Udalak

Nafarroako 77 kontzejutan ere hauteskundeak egingo dituzte azaroaren 26an

Nafarroako Gobernuak sinatu du deialdia, maiatzaren 28an ez zelako hautagairik aurkeztu.

Noain. IñIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2023ko irailaren 27a
13:45
Entzun

Hautagairik ez zen izan Nafarroako herri askotan, eta hala islatu zen udal zein kontzejuetako hauteskundeetan. Lehenaren ardura Espainiako Gobernuak du, eta bigarrenarena, berriz, Nafarroako Gobernuak. Astelehenean onartu zuen Madrilgo gobernuak azaroren 26an errepikatzea bozak 39 udaletan, eta data hori bera jarri du orain Nafarroako Gobernuak kontzejuei begira.

Guztira, 40 udalerritako 77 kontzeju dira; besteak beste, Noainen (Elortzibar) Imarkoainen; Allinen; Olatzen (Eguesibar); Eltson, Alkotzen; Auzan, Eltzaburun, Iraizotzen, Suarben eta Zenotzen (Ultzama); Artatzan (Ameskoabarrena); Aitzoianen eta Berriogoitin (Berriobeiti); Narbarten (Bertizarana); Iguzkitza, Labeaga eta Urbiolan (Iguzkitza); Aizpegin, Nabaskoze eta Ustaizen (Nabaskoze); Aratzurin, Asiainen, Iberon eta Izun (Oltza Zendea); Azantzan (Goñi): Iturgoienen (Gesalatz); Girgillaon; Beorburu eta Otsakarren (Txulapain); Etsainen eta Olaguen (Anue); Igarin (Gorza); Ardanatzen (Itzagaondoa); Artaxon eta Ekai Longidan (Longida); Intzan eta Uztegin (Araitz); Zuhartzun (Arakil); Nagoren (Artzi); Zarikiegin (Zizur Zendea); Acedon (Mendaza); Aurizberrin, Gerendiainen, Esnotzen, Lintzoainen eta Mezkiritzen (Erro); Antxoritzen, Eugin, Inbuluzketan eta Larrasoañan (Esteribar); Arren, Soraurenen eta Orikainen (Ezkabarte); Arruitzen, Baraibarren, Iribasen eta Mugiron (Larraun); Tebasen (Tebas-Muru Artederreta); Zenborainen (Untziti); Anotz eta Saldisen (Ollaran); Aritzaletan, Bearin eta Errezun (Deierri); Ostitzen (Odieta); Olaitzen eta Olaben (Olaibar); Arbontzen (Erromantzatua); Ibiltzietan eta Sartzen (Sartze); eta Urraulbeitin.

Kontzeju horietan ez zen hautagairik aurkeztu. Gainera, Iratxetako kontzejuan (Leotz) bozketa egin bazen ere, errepikatu egin beharko da. Hauteskunde Batzordeak egiaztatu zuen erroldan izen emandako pertsona kopurua baino boto gehiago bildu zirela.

Espainiako Gobernuak eta Nafarroako Gobernuak bozetara deitutako udalerrien kopurua antzekoa bada ere, herri diferenteak dira ia kasu gehienetan.

Kontzejuak Nafarroako udal administrazioko entitate bereziak dira. Mila biztanletik gorako kontzejuetan, kontzejuko batzarreko lehendakaria eta sei ordezkari hautatu beharko dituzte. 50 biztanle eta mila biztanle artekoetan, batzarreko lehendakaria eta lau ordezkari, eta 50etik beherakoetan, berriz, lehendakaria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.