Hasi Beratik eta Fontellasera. Hasi Vianatik eta Zangozara. Ikastolen sareak baino ez du bermatzen Nafarroa osoan euskaraz ikasi ahal izatea. Baina kolokan dago, Oier Sanjurjo Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakariak ohartarazi duenez: «Erabat kezkatuta jaso genuen berria, Nafarroako ikastolen etorkizuna eta bideragarritasuna zalantzan jartzen dituelako».
Sanjurjok berria dioenean, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren azken erabakiaz ari da: Hezkuntza kontseilari Carlos Gimenok iragarri du itunpeko sarean 3 urteko haurrentzako hamalau ikasgela gutxiago izango dituztela 2026-2027ko ikasturtetik aurrera.
Orain tokatzen da datozen lau urteetarako Haur Hezkuntzako itunak berritzea, eta hortxe sartu ditu guraizeak Gimenok. Arrazoia hauxe, Gimenoren hitzetan: jaiotze tasaren jaitsiera. 3, 4 eta 5 urteko ikasleak 20.000 pasatxo ziren 2014-2015eko ikasturtean; gaur egun, 15.751 dira.
«Erabat kezkatuta jaso genuen berria; Nafarroako ikastolen etorkizuna zalantzan jartzen du»»
OIER SANJURJO Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakaria
Hiru irizpide erabili dituzte itunak berritzeko orduan: bat, batez besteko ratioa ikastetxe publikoek duten bera izatea —HHko gela bakoitzeko hamazazpi ikasle Iruñerrian, eta hamabost ikasle beste eskualdeetan—; bi, diru publikoekin ikasgelarik ez finantzatzea eskaria urria bada; eta hiru, behar baino ikaspostu gehiago ez eskaintzea. Sanjurjoren esanetan, azken aldian itunak berritu zizkietenean ere —lau urtean behin berritzen dira—, betekizun horiek ezarrita zeuden. Baina: «Inoiz ez zaie jaramonik egin, eta, aurten, bat-batean, baietz okurritu zaio, noiz eta jaiotza tasa baxuena denean, min handiena egin dezakeenean». Gainera, salatu du sare publikoan 23 ikasle izan ditzaketela gehienez ikasgela bakoitzean; itunpekoan, berriz, 25: «Ez dugu bigarren mailako sarea izan nahi, guztiok ratio berak izatea nahi dugu». Zera gehitu du Nekane Artola Ikastolen Elkarteko lehendakariak: «Historikoki, gainera, horrela izan da, ratio berak eduki ditugu hamarkadetan».
Orotara hamabost ikastola daude Nafarroan, eta zazpiri eragingo diete neurriek: San Fermin (Zizur Nagusia), Labiaga (Bera), Tantirumairu (Lesaka), Ibaialde (Lodosa), Lizarra, Baztan (Elizondo) eta Garces de los Fayos (Tafalla). Hasieran, iragarri zuten eskola publikoetan hemeretzi gela itxiko zituztela, baina atzera egin dute azkenean.
Euskararen aurka
Jaiotze tasaren jaitsiera aitzakiatzat hartuta, Artolak eta Sanjurjok uste dute Nafarroako Gobernua ikastolen kontra ez ezik euskararen kontra ere ari dela. Erabaki «politikoa» delakoan dago Artola: «Gure ondorioa da arrazoi politikoak daudela atzetik, eta kaltetu egin nahi dela hamarkadetan euskararen normalizazioaren alde egin dugun lan izugarria. Azkenean, gobernuak mugak jarri nahi dizkio Nafarroan etorkizuna euskaraz eraikitzeari». Bat egin du Sanjurjok ere, eta erantsi Hezkuntza Departamentuaren erabakiak euskarari lekua kentzen diola: «Euskararentzako espazioak galtzen ari gara, eta Nafarroan euskarak dituen espazio guztiak eta gehiago behar ditu, gutxiagotutako hizkuntza batez ari garelako». Hots, euskarazko hezkuntza bultzatu egin behar dela, ez ikasgelak itxi: «Euskarazko hezkuntza babestu, indartu, sustatu eta zabaldu beharko litzateke; neurri hauek kontrakoa egiten dute, eta ezin dira inola ere onartu. Euskara ez da ofiziala Nafarroa osoan, eta neurri hauek larriagotu egiten dute euskararen egoera».
