Atzera, baina ez erabat. Nafarroako Gobernuak iragarri du ez duela Haur Hezkuntzako ikasgelarik itxiko sare publikoan, baina itunpeko eskoletako gelen murrizketari eutsiko diola, aurreko astean iragarri bezala. Hezkuntza kontseilari Carlos Gimenok eman du zuzenketaren berri, Nafarroako Parlamentuko sarreran bilduta zeuden kazetarien aurrean: «Ez da murrizketarik izanen Nafarroako sare publikoko 3 urtekoen ikasgeletan». Esplikatu duenez, departamentuak berriz aztertu ditu matrikulen behin-behineko zerrendak eta ikastaldeen antolaketa, eta erabaki du ikastetxe publikoen banaketa bere hartan uztea, lerrorik murriztu gabe —hasieran, kontseilariak berak iragarri zuen hemeretzi ikasgela kenduko zituztela—. Itunpeko sarean, ordea, hasierako planari eutsiko dio Hezkuntza Departamentuak, eta hamalau ikasgela gutxiago izanen dituzte 2026-2027ko ikasturtetik aurrera. Nafarroako Ikastolen Elkarteak protesta egin zuen atzo Hezkuntza Departamentuaren egoitzaren parean, salatzeko erabaki «arbitrarioa» dela, eta murrizketak euskarari eginen diola kalte batez ere.
Geroa Baik mozio bat aurkeztu zuen Nafarroako Parlamentuan neurria urtebetez geroratzeko, eta aurrera atera zen atzo, EH Bilduren eta UPNren botoei esker. Hala ere, gobernuak baztertu egin du aukera hori, argudiotzat hartuta Hezkuntza Departamentuak eskatutako txosten juridiko bat. Gimenok horren inguruko azalpenak eman ditu gaur. Zehazki, esan du «ezinezkoa» dela gela solteen itunak urtebetez luzatzea: «Legez, eskola itunak bere osoan luza daitezke, baina ez unitatez unitate». Kasu bakarrean onartuko dute geroratzea: Lodosako Ibaialde ikastolan, zentro horrek aurretik egina baitzuen ituna luzatzeko eskaera.
Ikusi gehiago
Hezkuntza kontseilariak berretsi du «irizpide teknikoei» erreparatuta erabaki dutela lerroak murriztea, eta helburutzat hartuta «gobernu itunean jasotako konpromisoak betetzea». Are: ukatu egin du «arbitrariotasunez» jokatu izana: «Demografiaren bilakaeran eta egungo araudian oinarritu gara, besterik ez». Itunpeko ikastetxeen akordioak berritzeko prozedura «legez zehaztua eta itxia» dagoela nabarmendu du Gimenok: «Administrazio prozedura bukatu da, eta jada ezin da aldaketarik egin». Sare publikoan aurreikusita zeuden murrizketetan atzera egiteko motiboez galdetuta, berriz, esan du hasierako iragarpena «behin-behinekoa» zela, eta horren ondoren eginiko azterketei esker hobeki antolatu ahal izan dutela ikastetxe publikoen eskaintza.
«Erasorik ez» euskarari
Iragan astean esan zuen bezala, kontseilariak jaiotza tasaren beherakadan egin du azpimarra, eta jaitsiera demografiko horri aurre egiteko neurri gisa aurkeztu du itunpeko ikasgelen itxiera. Zuzenean esan gabe, onartu du ikastolek hartu dutela kolperik handiena, baina D eredu publikoaren hazkundearekin lotu du hori. Izan ere, Gimenoren ustez, zenbait herritako ikastetxe publikoetan D eredua eskaintzeak eragina izan du eskualde horietako ikastolen matrikulazioan.
Ikusi gehiago
Hori dela eta, ukatu egin du Hezkuntza Departamentua ikastolen kontra aritu izana —«ez da izan inongo erasorik»—, eta argudiatu du «neurri espezifikoak» aplikatu dituela gobernuak, «zentro horietako batzuk zabalik mantentzeko».
Matrikulazioari dagokionez, kontseilariak azpimarratu du ikasle berrien %98,9k ikaspostua lortu dutela lehen aukera gisa markatutako zentroan, eta salbuespen bakarra dagoela: Lizarra ikastolan izena eman ezinik gelditu diren sei ikasle. Iragarri du «egoera aztertzen» segituko dutela aurrerantzean ere, baina itunpeko sarean unitate berririk ireki gabe: «Gobernuak ez du finantzatuko hutsik edo erdi hutsik dagoen ikasgelarik».
Ikastolak: «Bukaeraraino eraman dezala»
Nafarroako ikastolek «harriduraz, kezkaz eta saminez» hartu dituzte Gimeno kontseilariaren hitzak: «Gure susmoak frogatu besterik ez du egin, alegia, ikastolak baztertzeko erabakia arbitrarioa izan dela», adierazi dute ohar batean. Hezkuntza Departamentuari galdegin diote «bukaeraraino eraman dezala zuzenketa», ikastolei dagozkien itunak onartuta: «Berma dezala sareen arteko berdintasuna eta ez ditzala gehiago zigortu ikastola hautatzen duten familiak eta ikastolen komunitatea». Ikastolen elkartearen aburuz, euskarari espazioak kentzea «ez da bidea», ikastolena «Nafarroa osoa euskaraz josten duen hezkuntza sare herrikoia» baita. Ikastolek iragarri dute, halaber, mobilizazioei eutsiko dietela, eta protestak antolatuko dituztela, Nafarroako Gobernuak atzera egin arte: «Ez dugu onartuko gure proiektua eta Nafarroaren euskalduntzea arriskuan jartzea. Gizarte zibilari, euskalgintzari eta hezkuntza komunitate osoari dei egiten diogu gurekin bat egitera, ikastolen eta euskararen defentsan».
Nafarroako Gobernuari eusten dioten taldeen erreakzioa gazi-gozoa izan da. Zurekin Nafarroa koalizioa azaldu da baikorrenik erabakiarekin: Carlos Guzman eledunak gobernua zoriondu du «hezkuntza publikoa blindatzeagatik» eta haren «izaera estrategikoa» azpimarratzeagatik. Geroa Baik, uzkurrago, txalotu egin du ikasgela publikoak ez ixteko erabakia, baina neurri bera eskatu du itunpekoentzat ere: «Positiboa da hezkuntza publikoko gelak ez murriztea, baina Hezkuntza Departamentuak entzun beharko lituzke kaleko aldarrikapenak, eta atzera egin beharko luke itunpeko sareari dagokionez ere», esan du Pablo Azkonak, Geroa Bairen eledunak. Horregatik, datuak «berriro» aztertzeko eskatu dio Hezkuntza Departamentuari: «Ez dezatela gehiago inprobisatu. Atzo ezinezkoa zena gaur posible da partez».