Alokairu babestuko 493 etxebizitza, erabilera mugatuko salerosketarako 128 eta etxebizitza kooperatiben erabilerarako 114. Nafarroako Gobernuak EtxeON egitasmoa aurkeztu du gaur, bost urtean 735 etxebizitza publiko eraikitzeko plana. Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiketako kontseilari Begoña Alfarok eta Nasuvinsa enpresa publikoko zuzendari Javier Buronek azaldu dituzte proiektuaren nondik norakoak.
Alfarok esplikatu du etxebizitzak eraikitzeko plan soila baino «askoz gehiago» izanen dela EtxeON: «Etxebizitza publikoa planifikatzeko, eraikitzeko eta kudeatzeko era berri bat da, erroko aldaketa bat etxebizitza politikak ulertzeko moduan». Nafarroako Parlamentuak iragan ekainean onartu zuen Etxebizitza Ordainerraza Izateko Eskubideari buruzko 9/2025 foru legea, eta horren arrimura ondu dute egitasmoa. Nafarroako Gobernuaren esanetan, helburu bera dute bai legeak bai orain aurkeztutako planak: «Luzera begira, bermatu ahal izatea etxebizitza duin eta ordainerraz bat izateko eskubidea».
Etxebizitza publikoko promozioez harago, planifikazio eta kontrolerako sistema berri bat ere abian jarriko dute, zeinak balioko baitu «baliabideak optimizatzeko, kostuak murrizteko eta proiektu bakoitzaren kalitatea eta efizientzia energetikoa bermatzeko».
Alokairu «ordainerraza»
EtxeON planaren lehen fasean, 735 etxebizitza eraikiko dituzte datozen bost urteetan, eta horietatik, 493 jarriko dituzte alokairuan, «hala alokairu sozialeko nola alokairu ordainerrazeko modalitateetan».
Alokairu «ordainerraza» da planean jaso duten berritasunetako bat. «Alokairu sozialerako baldintzak betetzen ez dituen, baina, era berean, merkatu libreko etxe bat eskuratu ezin duen sektore horri begirako neurria da», azaldu du Alfarok. Alokairu «ordainerrazeko» 338 etxebizitza eraikiko dituzte: 54 Arangurenen, 60 Iruñean, 120 Eguesibarren eta 104 Zizur Nagusian.
Alokairu sozialeko etxebizitzak 121 izanen dira: 42 Tafallan, 21 Altsasun, hogei Zangozan, hamasei Mugartean, hamabi Irunberrin eta hamar Baztanen. Behar handieneko sektoreei zuzendutako bizitokiak izanen dira horiek.
Horrez gain, etxebizitza kooperatiboak ere sustatuko ditu gobernuak, eta horretarako propio eraikiko dituzte 114 etxebizitza: hamabi Iruñean, hogei Altsasun, 34 Beriainen, hamar Azkoienen, hamabi Uharten, hamasei Lodosan eta hamar Ororbian. Horrez gain, foru lege berri bat sustatuko du Nafarroako Gobernuak legealdi honetan, etxebizitza kooperatiboak arautzeko xedez. «Adinekoei zuzendutako eredu bat da nagusiki, baina ahaztu gabe aukera aproposa izan daitekeela gazteei, belaunaldi arteko esperientziei edo landagunerako aukerei begira», esan du kontseilariak.
Azkenik, babes ofizialeko beste 128 etxebizitza eraikiko dituzte salerosketa erregimen mugatuan. Erregimen horren arabera, erosleek ez dute etxebizitza bera erosiko, baizik eta hura epe luze batean erabiltzeko eskubidea —75 urte izan ohi dira—. Gisa horretako 50 etxe eraikiko dituzte Noainen eta 78 Barañainen.