Gainera, nabarmendu dute ikastolen eredua ere bestelakoa dela, eta, hizkuntzari bezala, herriari ere egiten diotela ekarpena. Hori ere galbidean jarri nahi izatea egotzi dio Artolak Nafarroako Gobernuari: «Ikastolek hezkuntzatik haragoko ekarpen soziala egiten dugu. Beti esaten dugu: ‘Herritik eta herriarentzat’. Ukaezina da gure komunitateak kulturan, hizkuntzan eta gizarte gaietan egiten duen ekarpena eta historikoki egin duena. Hizkuntza noski, baina ikastolak hori baino gehiago gara: badaukagu eredu bat, eta eredu hori kaltetuta ateratzen da». Are, Sanjurjok dio «euskal komunitate» osoari kalte egin nahi diotela.
Lizarra eta Lodosa
Zazpi ikastola dira «kaltetuak» eta denak dira «mingarri», baina Artolak Lodosako Ibaialde ikastolaren kasua aipatu du bereziki: «Haur Hezkuntzan itun bakarra du etapa osorako, eta Nafarroako Gobernuak itun bakar hori kentzea erabaki du; horrek ikastola desegonkortasun egoera batean jartzen du». Zergatik? «Esaten dute ez dela bideragarria». Artola ez dago ados: «Uste dugu, ikastola bat bideragarria den ala ez ikusteko ezin direla irizpide ekonomikoak bakarrik aintzat hartu: begiratu beharko da zein funtzio sozial dituen, zein funtzio euskalduntzean, zein funtzio herri dinamikan...».
Lizarrako kasuaz aritu da Sanjurjo: «Oso larria da». Lizarran, ikastolan eta D eredu publikoan soilik ikas daiteke euskaraz. Eskola publikoak 3 urteko umeen 24 matrikula eskaera jaso ditu, eta, ratioa gehienez 23koa denez, bi ikasgela sortu behar ditu; ikastolan 31 ume matrikulatu nahi izan dituzte, eta, itunpekoen ratioa gehienez 25ekoa denez, bi ikasgela sortu beharko lirateke. Alta: «Hezkuntza Departamentuak esan du: ‘Lizarra ikastolan sobera dauden sei ume horiek joan daitezela D eredu publikoko gelak betetzera. Zergatik? Lizarran ezin ditugulako D ereduko lau lerro eduki’». Sanjurjo ez dago ados: «Eta zergatik ez? Gobernuan superabita dago, eta gainera, itxi nahi dituzten gela hauek aurrekontuetan jasota daude. Hau erabaki politiko bat da».
«Ahalegin denak egingo ditugu Nafarroan euskarazko hezkuntzari eusteko eta ikastolak zabalik mantentzeko»
NEKANE ARTOLA Ikastolen Elkarteko lehendakaria
Eta, orain, zer? Bat: «Bide politikoa» jorratzen ari dira, alderdi politikoekin-eta biltzen. Bi: bide judiziala arakatuko dute. Sanjurjo: «Gurea defendatzeko argumentu nahikoa sendoak ditugu». Eta hiru: bide soziala. Artola: «Ikastoletatik erantzun digute aktibazio sozialerako beharra dagoela». Hauxe helburu hartuta, Artolaren hitzetan: «Ahalegin denak egingo ditugu Nafarroan euskarazko hezkuntzari eusteko eta ikastolak bizirik eta zabalik mantentzeko».
«Itunik gabe, gure hezkuntza proiektua arriskuan geratzen da»

Ikastola txikia, landa eremukoa, zenbait adinetako haurrek elkarrekin ikasten dutena. Horrela deskribatu du Karmen Munarriz Garaioa zuzendariak Lodosako Ibaialde ikastola (Nafarroa): «Ikastola oso txikia gara, eta ez dugu inoiz helburu ekonomikorik izan, baizik eta familiei, herriari, kulturari, euskarari, ahalik eta ekarpen handiena egitea». Nafarroako Gobernuak eremu ez-euskalduna deitutako horretan, gainera: «Nafarroako eremu ez-euskaldunean gaude, eta ikastolak lan handia egin du urte askoan euskararen alde».
Orain, baina, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak kendu egin nahi die Haur Hezkuntzarako duten itun bakarra: «Itun hori gabe, gure hezkuntza proiektua arriskuan geratzen da». 3-6 urteko haur guztiak ikasgela berean dituzte, eta horixe dago arriskuan. Ez zuten halakorik espero, «aurreonarpena» jaso baitzuten: «Gure interpretazioa oso argia da: hau hautu politiko bat da. Horrelako erabaki bat abisatu gabe hartzea, irizpideak aldatzea...».
