Nafarroako Herri Lanetako zuzendari ohiari zigor espedientea ireki dio OANAk

Ustelkeriaren Aurkako Nafarroako Bulegoak uste du Pedro Lopez Bera zuzendari ohiak Belateko kontratazio mahaiko idazkari judiziala zigortu nahi izan zuela Landabengo bulego batera mugituta. Nasuvinsaren bi sustapen kontratu ikertuko ditu OANAk.

UPNko Juan Luis Sanchez de Muniain, gaur, alderdiaren Iruñeko egoitzan. JESUS DIGES / EFE
UPNko Juan Luis Sanchez de Muniain, gaur, alderdiaren Iruñeko egoitzan. JESUS DIGES / EFE
joxerra senar
2026ko ekainaren 17a
13:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

UPNko Juan Luis Sanchez de Muniainek jakinarazi du OANA Ustelkeriaren Aurkako Nafarroako Bulegoak zigor espedientea ireki diela Pedro Lopez Bera Herri Lanen zuzendari ohiari eta Pablo Gonzalez Zainketa Zerbitzuko buruari. Leporatu die Lorenzo Serena Belateko tunelen kontratazio mahaiko idazkaria tokiz aldatu zutela adjudikazioan izandako jarrera zigortzeko. Zigor espedienteak aurrera eginez gero, 30.000 eta 300.000 euro arteko isuna jaso dezakete.

Belateko tunelen lana Accionari eta Servinabarri adjudikatu zien Nafarroako Gobernuak. Lorenzo Serena idazkari judizialak susmoa adierazi zuen adjudikazio prozesuan irregulartasunak izan ote ziren, eta, iragan astean amaitutako ikerketan batzordean, Serenak ez zuen egiaztatu zer oinarri zituen salaketa hori egiteko. Salaketa hark esleipena korapilatu zuen, eta, gerora, gobernuak Landabengo bulego batera bidali zuen Serena. Moldaketa baten ondorio izan zela argudiatu zuen Lurralde Kohesioko Departamentuak.

Iazko ekainean, OANAk berak ebatzi zuen mugimendu hura Serena zigortzeko asmoz egin zuela departamentuak, eta lehengo tokira itzultzeko agindu zuen. Oscar Txibite Lurralde Kohesioko kontseilariak hala egin zuen, baina Sanchez de Muniainen iritziz, erabaki horren arduradunei ez zien zigor espedienterik ireki. «Utzikeriaz jokatu du», adierazi du. «Azkenean, OANAk egin behar izan du hori. Txibiteri zegokion hori egitea lehenik, arau hauste horren erantzule zuzena baita». 

Txibiteren aurkako salaketa

OANAk urtebetean informazio gehiago bildu du, eta, Sanchez de Muniainen ustez, Oscar Txibitek «lotsagabekeria ikaragarriz» jokatu du prozesu horretan, argudiatu zuelako ez zekiela Serena izan zela salatzailea. UPNko ordezkariaren arabera, Lopez Berak onartu zuen eztabaidatu zuela komenigarria ote zen mugimendu hura egitea, eta, haren ustez, horrek agerian uzten du kontseilariaren «kontraesana». 

UPNko parlamentariaren ustez, auziak agerian utzi du «Nafarroako Gobernuak eta haren bazkideek» nahiago dutela «ustelkeria salatzen dutenak zigortu, eta ez zigortuen kontra egiten dutenak».

Era berean, Sanchez de Muniainek azaldu du OANA ikertzekoa dela Nasuvinsa sozietate publikoak Acciona eta Servinabar eraikuntza enpresei babes ofizialeko etxebizitzak sustatzeko eginiko bi kontratu. Bi salaketa anonimoren arabera, interes gatazka bat egon da. «Ez dakigu noren aurka egin den salaketa. Interes gatazkak esan nahi du litekeena dela adjudikazioan parte hartu duen norbaitek zerikusia izatea enpresa adjudikaziodunekin», aipatu du UPNko ordezkariak. 

Hain zuzen ere, bihar eztabaidatuko dira Nafarroako Parlamentuan ikerketa batzordearen ondorioak, eta aurreko asteko emaitza bera izango da. PSNk, EH Bilduk eta Geroak Baik ondorioztatu dute batzordean ez dela irregulartasun zantzurik azaldu eta ez dela egiaztatu kontratazio publiko horietan esku hartze politikorik izan denik. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE