lau megawatteko potentzia izango du.