Hauteskundeak

Nafarroako 77 kontzejutan ere hauteskundeak egingo dituzte

Azaroaren 26an izango dira. Nafarroako Gobernuak sinatu du deialdia, maiatzaren 28an ez zelako hautagairik aurkeztu

Noaingo (Nafarroa) ubidea, artxiboko irudi batean. LANDER FDEZ. DE ARROYABE / FOKU.
joxerra senar
2023ko irailaren 28a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Hautagairik ez zen izan Nafarroako herri askotan, eta hala islatu zen udal eta kontzejuetako hauteskundeetan. Lehenaren ardura Espainiako Gobernuak du, eta bigarrenarena, berriz, Nafarroako Gobernuak. Espainiako Gobernuak astelehenean onartu zuen 39 udaletan hauteskundeak berriz egitea azaroaren 26an, eta egun hori bera jarri du orain Nafarroako Gobernuak kontzejuetako bozak egiteko.

Guztira, berrogei udalerritako 77 kontzeju dira; besteak beste, Noainen (Elortzibar) Imarkoainen; Allinen; Olatzen (Eguesibar); Eltson, Alkotzen; Auzan, Eltzaburun, Iraizotzen, Suarben eta Zenotzen (Ultzama); Artatzan (Ameskoabarrena); Aitzoainen eta Berriogoitin (Berriobeiti); Narbarten (Bertizarana); Iguzkitza, Labeaga eta Urbiolan (Iguzkitza); Aizpegin, Nabaskoze eta Ustaizen (Nabaskoze); Aratzurin, Asiainen, Iberon eta Izun (Oltza Zendea); Azantzan (Goñi): Iturgoienen (Gesalatz); Girgillaon; Beorburu eta Otsakarren (Txulapain); Etsainen eta Olaguen (Anue); Igarin (Gorza); Ardanatzen (Itzagaondoa); Artaxon eta Ekai Longidan (Longida); Intzan eta Uztegin (Araitz); Zuhartzun (Arakil); Nagoren (Artzi); Zarikiegin (Zizur Zendea); Acedon (Mendaza); Aurizberrin, Gerendiainen, Esnotzen, Lintzoainen eta Mezkiritzen (Erro); Antxoritzen, Eugin, Inbuluzketan eta Larrasoañan (Esteribar); Arren, Soraurenen eta Orikainen (Ezkabarte); Arruitzen, Baraibarren, Iribasen eta Mugiron (Larraun); Tebasen (Tebas-Muru Artederreta); Zenborainen (Untziti); Anotz eta Saldisen (Ollaran); Aritzaletan, Bearin eta Errezun (Deierri); Ostitzen (Odieta); Olaitzen eta Olaben (Olaibar); Arbontzen (Erromantzatua); Ibiltzietan eta Sartzen (Sartze); eta Urraulbeitin.

Kontzeju horietan ez zen hautagairik aurkeztu. Gainera, Iratxetako kontzejuan (Leotz) bozketa egin bazen ere, errepikatu egin beharko da. Hauteskunde Batzordeak egiaztatu zuen erroldan izen emandako pertsona kopurua baino boto gehiago bildu zirela.

Kontzejuak Nafarroako udal administrazioko entitate bereziak dira. Mila biztanletik gorako kontzejuetan, kontzejuko batzarreko lehendakaria eta sei ordezkari hautatu beharko dituzte. 50 biztanle eta mila biztanle artekoetan, batzarreko lehendakaria eta lau ordezkari, eta 50etik beherakoetan, berriz, lehendakaria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.