Bost urte bete ditu Naziometroak, Telesforo Monzon laborategiaren eta EHUko Parte Hartuz ikerketa taldearen tresna estatistikoak. Urteurren hori baliatuta, urte hauetan bildutako datuak eta joerak aztertu zituzten joan den urrian Bilbon egin zuten jardunaldian. Orain, ordea, argazki horri xehe-xehe begiratu nahi izan diote, lurralde bakoitzaren berezitasunez jabetzeko. Atzo Ipar Euskal Herriko datuetan egin zuten azpimarra, eta gaur Nafarroakoei begiratu diete. Alderaketa eginez gero, aurkia eta ifrentzua erakutsi dute datuek; izan ere, Iparraldean lurraldeen arteko kohesioa handitzearen aldeko jarrera nabarmena da, eta Nafarroan, berriz, gehienek nahiago dute nor bere aldetik joatea.
Nafarroa Garaian, galdekatutakoen ia erdiek nahiago dute lurralde bakoitzak bere bidea egitea. Datu hori nabarmen handiagoa da Euskal Herri osoko argazkiarekin alderatuz gero: %29,8k dute iritzi hori. Hala ere, Nafarroan harreman handiagoa nahi dutenen kopurua ere handia da, galdekatutakoen ia herenek (%31,4) nahi baitute kohesioa indartzea.
Hain zuzen, galdera beste modu batera eginez gero, hots, erkidego bakoitzak bere bidean jarraituta harreman handiagoa izatea nahiko luketen itaunduta, alde daudenak gehiago dira kontra daudenak baino. Euskal Herriko datu orokorraren parean, doi-doi. «Badirudi nork bere autonomia mantentzean dagoela gakoa», ondorioztatu dute ikertzaileek.
Estatuarekin eszeptiko
Naziometroaren datuek erakusten dutenez, Nafarroa Garaian eszeptizismo handia dago euskal estatuaren inguruan, bai desiragarritasun politikoan —independentziaren aldekoak %15,3 dira; kontrakoak, %46,5—, bai ondorio praktikoei dagokienez ere. Izan ere, «okerrago» biziko liratekeela uste dutenak Euskal Herri osoan baino nabarmen gehiago dira, %44,7 —Euskal Herri osoan, %31,5—. «Hobeto» biziko liratekeela uste dutenak, berriz, gutxiago dira Nafarroan (%16,7) Euskal Herri osoan baino (%30,4).
Hala ere, erabakitzeko eskubidearen nahiak indartsu jarraitzen du: %60tik gora egon da azken bost urteetan. Erreferendum baten aukerari buruz galdetuta, bestalde, gehienek uste dute Frantziako eta Espainiako estatuek onartu egin beharko luketela euskal herritarrek erreferendum baten bidez erabakitakoa. Kontrakoa uste dutenak nabarmen gutxiago dira, eta beheranzko joera izan du 2020tik gaur arte: %31tik %14ra apaldu da.
Halaber, Nafarroan gehienek autogobernu handiagoa lehenesten dute: eskumen gehiago nahi dituzte, gertuko kudeaketa hobea dela iritzi baitiote herritarren erdiek baino gehiagok. Aitzitik, estatu zentralizatuaren aldeko jarrera oso minoritarioa da (%6,2).