Nafarroako Gobernuak lobbyen erregistroa sortuko du

Gardentasunaren Foru Legea berritu du, eta lege proiektua Nafarroako Parlamentura bidaliko du eztabaidarako. Ustelkeriaren aurkako bulegoak kudeatuko du erregistroa. Gardentasunaren Kontseilua aditu eta teknikariek osatuko dute, kargudun publikoen ordez.

Felix Taberna lehendakariordea, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Felix Taberna lehendakariordea, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2025eko azaroaren 12a
16:26
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Eguzki argia da desinfektatzailerik hoberena, eta, lege berri honi esker, eguzki argi gehiago isuriko dugu gobernuaren jardunean». Felix Taberna Nafarroako Gobernuko lehen presidenteordeak kristalezko kutxa batekin alderatu du foru administrazioa, eta argiaren metafora erabili Gardentasunaren Foru Lege proiektua azaltzeko. Hainbat aldaketa ditu lege proposamenak, eta nagusia da lobbyen erregistro bat sortuko dela. 

Zazpi urte iragan dira Gardentasunaren eta Praktika Onen Foru Legea onartu zenetik, eta orain Nafarroako Gobernuak hura moldatzea erabaki du. Gaur eguerdian, lege proiektua onartu berri du gobernu kontseiluak, eta parlamentura bidali eztabaidarako.

Testuinguru berezi batean dator proposamena. Izan ere, ekainean Guardia Zibilaren txosten batek azaleratu zuen Nafarroan hasi zela Accionaren, Servinabarren eta Santos Cerdan buruzagi sozialista ohiaren arteko harremana. Enpresa horiek hainbat kontratu publiko dituzte foru administrazioarekin, eta, irregulartasunik atzeman ez bada ere, jardunbide politikoaren gaineko zalantzak piztu zituen eskandaluak nafar askoren artean.

«Eguzki argia da desinfektatzailerik hoberena, eta, lege berri honi esker, eguzki argi gehiago isuriko dugu administrazioaren jardunean»

FELIX TABERNA Nafarroako lehen presidenteordea

Nolanahi ere, gardentasun arloko legedia sendotzeko premia ez du polemika horrek piztu. Tabernak uste du ezen, desinformazioaren eta eskuin muturraren estrategien aurka egingo bada, demokrazia sendotu beharra dagoela. «Carter Fundazioa, Davosko Munduko Foroa eta Nazio Batuen Garapenerako programa ohartarazten ari dira nolako arrisku sistemikoak dauden demokraziaren arloan». Horri loturik, Tabernak gogora ekarri du hamar herritarretatik zortzik ez dutela ezagutu Francoren diktadura, eta horrek babesik gabe uzten dituela polarizazioaren inguruan: «Nafarroako Gobernuak demokrazia sendotu nahi du informazio toxikoaren aurka».

Aurretik, PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak legealdi honetarako hitzartutako gobernu akordioak ez zuen aipatzen legea berritzeko aukera, baina proposatzen zuen, besteak beste, egungo Gardentasunaren Kontseilua sendotu behar zela, kargudun publikoen kode etiko bat landu, eta parte hartze eta gardentasun prozedurak hobetu. Lege proiektuaren edukia bide horretan doa.

Berez, lege proposamena sei ardatzeko plan zabalago baten barruan sartzen da. Esaterako, kontuak emateko neurriak hartu nahi dituzte, eta horretarako herritarren ikuskaritza prozedurak sortu. Gainera, etika publikoaren politikak indartu nahi dituzte, eta desinformazioaren aurka borroka egin, gazteen artean alfabetizazio mediatikoko programak sustatuz. Horrez gain, administrazioan herritarrentzako arreta hobetzeko neurriak hartu nahi dituzte, besteak beste landa eremuan. 

Lege proiektuaren edukiari dagokionez, Nafarroako Gardentasun Kontseiluarekin elkarlanean landu dute, eta haren ekarpenak jaso dituzte hein handi batean —proposamenen %86 onartu dira, aho batez—. 2018tik hona aurreko legea zenbateraino bete den aztertu dute, eta ondorioztatu hasieran ezarritako helburuen %85 bete direla.

OANAren zeregina

Zazpi urteotan erakunde berriak sortu dira, eta lege proiektuak errealitate horretara egokitu nahi du. Hala, OANA Jardunbide Egokien Aldeko eta Ustelkeriaren Aurkako Bulegoa arduratuko da lobbyen erregistroa kudeatzeaz. Zehazki, Nafarroako Gobernuarekin, lehendakariarekin eta parlamentuarekin harremanak izan nahi dituzten enpresek eta erakundeek izena eman beharko dute erregistro batean, eta kode etiko bat bete. Ustelkeriaren aurkako bulegoak arautuko du erregistroa, eta haren esku egongo da kode etikoa egitea ere, presio taldeen «gardentasuna eta zintzotasuna hobetzeko». 

Hiru erakundeekin harremanak dituzten presio taldeak derrigortuta egongo dira erregistroan izen ematera. Kargu publikoekin, hautagaiekin eta agintariekin dituzten bileren berri eman beharko dute, baita haiei helarazten dieten txostenak eta oharrak jakinarazi ere. Lege proiektua parlamentu taldeek eztabaidatuko dute orain, eta akaso hor desadostasunak sor daitezke. Izan ere, proposamenak legebiltzarreko ohiko jarduera baldintzatu dezake, eta, badaezpada ere, Tabernak mezua igorri die alderdiei: «Parlamentuak autonomia propioa du, baina komeni da parlamentuak ere agenda instituzional bat izatea, gobernuak duen bezala». 

Gardentasunaren Kontseiluaren osaera ere aldatu egingo da. Gaur egun, hamabi kide ditu, eta haietarik lau Nafarroako Parlamentuko ordezkariak dira. Lege proiektuan, proposatu dute parlamentarien ordez profil teknikoa duten adituak izendatzea. Zehazki, zazpi kidek osatuko lukete: Nafarroako Gobernuko gardentasun arloko goi kargudun batek, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko ordezkari batek, Nafarroako Kontseiluko ordezkari batek, Kontuen Ganberako kide batek, Nafarroako Arartekoak, NUPeko ordezkari batek eta legebiltzarreko kide batek.

Giltzak

  1. Nafarroako Gobernuarekin, lehendakariarekin eta parlamentuarekin harremana duen erakunde oro behartuta egongo da bilkuren berri ematera eta emandako txostenak jakinaraztera.
  2. OANA ustelkeriaren aurkako bulegoa arduratuko da erregistroa kudeatzeaz eta haren araudi eta kode etikoa lantzeaz.

  3. Gardentasunaren Kontseiluaren osaera aldatu egingo da. Presidenteak sei urteko agintaldia izango du, eta ez lau urtekoa.
  4. Gardentasunaren Kontseiluak arau hausteen zigor prozedurak irekitzea gomendatu diezaioke gobernuari. 
  5. Sektore publikoko lana arlo pribatuko beste lan batekin uztartzen duten funtzionarioek horren berri eman beharko dute publikoki.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.