Tuterako epaile batek 14 urteko neska baten salerosketarekin lotutako auzia artxibatzea erabaki zuen, eta Nafarroako fiskaltzak helegitea aurkeztuko du erabaki horren aurka. Izan ere, alaba saldu izana leporatu zioten Tuterako familia bati. Ustez, Kataluniako familia bati saldu zion neska, eta familia horretako 21 urteko semearekin ezkontzera behartu zuten. Tuterako epaile batek auzia behin-behinean artxibatzea erabaki zuen, argudiatuta neskak deklaratu zuela bere borondatez zegoela familia horrekin.
Auzia artxibatu zutenez, horrekin lotuta atxilotutako bost lagunak aske uzte utzi zituzten: neska adingabearen gurasoak —Nafarroan bizi dira—, Mollerussako (Lleida) senar-emazteak eta haien semea.
Joan den larunbatean, Guardia Zibilak jakinarazi zuen guraso batzuk atxilotu zituztela Nafarroan, 14 urteko alaba Mollerussako senar-emazte batzuei 5.000 euroren truke saltzeagatik. Diruaz gain, bost whiski botila eta jatekoa eman zizkieten adingabearen gurasoei.
Kataluniako mossoek neska ikusi zuten Lleidako herri bateko supermerkatu baten aurrean eskean ari zela, eta ikerketa abiatu zuten. Horren ondorioz, Kataluniako senar-emazteak eta haien semea atxilotu zituzten. Neska adingabea Kataluniako Generalitatearen zaintzapean geratu zen orduan.
Adingabeak Tuterako epaitegi batean deklaratu zuen, eta epaileak auzia behin-behinean artxibatzea agindu zuen, adingabearen lekukotza gainerako zantzuak baino garrantzitsuagoa zela iritzita. Neskak adierazi zuen bere borondatez eta gurasoen baimenarekin bizi zela Lleidan, eta ukatu egin zuen gurasoek ezkontzera edo eskean aritzera behartu zutela.