Nafarroako Ingurumen Departamentuak bertan behera utzi du Sarbilgo proiektu fotovoltaikoa

Departamentuak ondutako txostenaren arabera, proiektua ez da bateragarria eremu horretako «ingurumen balioekin», ezta bertako biodibertsitatearekin ere.

Eguzki panelak, artxiboko irudi batean. EDUARDO PALOMO / EFE
Eguzki panelak, artxiboko irudi batean. EDUARDO PALOMO / EFE
maddi iztueta olano
2026ko irailaren 17a
12:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez du aurrera egingo. Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuak bertan behera utzi du Sarbilgo proiektu fotovoltaikoa, iritzita ez dela bateragarria eremu horretako «ingurumen balioekin», ezta bertako biodibertsitatearekin ere. Hala ondorioztatu du proiektuari buruzko txosten batean; hortaz, behin-behinean behintzat, proiektua eten egin beharko dute.

Proiektu horrek Etxauri, Oltza Zendea eta Orkoien herrietako hainbat lursaili eragingo lieke, eta, horren berri eman zutenetik, horren aurka agertu izan dira eremu horretako zenbait biztanle eta talde ekologista. Hain justu, Cabezon de Etxauri Bizirik herri mugimenduak 260 orriko dokumentu bat aurkeztu zion Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuari joan den apirilean; dokumentu horretan 23 helegite jaso zituzten. Gainera, sinadura bilketa bat ere egin zuten dokumentua babesteko: denera, 2.500 sinadura baino gehiago bildu zituzten. 

Talde horien arabera, proiektuak «eraldaketa industrial handi bat» eragingo luke «biodibertsitate handiko» eremu batean, eta auzitan jarri izan dute proiektuaren bidez bultzatu asmo duten ekoizpen energetikoaren eredua. Hain justu, kezka horiek babestu ditu Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuko txostenak.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA