Carlos Gimenok sei urte daramatza Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilari karguan, eta Ikamak eta LABek uste dute irakasleen lan baldintzek okerrera egin dutela. Hura kargugabetzeko kanpaina bat abiatu dute, eta horren berri eman dute arratsaldean, Hezkuntza Departamentuaren egoitza aurrean. «Ozen eta garbi adierazi nahi dugu Nafarroako hezkuntza euskaldun, komunitarioa eta kalitatezkoa lortzeko bidean ezinbesteko premisa dela Gimeno kanporatzea».
Euren ustez, sei urteotan «hezkuntza komunitatea entzuteko eta akordioa lortzeko ezintasunak» ezaugarritu du Gimeno. Salatu dutenez, «kontseilariak jarrera autoritarioari eta antidemokratikoari eusten dio». Horri loturik, irakasleen, sendien eta ikasleen ahotsak aintzat ez hartzea aurpegiratu diote. Gogora ekarri dute ikasturte honetan hainbat greba egun egitera deitu dutela, eta horrek argi erakusten duela negoziatzeko gaitasun falta. Era berean, azaldu dute gaur egun blokeo egoera eremu guztietara hedatu dela departamentuaren neurrien ondorioz.
0-3 zikloari dagokionez, 2022an akordio bat lortu zen, baina hura gauzatzeko borondate politikoa falta dela salatu dute. Ikastoletako eta itunpeko irakaskuntzako langileei dagokienez, salatu dute «gero eta nabariagoak» direla behar baino finantzaketa gutxiago jasotzeak lan baldintzetan dituen ondorioak. Haien ustez, Gimenok ez die «begirunerik» ez ikastolei, ez euskarari. Aipatu dute Lanbide Heziketan arazo asko daudela, baina bereziki larritzat jo dute lanbide heziketa dualaren egoera.