Nafarroako Gobernuak PAI programa uzteko baimena eman die lau ikastetxeri

Sarrigurengo Joakin Lizarraga eskolak utzi egingo du ingelesezko eredua, eta Tafallako Marques de la Real Defensa, Erriberriko Principe de Viana eta Iruñeko Buztintxuri zentroetako D ereduko taldeetan ere alboratu egingo dute.

Nafarroako Hezkuntza kontseilari Carlos Gimeno, artxiboko irudi batean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Nafarroako Hezkuntza kontseilari Carlos Gimeno, artxiboko irudi batean. IDOIA ZABALETA / FOKU
arantxa iraola
2026ko martxoaren 4a
11:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hamarraldiak daramatza Nafarroako hezkuntza sisteman PAI programak; ikasgai batzuk ingelesez ematen dituzte, haurrei ingelesa ikasten laguntzen dielakoan. Kritikak ere maiz ozendu dira, ordea, hezkuntza eredu horren inguruan, eta programa uzten ari dira zenbait zentro. Gaur jakin da, adibidez, Nafarroako Gobernuak programa uzteko baimena eman diela lau zentrori: Sarrigurengo Joakin Lizarraga eskola osoak utziko du albora, eta Tafallako Marques de la Real Defensa, Erriberriko Principe de Viana eta Iruñeko Buztintxuri zentroetan D ereduan ari diren lerroek ere utziko dute. 

D ereduan ari da osorik Sarrigurengo zentroa, eta, ingelesezko programa utzita, euskarari toki gehiago emateko modua izango du. Gainerako zentroetan, PAI programak martxan jarraituko du A eta G ereduetan ari diren taldeetan; alegia, euskaratik aldenduen dauden horietan. A ereduan ikasgai hutsa da euskara; G ereduan, hori ere ez. 

Hainbat guraso taldek behin baino gehiagotan utzi dute kezka agerian PAI ereduaren inguruan. Iaz, gainera, Nafarroako Hezkuntza Departamentuak ingelesezko ordu gehiago ematea planteatu zuen, euskarazko orduen kaltetan: Haur Hezkuntzan astean euskaraz ordubete gutxiago egitea proposatu zuen, eta Lehen Hezkuntzan murrizketa «are larriagoak» ezarri nahi zituztela salatu zuten hainbat familiak. Guraso talde batek Nafarroako Parlamentura jo zuen aldaketa horien kontra egiteko, «oinarri pedagogikorik eta linguistikorik» ez zegoela argudiatuta. «Zertan geratuko da D eredua euskarari ordu gehiago kentzen badizkiogu?», salatu zuten familia haiek. Orain PAI programatik ateratzeko baimena lortu duten zentroetako gurasoak zeuden tartean.

Hezkuntza Departamentuak gaur zabaldu dituen datuen arabera, egun hamahiru ikastetxek eskaintzen dituzte B eta D eredua PAI programan murgilduta; gaztelania nagusi den ereduetan ari diren 88 eskolatan dago martxan programa. Jakinarazi dutenez, 2025-2026ko ikasturtean %1,8 handitu da programa horretan murgildutako zentroetako matrikulazioa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!