EH Bilduren eta Zurekin Nafarroaren eskariz, Nafarroako D-PAI ereduko guraso talde bat izan da parlamentuko Hezkuntza batzordean. Hezkuntza Departamentuak ingelesezko ordu gehiago ematea planteatu du, euskarazko orduen kaltetan: haur hezkuntzan astean euskaraz ordubete gutxiago egitea proposatu du, eta Lehen Hezkuntzan murrizketa «are larriagoak» ezarri nahi dituzte, familien esanetan. Guraso talde horren arabera, aldaketak «ez du ez oinarri pedagogikorik ez linguistikorik».
Tafalla, Erriberri, Noain, Gares, Buztintxuri eta Sarrigurengo ikastetxe publikoetako D-PAI ereduko guraso taldearen izenean hitz egin dute Estibaliz Agirrek eta Irene Muruzabalek. 57/2024 foru aginduari jarraikiz, Hezkuntza Departamentuak aldaketak egin nahi ditu hurrengo ikasturtean. Haur Hezkuntzan ingelesezko ordu kopurua hirutik laura igo nahi du; Lehen Hezkuntzan ere ingelesezko ordu kopurua handitu nahi dute euskararen kaltetan: hala, euskarazko ordu kopurua sei eta bederatzi artekoa litzateke —egun, zazpi eta hamabi artekoa da—.
«Zertan geratuko da D eredua euskarari ordu gehiago kentzen badizkiogu?»
ESTIBALIZ AGIRRED-PAI ereduko gurasoa
Agirreren arabera, aldaketa horrek kalte egingo dio seme-alabek euskaraz ikasi ahal izateko aukerari. «Ingelesezko ikasketari ere ez dio onurarik egingo: bigarren eta hirugarren hizkuntzak elkar elikatzen dira baldin eta oinarria sendoa bada», esan du Muruzabalek. Gogora ekarri du behar bereziak dituzten haurrak gero eta gehiago direla eta aldaketaren ondorioz irakasleek ezingo dietela behar bezala lagundu.
Salatu dute, gainera, aldaketa «alde bakarrekoa» izan dela eta baldintzak aldatu dizkietela: «Sendiek D eredua aukeratu genuen baldintza linguistiko eta pedagogiko koherenteak eskaintzen zituelako eta baldintza horiek gure balioekin bat zetozelako». Salatu dute ez dela izan parte hartzerik eta inposatu egin dietela. «Ingelesezko orduak areagotzeko euskarazko orduak murrizteak ereduaren oreka hausten du, eta hizkuntzaren murgiltzeari kalte egin».
«Zertan geratuko da D eredua euskarari ordu gehiago kentzen badizkiogu?», salatu du Agirrek. Gogora ekarri du, gainera, hainbat ikasgai ingelesez emateak arazo ugari eragiten dituela. Kasurako, zientziak ingelesez ongi ulertzeko ikastetxetik kanpoko orduak beharko direla uste du: «Denok badakigu zenbaitek ahalko dutela, baina beste batzuek ez». Aukera berdintasuna urratu eta arrakala handitu egiten dela salatu du.
Guraso taldearen arabera, Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariarekin harremanetan jartzen saiatu dira, baina ez dute erantzun bakar bat jaso. Nafarroako Arartekora ere jo dute, baina oraindik ez dute erantzunik jaso.