Noaingo txupinazoan argi geratu zen herenegun: herrietako jaietan bada arriskurik. Zenbait suziri kontrolik gabe lehertu ziren udaletxeko balkoian, eta dozenaka zauritu eragin zituzten. Tartean, Oskar Montero, Diario de Noticias egunkariko argazkilaria. Halakoek udal arduradunen eta festen antolatzaileen «gogoeta» eragin beharko luketela adierazi du orain NAGE Nafarroako Albistari Grafikoen Elkarteak, ohar batean.
«Hedabide grafikook —fotokazetariak, telebistako kamerariak eta kazetariak— urteak daramatzagu herrietako jaien hasiera dokumentatzen, balio informatibo handiaz gain, arrisku agerikoa duten tokietatik: txupinazoak eta bestelako ekitaldi jendetsuak hartzen dituzten balkoietatik, alegia». NAGE elkartearen ustez, jendez beteriko balkoi bat «arrisku handiko tokia» izan daiteke han daudenentzat: «Segurtasuna ezin da egon inprobisazioaren, azpiegitura eskasen edo borondate onaren menpe. Gehienezko edukiera mugatua ez duen balkoi bat, ikuskapen teknikorik gainditu ez duena, eta, sarritan, kontrolatutako sarbiderik gabekoa, ez da lanpostu bat: arrisku bat da».
Sei eskaera
Hori dela eta, berriemaile grafikoen elkarteak «arduraz» jokatzeko galdegin die erakunde publikoei, eta behar besteko neurriak har ditzatela, balkoietan ezein ekitaldi publiko baimendu aurretik. Zehazki, zera exijitu diete udalei: «Egituren ikuskatze teknikoak eta gaitasunaren ziurtagiriak; balkoien gehienezko okupazioa zorrotz kontrolatzea; gutxieneko baldintzak betetzen ez dituzten balkoietan jendea ez pilatzea eta ikus-entzunezko ekipoak sartzea debekatzea; sarbide, ebakuazio eta komunikazio sistema seguruak bermatzea; profesionalentzako gune egonkorrak eta egokiak prestatzea, zeinetan beharrezkoa izanen den akreditatua egotea; eta azkenik, udal arduradun bat izendatzea, ekitaldiak iraun bitartean identifikatua egonen dena eta gaitasuna izanen duena segurua ez den edozein gune ixteko edo erabilera eteteko».
NAGEk uste du jaien irudia ezin dela egon «han lan egiten dutenen edo jaiez gozatzen ari direnen segurtasunaren gainetik». Hortaz, segurtasun neurrien derrigortasuna ere exijitu dute: «Prebentzioa ez dadila izan gomendio hutsa, izan dadila ezinbesteko baldintza, ekitaldi hauek antolatu ahal izateko. Festek izan behar dute algara eta poz kolektiborako toki bat, ez iragarritako arrisku bat. Segurtasuna ez baita negoziagai».