Haur kopuru «txikia» dutela dio Munarrizek, beti ibiltzen direla «mugatik gertu». «Baina orain arte ez dugu arazorik izan». HHko bigarren zikloan, sei ikasle izango dituzte datorren ikasturtean, eta, haur eskolako matrikulei erreparatuta, baikorrak dira, datorren ikasturterako beste sei ume matrikulatu zaizkielako haur eskolan. «Gurean, 3 urteko ume oso gutxi matrikulatzen dira zuzenean: haur eskolan matrikulatzen dira, eta hortik igarotzen dira 3 urtekoen gelara». Pozik daude, beraz, datuekin: «Aurtengo matrikulazioaren balorazio oso ona egiten dugu, baina argi dago guztiok ez dugula modu berean ikusten».
Egun, Lodosan, Angel Martinez Baigorri eskola publikoan ere badago D eredua, baina PAI Ingelesez Ikasteko Programarekin —irakasgai batuk ingelesez ematen dituzte—. Munarriz: «Lodosan, duela 12-13 urte D eredu publikoa ireki zuten. Oso ongi dago euskararen aldeko gero eta eragile gehiago egotea, baina ikastolon proiektua harago doa: euskara kalera ateratzen dugu».
Ikusteko dago zer gertatuko den azkenean itunarekin. Oraingoz, zera soilik jakinarazi du Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilari Carlos Gimenok: Ibaialderi HHko ituna urtebete luzatuko diotela. Munarrizek ikastolen sarearengan du esperantza: «Gure zortea da badaukagula 115 ikastolaren kristoren sarea, eta badakigu ez digutela eskua askatuko».
«Ez daukagu ezer eskola publikoaren kontra, baina guk ikastolara ekartzea erabaki dugu»

Lizarra ikastolako bulego bateko mahai bueltan elkartu dira Imanol Urra, Sandra Beruete eta Natalia Gomez de Segura Casanellas. 3 urteko semea dute Urrak eta Beruetek; 3 urteko alaba Gomez de Segurak. Biak Lizarra ikastolan matrikulatu nahi izan dituzte. Biak gelditu dira kanpoan, beste lau umerekin batera.
Lizarra ikastolak 3 urteko umeen 31 matrikula eskaera jaso ditu. Gehienez, 25 izan ditzakete gela bakoitzean, baina, orain arte bezala adin bakoitzerako bi ikasgelari eutsi beharrean, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak erabaki du gela bakarra izango dutela, eta, horrenbestez, sei umek ezingo dute bertan ikasi. D eredua eskaintzen duen Remontival ikastetxeak 24 matrikula jaso ditu, eta, sare publikoan ikasgelako gehienez 23 ume egon daitezkeenez, bi ikasgela irekiko dituzte.
Beruete hasi da hizketan: «Gure egoera da, agian, guztien artean latzena: bi haur ditugu, biak daude Lizarra ikastolako haur eskolan. Hodeik 3 urte ditu, hiru urte daramatza hemen; bera da haur eskolatik ikastolara sartu ez den haur bakarra». Txikia, 11 hilabetekoa, ikastolako haur eskolan mantenduko dute; zaharrena, beste ikastetxeren batean: «Gure umeari hau ja ezaguna zaio: tokia, jendea... Iraila ailegatuko da, bere ikaskide guztiak eta arreba hemen geratuko dira, eta bera ez. Nola esaten diozu 3 urteko ume bati bere lagun guztiak ikastolan geratuko direla eta bera ez?». Gainera, Berueteren esanetan, kanpoan geratu diren sei familietatik lautan gurasoak Lizarra ikastolako ikasle ohiak dira. Urra: «Nahi dugu ikastolan bizi izan duguna gure haurrek ere bizitzea. Ez daukagu ezer eskola publikoaren kontra, baina guk erabaki dugu Lizarra ikastolara ekartzea».
Gomez de Segura Villatuertan bizi da. Bertan, badago eskola publikoa, baina ez du D eredua eskaintzen. Hortaz, ezinbestean Lizarrara joan behar dute alabak euskaraz ikas dezan: «Lizarra ikastola edo Remontival ikastetxea aukeratu behar genuen. Asko pentsatu dugu, eta, azkenean, ikastolara ekartzea erabaki dugu; gure eskubidea urratzen ari dira».
Desadostasuna adierazi dute bi familiek. Urra: «Lizarra ikastola ez da borrokatzen hemen bi ikasgela eta publikoan bakarra egoteko. Bi eta bi atera dira, eta gure borroka da denari eustea. Sei familia kentzeak dakar ikastolan ikasgela bakarra edukitzea, 25 umerekin; hezkuntza kalitatea okertu egiten da».
Orain bide judiziala baino ez zaie geratzen. Gomez de Segurak azaldu duenez, ikastolak kautelazko neurriak galdegingo ditu. Urra: «Bide judizialera joango dira; gure azken esperantza da».