Pandemiak Nafarroan hartutako bidea aski ona dela iritzita, izurriari kontra egiteko Nafarroako Gobernuak hartutako neurri gehienak bertan behera uztea erabaki du gobernuak. Nafarroako Gobernuko presidente Maria Txibitek egin du iragarpena: «Ostiraletik, Nafarroan ez da izanen murrizketarik». Txibitek azaldu du pandemiaren zikloan «aldaketa sakona» egon dela, eta ostiraletik pandemia aurreko garaietara itzuliko dela Nafarroa. Horiek hala, gobernuaren esku dauden neurri murriztaile oro bertan behera geratuko dira, eta, beraz, jarduera orotako ordutegiak eta edukierak lehengora bueltatuko dira. Halaber, kalean zein espazio pribatuetan nahi adina lagun elkartu ahalko da.
Hala ere, zehaztapen bat egin du Txibitek: azaldu duenez, maskararen erabilera derrigorrezkoa izanen da gaur egun hala arautua dagoen egoeretarako. Horiek horrela, ostiraletik aurrera ere maskara erabili beharko da toki itxietan. Halaber, herritarrei eskatu die higiene neurriak hartzen jarrai dezatela. Zehaztu du, halaber, Espainiako Lurralde Arteko Osasun Batzordean onartzeko dutela oraindik kirol ekitaldietako edukierak nola geratuko diren, eta horien arabera arinduko dituztela horri dagozkion neurriak ere. Batzorde horretan aztergai izango dituzte, era berean, hezkuntzari lotutako bestelako neurriak: besteak beste, atsedenaldietan maskara kentzeko aukera.
Bestalde, Santos Indurain Osasun kontseilariak iragarri du Lehen Hezkuntzako protokoloa eguneratu egingo dutela. Hala, hemendik aurrera gela batean positibo bat atzematen dutenean diagnostiko probak egingo zaizkie kutsatutako ikaslearen kontaktu zuzenei, baina ez dute automatikoki talde guztia konfinatuko. Indurainek argitu du Haur Hezkuntzan ez dutela protokolo hori ezarriko, egoera bestelakoa delako hor, ez baita derrigorrezkoa maskara erabiltzea.
Horrez gain, Indurainek iragarri du osasun arloan aurrez aurreko arreta «guztiz» leheneratuko dutela, pandemiaren aurreko egoerara itzuliaz. Gai horren inguruan, Osasun sailburuak gaineratu du «profesional batek ikusi behar duen guztiari aurrez aurre» erantzungo zaiola. Helburua da urtea amaitzerako aurrez aurreko arreta %60-%70ekoa izatea, Indurainek iragarri duenez.