Nafarroak «ahots propioa» izateko, bere aldeko botoa eskatu du Geroa Baik

Kanpaina amaieran, Pablo Azkonak adierazi du Geroa Bai dela «Nafarroaren interesei erantzuten ez dieten estrategien menpe ez dagoen alderdia».

Pablo Azkona Geroa Baiko hautagaia, gaur, Iruñeko egoitzan. GEROA BAI
Pablo Azkona Geroa Baiko hautagaia, gaur, Iruñeko egoitzan. GEROA BAI
joxerra senar
2026ko azaroaren 27a
17:37
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nafarroaren aldeko botoa ordezkatzen dutela adierazi du Geroa Baik, kanpaina amaieran. «Hemen ez dugu Sanchez, Feijoo, Abascal edo Rufian hautatzen. Nafarroan bozkatzen dugu, Pablo Azkonaren eta Maite Espinosaren alde». Mezu sinple horrekin Espainiako Gorteetan «ahots propioa» izateko beharra aldarrikatu du koalizioak.

Kanpaina luzea izan da, eta boto baliagarriaren kontra egin behar izan du borroka. Maiatzeko foru eta udal hauteskundeak izanik bere helburu nagusia, Geroa Baik azpimarra berezia egin du kanpainan: autogobernuaren eta lurraldearen interesen defentsa.

Pablo Azkona Kongresuko zerrendaburuaren esanetan, intentsitate handiko egunak izan dira. «Herriz herri ibili gara gure proposamenak azaltzen, sinesten dugun hori defenditzen». Bere esanetan, ohorea izan da, eta argi adierazi du zer dagoen jokoan igandean: «Bipartidismoaz eta polarizazioaz harago, jokoan dugu zer eredu nahi dugun Nafarroan, zer ongizate eredu nahi dugun, eta nor dagoen prest hori dena defenditzeko». 

Bere irudiko, koalizioak oso argi du nola jokatu: «Nafarroa ez dago inori men egiteko, Nafarroak bere kasa erabaki nahi du eta horretarako beharrezkoa da Geroa Bai, Nafarroren interesei erantzuten ez dieten estrategien menpe ez dagoen alderdia». 

Egunotan Isabel Diaz Ayuso Madrilgo Erkidegoko presidenteak aipatu du ekintzaile nafarrak Madrilera doazela bertan oztopo ugari dituztelako. Aipu horiek hizpide izan ditu Azkonak. Bere ustez, hobe luke PPko buruzagi horrek Nafarroako datuei erreparatzea, batez besteko soldata Madrilgoa baino handiagoa delako. Azkonak azpimarratu du UPN PPren eskutik doala. «Akats historikoa da». 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA