Madrilgo Arena Green Power enpresak, energia berriztagarrien promotoreak, beste kolpe bat jaso du Nafarroako Gobernuaren partetik. Erriberako merindadean zazpi haize errotako parke bat eraikitzeko asmoa zuen, baina Nafarroako Gobernuko Ingurumen zuzendariak ebatzi du proiektuak ingurumenean inpaktu handia izango lukeela, eta, beraz, atzera bota du proiektua.
Arena Green Power enpresak haize errota bakoitza proiektu bakar gisa tramitatzen du, joan den irailean Sustrai Erakuntzako Martin Zelaiak BERRIAri azaldu zionez. Hori bera azaltzen du Nafarroako Gobernuak Nafarroako Aldizkari Ofizialean publikatutako informazioan: «Aurkeztutako proiektuak ingurune bat berean kokatzen dira, jarduera, sarbideak eta obra zibil bat eta bera partekatzen dute, eta sortutako energiaren transformazioa, ebakuazioa eta sarerako konexioa Tafalla TAE 66 kV (i-DE) azpiestazioan, azpiegitura komunen bidez isurtzen dute. Beraz, haien artean izaera bat bera eta lotura estua dute». Hori dela eta, erabaki dute denak batera aztertzea.
Behin enpresak egindako ingurumen inpaktuaren adierazpena irakurrita, eta helegiteak eta bestelakoak ikusita, ingurumen organoak ondorioztatu du hainbat landare eta animalia espezieri kalte egingo lieketela errotek; horregatik bota dute atzera proiektua ingurumen ikuspuntuari erreparatuta.
Hainbat elkarte ekologistak eta tokiko erakundek aurkeztu dizkiote helegiteak enpresak egindako adierazpenari, eta denek azaldu dute inguruan hegazti eta kiroptero espezie asko ibiltzen direla, eta errotak espezie migratzaile batzuen igarobideetan egongo liratekeela. Sustrai Erakuntzak eta Ekologistak Martxan elkarteek nabarmendu dute errotek «talka arriskua eta hesi efektua» eragin dezaketela; horregatik uste dute proiektua ez dela bideragarria ingurumenari dagokionez. Seo-Birdlife elkartearen ustez ere, «talka ibilbideak dituzten hegaldien ehunekoa ez da batere gutxiestekoa».
Hori dela eta, ingurumen organoak uste du «ingurumenean inpaktu negatiboak eragiteko arriskua» duela proiektuak, eta enpresak proposatutako neurri zuzentzaile eta arintzaileak «ez direla aski berme».