Nafarroako Elikagai Bankuak ohartarazi du egoera «kritikoan» dagoela, egoitza lekuz aldatu behar duelako

Egoitza berriaren alokairua garestiagoa da. Ostiralean eta larunbatean egingo dute udaberriko elikagai bilketa, eta bankukoek adierazi dute inoiz baino gehiago behar dutela herritarren laguntza.

Boluntario bat janariak biltzen, Nafarroako Elikagai Bankuan. IÑIGO URIZ / FOKU
Boluntario bat janariak biltzen, Nafarroako Elikagai Bankuan. IÑIGO URIZ / FOKU
Estibaliz Navarro Argaz
2025eko maiatzaren 21a
14:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Nafarroako Elikagai Bankuak ezin izan du berritu Berriobeitin (Nafarroa) duen egoitzaren alokairua, eta egoitza garestiago batera mugitu behar du, Iruñeko Soltxateko industrialdera hain zuzen (Nafarroa). Marisol Villar bankuko lehendakariak aitortu du egoera «kritikoan» daudela. Horregatik, elkarteak gizarteari laguntza eskatu dio urtero udaberrian antolatzen duten bilketan parte hartzeko. Euskal Herriko elikagai bankuek ostiralean eta larunbatean egingo dute udaberriko bilketa handia —Ipar Euskal Herrian higiene produktuena bereziki—. 

«Aurrera egin nahi baldin badugu, beste leku batera joan behar dugu, garestiagoa eta txikiagoa den batera», azaldu du Villarrek. Lekualdaketak 200.000 eurotik gorako gastu bat eragingo du, eta erakundeko presidenteak nabarmendu du horrek egoera ekonomiko «oso ahulean» utz dezakeela elikagai bankua. 

Ekaina eta uztaila bitarte herritarrei eta Nafarroako enpresa guztiei laguntza eskatzen saiatuko direla adierazi du Villarrek: «Inoiz baino gehiago behar zaituztegu». Bankuko lehendakariak esan du pandemiaren ondoren «beherakada handia» nabaritu dutela dohaintzetan. Horregatik, laguntza eskatu dute: «Dohaintza digitalek euro bakoitzari etekina ateratzeko aukera ematen digute, une bakoitzean beharrezkoak diren produktuak erosteko». 

Herritarren laguntza

Nafarroako hainbat supermerkatutan elikagaiak entregatu daitezke, bereziki premiazkoak direnak. Gainera, supermerkatuetako kutxatik pasatzean, dohaintza ekonomiko bat egin ahal izango da bonu solidario gisa, maiatzaren 30era arte. Horretaz gain, dohaintzak erakundearen webgune ofizialetik zuzenean egin ahal izango dira, banku transferentzien bidez edo Bizum bidez, ekainaren 30era arte. 

Kanpainaren «arrakastaren gakoetako bat» boluntario taldeak izaten dira. Aurten, bankuak oraindik 400 postu bete behar ditu bilketa guneetan. Webgunean eman daiteke izena. «Zure denbora pixka bat besterik ez dugu behar. Txanda eta bilketa gunea zuk aukeratuko duzu», mintzatu zaie Villar herritarrei.

Nafarroako Elikagai bankua ez da egoera «kritikoan» dagoen bakarra. Gipuzkoan ere, Elikagai Bankuan pixkanaka baliabideak galtzen ari dira, eta horrek arriskuan jartzen du elikagaien hileko banaketa. «Biltegiak ia hutsik daude», esan zuten herenegun. 2022tik, murriztu egin dira Gipuzkoako Elikagai Bankuari egindako dohaintza ekonomikoak eta emandako janaria. Helburua da 350.000 kilo elikagai biltzea, 17.000 pertsonari baino gehiagori janaria banatu ahal izateko udazkenera arte. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.