Aurrekontuak

Nafarroako Gobernuak eta EH Bilduk akordioa lortu dute aurrekontuei buruz

Oraindik ere ez da erabateko akordioa, eta zerga neurrien inguruan ados jartzea falta dela azpimarratu du Bakartxo Ruizek. Haren esanetan, «akordioa osoa izan arte» ez dute xehetasunen berri emango. Gobernua baikor azaldu da 2022an aurrekontuak izateko bidean.

Bakartxo Ruiz, parlamentuan, eta atzean Maria Txibite gobernuko lehendakaria, ekainean. IDOIA ZABALETA / FOKU
joxerra senar
2021eko urriaren 26a
18:57
Entzun

Asteartean, udal arloko finantzaketaren akordioa, eta asteazkenean, aurrekontuen aurreproiektua. Nafarroako Gobernuak eta EH Bilduk akordioa lortu dute legealdi honetan hirugarren urtez jarraian Nafarroak aurrekontuak izan ditzan. Bileratik aterata, Bakartxo Ruiz EH Bilduko eledunak nabarmendu du akordioa «partziala» dela, eta oraindik ere hainbat kontu falta direla adosteko: hala nola zerga neurriak. Javier Remirez eta Jose Mari Aierdi gobernuko bi presidenteak ere pozik azaldu dira: «Akordioak pentsarazten digu urte amaieran aurrekontuak izango ditugula».

Azken bi asteetan, komunikabideen aurrean hiru aldiz bildu dira koalizio abertzalea eta gobernua. Atzoko bilerara 16:30ean zegoen deituta, eta hura amaitutakoan iragarri du Ruizek aurreproiektuaren inguruko akordioa lortu duela. Haren esanetan, «pauso bat gehiago» eman dute aurrekontuen eta zerga neurrien gaineko akordio oso bat izateko. «Atzo adierazi genuen udalen finantzaketa arloko akordioak bidea errazten zuela aurrekontuen inguruan akordioa lortzeko, eta gaur esan dezakegu gertatu dela».

Ruizen arabera, oraindik ere urrun daude zergen arloan, eta negoziatzen jarraituko dute. Iazko akordioaren ondotik, gobernuak sozietate zergako kenkari batzuk aztertzeko azterketa egin du, eta, haren emaitzak ikusirik, EH Bilduk argi adierazi zuen inbertsio zein enplegu arloko kenkariak kendu egin behar direla. Gobernuak lasaitasuna eskatu izan du, eta litekeena da puntu horietan desadostasunak izatea.

Aurrekontuaren akordioari dagokionez, Ruizek ez du zehaztu zer puntu adostu dituzten: «Gobernuarekin ados jarri gara neurri zehatz batzuk, lehentasun batzuk eta diru sail konkretu batzuk ezartzeko, Guretzat garrantzitsuak ziren, eta gobernuak ulertu du bat egiten zutela bere lehentasunekin», adierazi du.

Ruizek espero du akordioa osorik lortzea, eta orduan emango dute orain lortutakoaren berri. «Oraindik ez dago akordio bat osorik, ez dago sinatutako dokumenturik, eta, beste batzuetan esan izan dugun bezala, une hori iristen bada, argi eta garbi, gardentasun osoz, argitaratuko dugu haren edukia»

Gobernuaren balorazioa

Ruizen ostean, Javier Remirezek eta Jose Mari Aierdik hitz egin dute. Presidenteordeen esanetan, bileran «aurrerapauso esanguratsuak» eman dituzte. Nahiz eta oraindik urratsak falta diren, gaurko kontseiluan 2022ko aurrekontuen aurreproiektua onartuko du gobernuak. Behin hori eginda, edukia gizarte eragileei, tokiko erakundeei eta ingurumen arloko eragileei pasatuko zaie. Haien eskutik pasatuta, lege proiektua onartuko luke gobernuak, eta ondoren parlamentura igorri. Ikusteko dago gobernua EH Bildurekin ados jarriko ote den lege proiektua onartu aurretik, edo zatikako zuzenketa bidez emango ote zaien bidea aurrekontuei.

Jose Mari Aierdik zehaztu du parlamentuan egin beharreko bide horren gainean ere hitz egin dutela EH Bildurekin, baina, tramitazioari begira, baikor azaldu da gobernua. «Pentsarazten digu urte amaierarako herritarren beharrei erantzuteko instrumentu baliagarri bat izan dezakegula». Aurreproiektuaren inguruko xehetasunak bihar emango ditu Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilariak.

Aurreko urteetako negoziazioa baino zailagoa den galdetuta, Remirezek azaldu du ez dela izan ez zailagoa ez eta errazagoa ere. «Iazko aurrekontuak pandemiak baldintzaturik egin ziren; orain beste erronka batzuk ditugu, eta, aurreko bi aurrekontuekin alderatuta, egoera erabat diferentea da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.