Osasunbidea hasi da SMSak bidaltzen haren iritziz gripearen eta COVIDaren kontra txertatzea komeni zaien pertsonei eta haien arduradunei: lehentasuna dute 80 urtetik gorakoek, haurdunek eta 6 eta 59 hilabete arteko umeek. Mezu horren bidez ordua hartzera gonbidatzen ditu txertoa jartzeko. Mezuak Osasunbidearen webguneko lotura bat du, hitzorduei eta txertatzeko lekuei buruzko informazioa ikusteko. Hilaren 19an hasiko dira txertoak jartzen.
Hala ere, aurten txertatzeko ezohiko hiru leku jarriko dituzte, aurrez ordua hartu gabe txertatu ahal izateko: Iruñeko Buztintxuri eta San Martin Doktorea osasun etxeetan eta Lizarrako osasun etxean. Aukera hori baliatu ahalko da azaroaren 3tik 14ra, astelehenetik ostiralera 16:00etatik 20:00etara, eta larunbatetan 08:30etik 14:30era. Osakidetzak ere ezarri ditu aurrez ordua hartu gabe txertatzeko lekuak.
Osasunbideak txertoa jartzeko gomendatu die pertsona zaurgarrienei: 60 urtetik gorakoei; desgaitasunen bat dutenentzako zentroren batean —5 urtetik gorakoei—, zahar etxeren batean edo erakunde itxietan daudenei; gaixotasun larriren bat izateko arriskua nabarmen handitu zaienei —6 hilabetetik gorakoei—; immunoezabatzea dutenei; arrisku taldeetako 12 eta 59 urte arteko pertsonei; haurdun guztiei; osasun zerbitzuetako eta zentro soziosanitarioetako langileei eta haietan praktikak egiten ari direnei; etxez etxeko zaintzan lan egiten dutenei; konplikazioak izateko arrisku handia duten pertsonekin bizi direnei; haur eskoletako langileei; eta animaliekin lan egiten dutenei.
Osasun Karpeta, telefonoa eta aurrez aurre
Txertoa eskatzeko hiru bide egongo dira: alde batetik, norberaren Osasun Karpetaren bidez, 60 urtetik gorakoek batez ere; osasun etxera deituta, 10:00etatik 15:00etara; eta aurrez aurre. Ordua hartzen dutenek hitzordua gogorarazteko mezu bat jasoko dute bi egun lehenago. Bi txertoak jaso behar dituztenek aldi berean jasoko dituzte. Hala ere, COVIDaren kontrakoa jaso ahal izango dute beti ere azken txertoa jaso zutenetik edo azkeneko aldiz kutsatu zirenetik hiru hilabete baino gehiago pasatu badira.
Gripearen eta COVIDaren kontrako txertatzen kanpaina abenduaren erdialdean bukatuko da. Hala ere, Osasunbideak zehaztu du abenduaren erdialdetik aurrera txertatu egingo dituela kanpaina amaitu eta gero txertoa jasotzeko baldintzak betetzen dituztenak edota epearen barruan txertatu ezin izan dutenak.
Nafarroako Gobernuak webgune bat sortu du herritarren zalantzak argitzeko.