Nafarroako Gobernuak zehaztu du euskara merezimendu izanen dela 8.078 lanpostutan

Departamentuetako hizkuntza planen eta merezimenduen dekretuaren «aurrerapenak» aletu ditu Ana Ollo lehendakariordeak Euskararen Nafar Kontseiluan.

Euskararen Nafar Kontseiluaren bilkura. NAFARROAKO GOBERNUA
Euskararen Nafar Kontseiluaren bilkura. NAFARROAKO GOBERNUA
Ion Orzaiz.
2025eko ekainaren 25a
10:50
Entzun 00:00:0000:00:00

Administrazioa euskalduntzeko bidean eginiko urratsak nabarmendu ditu Nafarroako Gobernuak. Euskararen Nafar Kontseiluaren atzoko batzarrean, «euskarazko arretan eginiko aurrerapenak» nabarmendu zituen Ana Ollo bigarren lehendakariorde eta Memoriako eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak. Funtsean, bi bide erabili ditu gobernuak helburu hori lortzeko: departamentuetako euskara planak, batetik, eta merezimenduei buruzko 97/2024 dekretua, bestetik.

Atzoko agerraldian, datu zehatzak ere eman zituen Ollok. Azaldu zuenez, departamentuetako euskara planak indarrean sartuta, 769 lanpostu «elebidun» izanen dira Nafarroako administrazio publikoan, eta euskara eskakizun izanen da horietan. Orain arte, 511 ziren postu elebidunak; beraz, 258 gehitu dituzte. Irakasleak kenduta, postuen %5 inguru dira. Beste lanpostu batzuetan, berriz, euskara ez da baldintza izanen, baina bai meritu. Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, beste 8.078 postutan ezarriko dute euskararen merezimendua: postuen %45 ingurutan, irakasleenak kenduta.

Olloren esanetan, bi datu horiek agerian uzten dute Nafarroako administrazioak «hobera» egin duela euskarazko artaren esparruan: «2019ko epaiaren ondoren, euskara ez zen meritua eremu mistoan, eta lanpostuen %3,2 baino ez ziren elebidunak». Hain justu ere, 2019ko irailean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak —UGTren helegite bati men eginez— baliogabetu egin zituen Uxue Barkosen gobernuak bi urte lehenago onartutako 103/2017 Euskararen Dekretuko zenbait artikulu. Ondoren, bost urteko prozesu baten ondorenean, iaz onartu zuten dekretu berria. 

Gobernuak ohar batean nabarmendu du orain egin dituzten urratsekin zera lortu nahi dutela, Europako Kontseiluaren gomendioekin «koherente» izatea, «zerbitzua eta arreta publikoa eguneratuz gero eta elebidunagoa den errealitate soziolinguistiko batera egokitzeko». Euskalgintzaren esparruko eragileek, ordea, ia aho batez kritikatu dute merezimenduen dekretua, eremu ez-euskalduneko deialdietan ez dutelako punturik emango euskaraz jakiteagatik; bai, ordea, ingelesez, frantsesez eta alemanez jakiteagatik.

Saio berean, aipagai izan zituzten Euskarabideak azkenaldian eginiko deialdiak eta euskararen alorreko erakundeekin sinatutako hitzarmenak: besteak beste, Laba elkartearekin, Jorge Oteiza museo fundazioarekin eta Loraldia jaialdiarekin sinatutakoak. Azkenik, Euroeskualdeak sustatutako Eusguneak eta Sarebide proiektuei buruz ere solastatu zen Ollo. Sarebideren barruan, hain zuzen, BERRIAk, Hamaika Telebistak, Euskal Irratiek, Kanaldudek eta Euskalerria Irratiak baliabide eta soluzio teknologiko komun batzuk garatuko dituzte, euskarazko ikus-entzunezko edukiak zabaltzeko tresna berriak sortzeko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.