Larrialdi deia egin du Nafarroako Elikagai Bankuak: egoitza lekuz aldatzeak egoera «kritikoan» utziko du elkartea, eta laguntza ekonomikoa behar du. Elkarteak ezin izan du berritu Berriobeitin (Nafarroa) duen egoitzaren alokairua, eta egoitza garestiago batera mugitu behar du, Iruñeko Soltxateko industrialdera hain zuzen (Nafarroa). 300.000 euroko gastua eragingo dio lekualdatzeak, eta, Marisol Villar bankuko lehendakariak aitortu duenez, horrek «kinka larrian» utziko du elkartearen jarduera. Horregatik, laguntza ekonomikoa eskatu diete enpresei, instituzioei eta, oro har, gizarte osoari.
Ikusi gehiago
Nafarroako Elikagai Bankuko arduradunek prentsaurrekoa egin dute gaur Berriobeitiko egoitzan. Azaldu dute laguntza ekonomiko hori behar dutela Nafarroan «zaurgarri» dauden 22.000 pertsonari baino gehiagori premia biziko elikagaiak banatzen jarraitu ahal izateko. Haien esanetan, «derrigortutako» lekualdatzea da, fundazioaren borondatearekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik utzi beharko baitute gaur egungo egoitza.
Azpiegitura logistiko eta administratibo guztia desmuntatu eta ondoren berriro ere instalatu beharko dute: apalategi industrialak, hotz ganberak, makinak, bulegoak, zoruak, sistema elektrikoak, beroketa eta saneamendua, pintura...«Kolpe oso gogorra da. Hamar urtez lan egin dugun toki bat uzteaz gain, aurreikusia ez genuen inbertsio bati aurre egin behar diogu, eta diru laguntzak ez dira nahikoa horretarako». 300.000 euro horiek biltzea lortzen ez badute aurten euren jarduera bertan behera uzteko arriskua dutela jakinarazi du Villarrek.
«Ez dago luxurik»
Nafarroako Elikagai Bankuaren urteko aurrekontua 494.755 euro da, eta batez ere erakundearen oinarrizko funtzionamendurako erabiltzen dute. Hiru dira diru iturri nagusiak: finantzaketa publikoa (%40), ekarpen partikularrak (%24), eta enpresen eta fundazioen laguntza (%33). Dirua oso mugatua dute premian dauden familiei laguntzeko: «Euro bakoitzak balio du. Ez dago luxurik. Elikagaiak gehien behar diren lekura iristea da helburua».
Iruñeko Soltxateko industrialdeko gune berriaren alokairuak bikoiztu egingo ditu orain dituzten gastuak: 38.610 eurotik 79.560 eurora. Diru horri gehitu beharko diote toki berria berehala atontzeko ordaindu beharko dituzten 300.000 euroak. «Diru gehiegi» dela uste dute, eta horregatik eskatu dute laguntza.
Lagundu nahi duenak Nafarroako Elikagai Bankuaren webgunean aurkituko du hori egiteko modua.
Maiatzean ere antzeko eskaera bat egin zuten, egoeraren larritasunaz jabetuta. Orduko hartan, bankuko lehendakariak esan zuen pandemiaren ondoren «beherakada handia» nabaritu dutela dohaintzetan, eta laguntza eskatu zuen. Dohaintza digitalak egitera animatu zituen herritarrak; izan ere, azaldu zuen euro bakoitzari etekina ateratzeko aukera ematen dietela, unean-unean beharrezkoak diren produktuak erosteko.
Marisol Villar: «Kolpe latza da, baina esperantzari eusten diogu»
Irailaren 26rako egon behar du egoitza berrian Nafarroako Elikagai Bankuak. Falta den denbora eskasean gizartearen laguntza jasotzea espero dutela adierazi du elikagai bankuko presidente Marisol Villarrek.
Noiz jaso zenuten egungo egoitza uzteko abisua?
Garaiz abisatu gintuzten; denbora honetan, saiatu gara gobernuarekin eta inbertitzaileekin gestioak egiten hemen jarraitzeko, baina alferrik. Ahalegindu egin gara egoitza erosi eta gero guri alokatzen jarraitzeko interesa izango zuen norbait topatzen, tokiz aldatu behar ez izateko, baina jabeek hau saldu beharra zeukaten, eta guk ez genuen erosteko aukerarik.
Noiz arteko epea eman dizuete?
Irailaren 26rako egoitza berrian egon behar dugu. Horregatik egin diogu presazko eskaera gizarteari; enpresen, erakundeen eta herritarren laguntza behar dugu.
Egoitza berria ordaintzea gehiegizko gastua da elikagai bankuarentzat.
Orain arte alokairu soziala ordaindu dugu, baina merkatu libreko prezioak eskandaluzkoak dira. Aurkitu duguna gure neurrian dagoela uste dugu, baina hala ere 41.000 euro gehiago ordaindu beharko ditugu urtean. Gehiegi da. Enpresei, erakundeei eta, oro har, gure lana aintzat hartzen duen orori laguntza eskatzen diegu.
Hamar urte eman dituzue egungo egoitzan pertsonarik zaurgarrienak laguntzen.
Hilero 22.700 eta 23.000 pertsona artean artatzen ditugu. Gehienek gutxieneko baliabiderik ez dute. Behartsuenen artean behartsuenei laguntzen diegu.
Nolako erantzuna espero duzue?
Oso kolpe latza izan da, eta beldur gara, baina esperantzari eusten diogu. Orain arte eskatu dugun guztietan, jendeak erantzun du.