Nafarroako Gobernuak diruz lagunduko ditu migratzaileen erregularizazioan laguntzen ari diren elkarteak

150.000 euro emango ditu guztira. Oraindik ez du zehaztu zer baldintza izango diren laguntzak jasotzeko.

Zenbait migratzaile atzerritarren bulego baten aurrean, Iruñean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Zenbait migratzaile atzerritarren bulego baten aurrean, Iruñean. IDOIA ZABALETA / FOKU
jakes goikoetxea
2026ko apirilaren 22a
13:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zenbait sindikatu eta elkarte migratzaileei laguntzen ari dira Espainiako Gobernuak abiatutako ezohiko erregularizazio prozesuko baldintzak betetzen eta urratsak egiten. Bada, Nafarroako Gobernuak diru laguntza bat emango die lan horretan ari diren sindikatu eta elkarteei, modua izan dezaten migratzaileei laguntzeak eragingo dizkien gastuak ordaintzeko. 150.000 euro izango dira guztira.

Laguntza jaso ahal izateko, sindikatu eta irabazi-asmorik gabeko elkarte horiek izena emanda egon behar dute Atzerritarren Arloko Laguntzaileen Erregistro Elektronikoan. Modu telematikoan aurkeztu beharko dituzte eskaerak. Begoña Alfaro Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiken kontseilariak azaldu du oraindik ez dituztela osatu diru laguntzak jaso ahal izateko oinarriak, baina espero du datozen egunetan zehaztuko dituztela.

Erregularizatzea eskatzeko epea ekainaren 30ean bukatuko da. Nafarroako Gobernuak uste du maiatzaren erditik aurrera hasiko direla sindikatuei eta elkarteei laguntzak ordaintzen. Azken ordainketa irailaren eta urriaren artean egingo dute.

Nafarroako Gobernuak informazio kanpaina bat abiatuko du laster, erregularizazio prozesuan parte hartu nahi dutenek doan egiteko aukera izan dezaten. Interesa dutenei arreta zerbitzuen telefono zenbakiak eta informazio webgunearen helbidea zehaztuko dizkiete.

Barkos, azalpen eske

Espainiako Gobernuak ezohiko erregularizazio prozesutik kanpo utzi ditu apatridak, horietako gehienak sahararrak. Uxue Barkos Geroa Baiko senatariak azalpenak eskatu dizkio Espainiako Gobernuari. Galdera sorta bat erregistratu du Espainiako Senatuan.

Espainiako Gobernuak erabaki hori zuritu du esanez Estatu Kontseiluak hala egiteko gomendatu ziola. Barkosek galdetu dio ea zergatik ez duen konponbide bat prestatu apatridak ere prozesuan sartzeko. «Pertsona horiek oso ataka zailean daude», salatu du Barkosek. «Apatriden prozesuak urte asko iraun dezake, eta denbora horretan ezin dute lanerako baimenik lortu. Ondorioz, egoera zaurgarri eta prekarioan gelditzen dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA