Nafarroako Gobernuak ez dio bide eman zazpi parke eoliko eraikitzeko proiektu bati

Ikerketa bat egin ondotik, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak jakinarazi du proiektuak «inpaktu nabarmena» izanen lukeela eta kaltegarria izanen litzatekeela bai landarediarentzat, baita hegaztientzat ere.

Parke eoliko bat Valtierran, Nafarroan. IBERDROLA
Parke eoliko bat Valtierran, Nafarroan. IBERDROLA
Iratxe Muxika
2025eko urriaren 30a
15:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Olaibar, Odieta, Anue eta Esteribar udalerrietan (Nafarroa) zazpi parke eoliko eraikitzekoak ziren, baina Nafarroako Gobernuko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak gaur azaldu du osatu dituen ingurumen txostenak proiektuaren kontrakoak direla, egitasmoa «bideraezina» delako; hortaz, ukatu egin diete eraikitzeko baimena. Esplikatu duenez, gobernuak ikerketa bat egin du ingurumen inpaktua nolakoa izanen den aztertzeko, eta ebatzi proiektua gauzatzeak «inpaktu nabarmena» izanen lukeela, «bereziki  espezie katalogatuetan eta babes bereziko erregimenean». Horregatik hartu du erabakia. 

Gobernuak adierazi duenez, proiektuak hegaztiei eragingo lieke batez ere: ugatzei, miru gorriari, Bonelli arranoari eta saiari, zehazki. Aipatu du horren arrazoia ere: «Oztopo izanen da larreetan, habiak egiteko orduan eta migrazio bideetan, eta hondatu eginen du hegazti nekrofagoek elikatzeko erabiltzen duten eremua». 

Hegaztiei ez ezik, lurrari ere erreparatu dio Nafarroako Gobernuak, eta ondorioztatu hor ere «ondorio nabariak» izanen direla, lur mugimendu handiak egin beharko liratekeelako haize errotak paratu ahal izateko. «Higadura fenomenoak indartuko dira, eta birlandatzea zaildu». Landarediari ere «bortizki» eragingo dio proiektuak, eta, Ingurumen Zuzendaritzak jakinarazi duenez, prebentzio neurriak hartuta ere neurri zuzentzaileak ez dira «irtenbide eraginkorra» izanen proiektuak eraginen lituzkeen ondorio kaltegarri guztiei buru egiteko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.